2013-02-25

Laskorain nagusi Mallabiaren aurka, 11-4

Gol festa bikainaz gozatu ahal izan zuten termometroak aurtengoan izan duen mailarik baxuenetik aldenduz Usabalgo kiroldegiko epelera inguratu ziren zaletuek. Kanpoan elur malutak erortzen ziren erritmo berean igo ziren golak markagailura barruan eta 40 minutu zoroen ostean ikastolako mutilak gailendu ziren bizkaitarren aurrean 11 eta 4.

Mallabia gol gehien sartu eta jasotzen dituen taldeetako bat izaki, partida zoroa espero zen eta markagailuak erakusten duen moduan halaxe gertatu zen. Tolosako parrandazale belaunaldi berriaren meka bilakatu den Iruña taberna partidako babeslea izateak ere profezia zirudien eta nola ez, Zumeta “saturday night celebrity”-a izan genuen nahasmenaren erdian izarra bere lau golekin.
Norgehiagoka ordea ez zen azken markagailuak pentsarazi lezakeen bezain erreza izan, horitxoak ia partida osoan aurretik joan baziren ere azken minutuetan soilik handitu baitzen aldea. Partidako lehen minutuan soilik izan ziren aurretik bizkaitarrak, kanpotarren golari segundo gutxitan erantzun baitzion etxekoen alde Etxebek egindako golak.

Erritmo biziz jokatutako lehen 20 minutuetan aukera eta hutsegite asko izan ziren arren Zumetak golak egiteko erakutsitako erraztasunak 5-2 aurreratu zituen etxekoak.
Atsedenaldiaren ostean gidoi berbera izan zuen markagailuak, baloia mugimenduan jarri orduko kanpotarrek egindako golari Etxebek erantzun baitzion berriz ere, 6-3. Aurkariak faltaz aldea murriztu bazuen ere Zumeta eta Jonikoren golek markagailua erabakita utzi zuten, 8-4.

Norgehiagokaren ondarrean atezain jokalariarekin Mallabiak egindako saiakerak ez zuen fruiturik eman, Eñaut, Etxebe eta Ekhik aldea areagotu baitzuten etxekoen saskia 11 golekin bete arte.
Denboraldiko gol errekor berriarekin gustura erretiratu ziren aldageletara Javi eta Aitor prestatzaileak, Aratz, Alonso, Etxebe (3), Ekhi (1), Eñaut (1) -haserako bostekoa- Telleria, Gil, Zumeta (4), Txiki, Joniko (2) eta Koldo jokalariak.

No hay comentarios: