Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 6-2 irabazi zion Billabonako Egintzari

Egintzako billabonatarren bisita hartu zuen Laskorainek joan den asteburuan. Usabalera bildutako zaletuek derbi haundi bat ikusteko itxaropena bazekarten ere derbia dizdirarik gabekoa eta jokoz erabat antzua suertatu zen. Hori bai, horitxoei gutxienez garaipenaren hiru puntuen aho zapore eztia gelditu zitzaien amaieran, 6-2 irten ziren eta garaile.

“Bizilagunen arteko demak, erantzunkizunagatik edo porrotaren beldurragatik, urduritasun eta tentsio handien eragile bihurtzen dira maiz” zioen norbaitek Usabalgo harmailetan neurketa hasi eta minutu batzutara. Kantxa gainean gertatzen ari zena zuen noski adibiderik aproposena. Baloi jabetza eta joko ekimena inorrena ez, bi taldeak jokoa ezin josirik ziruditen eta hutsak eta baloi galerak ziren partidaren ezaugarri nagusi.

Zorionez, golak ikusteko parada behintzat izan zuten gerturatutakoek, 8 goletako sorta ederra alegia. Hauxe izan zen hain zuzen, ate aurrean azaldutako punteria, partida erabakiko zuena eta gol hauen kontakizuna egitea da partidaren kontakizunik zuzenena.

Lehenengoa bisitariek egin zuten ezustean, baina Aitorren mutilek atsedenaldiaren aurretik eman zioten markagailuari itzulipurdia Zumeta “celebrity” mediatikoak eta Gil TDI kapitainak sartutako golei eskerrak. Merezimendurik gabeko eraginkortasuna.

Aldageletatik bueltan ikastolakoen hirugarrena etorri zen, arratsaldeko onena, Joniko “Billy the kid” pistoleroaren tiro bikain bat, eta partidaren bilakaerarekin konforme ez eta Egintzakoen entrenatzaileak atezain jokalaria kantxaratu zuen amaierarako hamar minuturen faltan. Espero bezela honek gol aukerak biderkatu zituen bi taldeentzat, baina golak etxekoen alde erori ziren 6 eta 1ekoraino, Gilen eta Etxebe “Billy the kid II”ren eskutik (2 gol azken honek). Partidaren hondarren egin zuten bisitariek beraien bigarrena.

Hiru puntu berri hauekin Laskorainek zazpigarren darrai sailkapenean, oraindik ere beste posturen bat eskalatzeko helburuak hortxe jarraitzen duelarik. Aurten horitxoen taldean egon den belaunaldi aldaketa kontutan hartuta ez legoke batere gaizki, postu hobekuntza Txiki Khedirari eskeintzeko opari ederra litzatekeelarik gainera. Iñigok Erasmusa dela eta larunbatean jokatu zuen denboraldi honetako azken partida zamarra horitxoarekin eta Poloniara doa denbora baterako.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]