Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 3-5 galdu zuen Santurtziren aurka

Norgehiagoka zaila zuen ikastolako taldeak pasa den jardunaldian, sailkapeneko 4. postuan kokaturik, denboraldi bikaina egiten ari Santurtziren aurka neurtu baitzituen indarrak. Urte luzeetan Nazional B mailan aritutako esperientziadun jokalariei harrobiko gazteak gehituta talde orekatu bezain arriskutsua osatu dute Nerbioi ezkerraldekoek.

Larunbat arratsaldean jokatutako partidarako Txikiren baja izan zuen Aitor prestatzaileak. Bere lekua, Josu Iturralde gazteak hartu zuen, taldea egiten ari den belaunaldi aldaketaren lekuko garbia. Saralegi jubenilak ere protagonismo berezia izan zuen, lehenengo zatian bera izan baitzen horitxoen atea zaintzearen arduraduna. Lan bikaina egindakoa gainera, bizkaitarren sareratze ahalegin guztiak ekidin baitzituen.
Laskorain ere ez zen aurkariaren ate aurrean batere fin ibili ordea eta lehen 20 minutuak lehiatu ostean markagailuan bere horretan mantendu zen, 0-0.
Gol zaparrada bigarren zatian heldu zen, partidaren intentsitateak eraginda nekeak eragin zituen baloi galerak ederki probestu baitzituzten kanpotarrek. Urruntzen asmatu gabeko baloi bat sareetara zuzenduz aurreratu ziren santurtziarrak eta Gil kapitainak bolea dotore batekin markagailua orekatu bazuen ere beste bi jokaldi inozotan 1-3koraino joan ziren kanpotarrak.
Defentsa lerroa aurreratuz ikastolakoek zirt edo zart egin zuten eta Zumetaren asteroko golarekin markagailua estutu bazuten ere ustekabeko arerioa izan zuten horitxoek. Ezer ez zuten bi jokalditan txartel bana aterata Gil kapitaina kaleratu eta taldea 5 faltekin utzi zuen epaile agurgarriak. 3 jokalarirekin ahalegin eskerga egin zuen taldeak markagailuari eusten baina txistulariaren laguntzarekin berriz ere 4. gola lortu zuten kanpotarrek.
Azken 2 minutuetan amorrazioz jokatu zuten etxekoek atezain jokalariarekin, baloia ederki mugituz eta Telleriak 3-4koa ere egin zuen jokaldi polit batean. Ahaleginak ahalegin, etxekoek ez zuten gol gehiago egiteko zorterik izan eta santurtziarrek azken segundoan egindako golak markagailua itxi zuen, 3-5.
Aste honetako porrota lehen-bailen ahaztu eta datorren astean izango den tolosarren arteko derbyari begira erretiratu ziren Javi eta Aitor prestatzaileak, Saralegi, Alonso, Gil, Vazquez, Iturralde, Telleria, Zumeta, Joniko, Etxebe, Ekhi eta Endika jokalariak.
Harrobiari dagokionez aldiz albiste paregabeak izan ditugu, Santxo Panzaren denboraldi hasierako astoak, lasterketetako zaldien abiadura hartu eta sailkapenean gora eta gora jarraitzen baitu. Aste honetan Zurt tabernaren aurka 4-3 nagusituta sailkapeneko 3. posturaino igo dira etorkizuneko Laskorain osatzen ari diren mutilak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]