2013-05-21

Infantil mutilak Gipuzkoako txapeldun

Pasa den larunbata goizean, Ibarrako Belabieta kiroldegian, jokatu ziren areto futbol oinarriko mailetako Finalak. Bertan, Laskorain Iksatolako infantil mutilak txapelketa ikusgarri bati ginga jartzearren Eskoriatzeko Arizmendi izan zuten aurkari eta modu ikusgarri batean gailendu zitzaion azken 7-1eko emaitzarekin.

Liga erregularra guztian 2 partida galdu eta bakarra berdinduta, gainontzekoetan egundoko nagusitasuna erakutsi dute horitxoek, 18 jardunaldietan 158 gol (bataz besteko ia 9) eginda eta, hori gutxi balitz, txapelketarako play off-ean, final erdietako bi partidatan The English School-i 20-3ko emaitza orokorra endosatu zion (2-10 Donostian eta 10-1 Usabalen).


Txapeldunen argazkian (Argazkia: Maiorga), ezkerretik eskuinera: Joseba Sagastume, Iñigo Zabala, Sidney Goenaga, Ariane Bujanda (entrenatzailea) eta Beñat Ezenarro (goran). Xanet Egiguren, Mikel Iturrioz, Asier Ayerza eta Jonathan Fernandez (beheran).

Zorionak!!!

2013-05-20

Laskorainek seigarren postuan amaitu du txapelketa azken jardunaldian Buruntzari 7-3 irabazita

Joan den asteburuan amaitu zen 2012/2013 denboraldiko 3. mailako areto futbol txapelketa. Laskorainek Buruntza-Aldaz talde lasartearraren bisita hartu zuen eta ez zuen kinka edo estutasun larriegirik pairatu txapelketako atzeneko hiru puntuak poltsikoratzeko. Horitxoek 7 eta 3 nagusitasunez gainditu zituzten bisitariak.

Garaipen honekin Aitorrek zuzendutako taldeak seigarren postu itxurosoan bukatu du sailkapenean, denboraldi guztian zehar okupatu duen posturik hoberenean hain zuzen, eta hau taldeak izan duen bilakaera egokiaren adierazgarri da ezbairik gabe.

Hastapenean pilatutako arazoei -2.B mailatik jaitsi izanaren kolpea, estraineko emaitza zalantzagarriak, baja garrantzitsuak etabar- ezin hobeto egin die aurre ikastolakoek, gogotik lan eginaz entrenamentuz entrenamentu astea joan astea etorri, eta laskoraindar guztioi amaieran gelditu zaigun aho zapore gustagarria da honen sari.

Aurtengo urteak bestalde jokalari belaunaldi berri bati ongi etorria emateko balio izan du, egoerak baldintzatuta -Lander eta Murgiren baja luzeak, Gil eta Txikiren baja motzagoak- jokalari multzo berri bat txertatu baita nazional mailako plantillan. Harrobiko Aratz, Saralegi, Vazquez, Iturralde, Zumeta, Manso eta Balerdi jokalari gazteek minutu asko izan dituzte kantxa gainean, bikain baliatu dituztelarik.

Honen errudun nagusi, gazteak bezainbeste ala gehiago, jada eskarmentu handia duten beste taldekideen portaera izan da. Iaz 2.B mailan arituak ikusgarria izan da Endika, Telleria, Zubillaga, Alonso, Otxoa eta Etxeberen konpromezu eta adibidea hain erakargarri ez zitzaien 3. mailan. Txalogarria.

Azken partidan ere beterano eta gazteagoen nahasketa  bikaina suertatu zen. Lehen erdian lasartearrak 0-2 eta 2-3 aurreratu arren, horitxoek partidari argi eta garbi eman zieten itzulipurdia Lionel Zumeta izan zelarik protagonista nagusi. Atsedenaldiaren aitzinetik hiru gol sartu zituen, hirunakoa ipiniaz, eta bigarren zatian Otxoa, Gil eta Zubillaga beteranoekin batera gol bat gehiago sinatu zuen behin betiko 7-3 ekarriaz.

Aurtengo lanaren etekin, oparoa behar luke Laskorainen etorkizun hurbilak, eta meritua Javi delegatuarena, Aitor eta Javi prestatzaileena eta Endika, Aratz, Saralegi, Telleria, Alonso, Gil, Lander, Murgi, Txiki, Otxoa, Etxebe, Zubillaga, Vazquez, Iturralde, Manso, Balerdi eta Zumeta jokalariena da.