2013-04-30

Laskorainek 4-5 galdu zuen Inter Ederren aurka

Joan den asteburuan Urretxun garaipen bikaina lortu eta gero, etxean jokatu beharreko beste derbi berri bat egokitzen zitzaion Laskoraini Donostiako Inter Eder Kafetegiaren aurka. Bi taldeak aspaldidaniko ezagunak dira, eta donostiarrek azken urteetan zenbait gorabehera jasan arren, badirudi berriro ere Hirugarren mailan zurruntzeko asmotan direna eta aurtengoan denboraldi txukuna burutzen ari dira sailkapeneko postu erosoetan kokaturik bukatuko duelarik urtea segurtasun osoz.
 
Lehen zati benetan kaxkarra burutu zuten horitxoek bere horretan egon zelarik partidaren gakoa, hankak lurrari itsatsia eta erosotasuna aurkitu ezinik 0-4 aurreratu ziren donostiarrak merezimendu osoz eta neurketa maldan gora jartzeaz gain markagailu iskanbilatsu bat jasotzeko arriskuarekin erretiratu ziren aldageletara Aitorren mutilak.

Bigarren zatia ez zen modu hobean hasi eta kanpotarrek 0-5-eko gola egin bezain pronto Aitor entrenatzaileak fitxak mugitzeko erabakia hartu zuen. Minutu luzeak jokatzeke oraindik eta atezain jokalariaren taktika ipini zuten martxan ikastolakoek. Banan-bana eta emeki-emeki golak erortzen hasi ziren Interrekoen sarean, Telleria, Joniko, Etxebe eta Gilek markagailuaren aldea 4-5-ekoraino murriztu zuten eta berdinketa lortzeko puntuan ere izan genituen tolosarrak baina behar adina zorterik ez eta txirrinak norgehiagokaren amaiera adierazi zien jokalari eta Usabalgo polikiroldegira gerturatutako zaletu guztiei.

Hasieran oparitutako minutu exkax larregiren ondorioz, 0-5-eko partzial astunari buelta ematea ia ezinezkoa da eta bestelako ondoriorik atera nahi izatea bide okerretik eginiko azterketa litzateke. Datorren astean jai izango du taldeak, duela hilabete batzuk bajan emandako Sestaoren aurka jokatzea egokitzen bait zitzaion Laskoraini eta beraz datorren larunbateko 3 puntuak zihurtatuak daude horitxoentzat jokatzeko beharrik gabe.

Larunbatean Usabalen Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Gil, Etxebe, Josu, Vazquez, Joniko, Telleria, Zumeta, Ekhi eta Aratz izan ziren. Filialari dagokionez Santxoren mutliek 6-5 galdu zuten Legorretako Bilkoinen aurka.  Maiorgaren gazteek behintzat 5-5 berdinketa lortu zuten Billabonan Egintzaren aurka.

No hay comentarios: