2013-09-30

Laskorainek 1-4 irabazi zuen Mallabiaren aurka

Ordutegiaren aldrebeskeriak direla eta, igandean arratsaldeko bostetan jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini aurtengo ligako bigarren jardunaldian, etxetik kanpo eta lurralde bizkaitarrean gainera. Joan den astean Usabalen gol sorta oparoa jaso eta gero, ontzia zuzendu eta lehen garaipena eskuratzeko asmotan igo ziren autobusera Aitorren mutilak aurreko jardunaldian ere porrotean eroritako Mallabiaren aurka indarrak neurtu beharrean.

Belaunaldi aldaketa berria jasaten ari da taldea eta jokalari gazte ugariren egonkortasuna zihurtatzeko ardura garrantzitsua izango du Aitor entrenatzaileak urte osoan zehar. Horrelako buruz-burukoak beti izan ohi dira interesgarriak bakoitzak gaurtik aurrera eta etorkizunera begira eman dezakeen etekinaren azterketa gisa eta jokalariek ez zuten huts egiteko asmorik agertu. Seriotasuna, lana eta adimena ipar izar moduan izanik, aurkariaren gainetik pasa ziren zapalgailu bat bailiran beharrezko bezain garbia izandako garaipen zabal bat eskuratuaz.

Markagailuan aurreratu ziren tolosarrak estrategiako falta batean Murgiren bitartez eta etxekoen berdinketari Alonsok emango zion arrapostua1-2-koarekin amaitu zelarik lehen zatia, itxura onarekin eta atzean sendotasun aparta erakutsiaz, lan bikaina betetzen ari ziren horitxoak Javiren aginduetara zonakako defensa zurrunean.
Bigarren erdian Alonsok aldea areagotu zuen eta azken minutuetan bizkaitarrek atezain jokalariarekin egindako saiakera antzuan Zumetak 1-4-ko azken emaitza itxiko zuen 30 segunduren faltan.
Joan den astean jasotako kolpe gogorrari ezin hobeto erantzuten jakin dute ikastolakoek eta aurtengo lehen 3 puntuak poltsikoan dira dagoeneko piztu liratekeen zalantza guztiak kolpetik uxatu dituen lan bikainari esker.
Datorren jardunaldian Tolosalaren aurka jokatuko du taldeak eskualdeko areto futbolaren festa izango denaren neurketa berri batean, Usabalgo harmailak beste behingoz beteko direnaren esperoan, igandean irekitako bideari jarraipena ematea izango da epe motzerako helburua.
Igandean Zaldibarren Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Aratz, Murgi, Gil, Joniko, Alonso, Zumeta, Etxebe, Mendizabal, Balerdi, Manso eta Iker izan ziren garaipenaren protagonista nagusiak. Aratz eta Iker atezainek zati bana jokatu zuten lan txukuna beteaz biek ere.

2013-09-23

Porrot batekin hasi zuen Laskorainek denboraldi berria

Zapatuko arratsalde eguzkitsuan ekin zion Laskorainek 2013-2014 denboraldi berriari. Usabalen jokatu zuten horitxoek aurreneko partida, Billabonako Egintzaren bisita hartu zutelarik, eta gauzak ez ziren batere ondo irten ikastolako mutilentzat. Hiru puntuek bizilagunen zorroan amaitu zuten eta 5-10ko azken emaitza biziki da esanguratsua eta mingarria.

Gauza jakina da konplexua gertatu ohi dela txapelketaren estreinaldia. Expektatiba berrituek erantzunkizuna eta ilusioa ekarri ohi dute, aurrendenboraldiko saio astunen nekeak kezka eta jokalarien arteko rol banaketa berriak urduritasuna eta zalantzak. Osagai guzti hauek nahasten dira debuteko koktel beti ere mikatzean. Imajina norberaren kantxan derbi batekin hasitakoan.

Horitxoek gainera partida atariko astea aldrebesa izan zuten, Murgi eta Etxebe ikuituta ezin entrenatu, baina baikortasunari eutsi nahi zioten. Neurketako lehen erdian, nola jokoa nola markagailua orekatuak izan genituen: bisitarien 0-1ekoari Murgik banakoarekin erantzun zion baina azken hondarrean, ia aldagela bidean, errebotez aurreratu ziren berriro Egintzakoak.

Berragerpenean bigarrengoz berdindu zuten partida Aitorren mutilek, Jonikok penaltiz, baina jokaldi honen ostean etorri zen hondamendia. Zorigaiztoko lau minututan billabonatarrak 2-6 ipini ziren, atezain jokalaria atera beste erremediorik ez zelarik gelditu. Honelaxe erori ziren gainerako gol guztiak, 5-10eraino, etxekoenak Jonikok beste bat eta Zumetak bi sinatu zituztelarik.

Porrota porrot, txapelketa jaio besterik ez da egin eta 27 jardunaldi daude aitzinean parez pare. Arreta osoa bertan ipini beharko dute tolosarrek, asteburu honetako jardunalditik hasita. Bizkaiara bidaiatuko dute, Mallabia nekazal herri ttipira eta samurra izango ez bada ere, puntuak poltsikeratzeak izan behar du jomuga.

Usabalen oso mikatza egin zitzaien txapelketa debuteko koktela Javi delegatuari, Aitor entrenatzaileari eta Aratz, Alonso, Gil, Josu, Zumeta –haserako bostekoa-, Lakun, Murgi, Joniko, Manso, Balerdi, Etxebe eta Endika jokalariei. Azken honek sorbaldan min hartuta erretiratu behar izan zuen, baina zorionez ez du garrantziko ezer.

2013-09-19

Denboraldi berrirako prest da Laskorain K. E.

Hilabete pasatxoko entrenamendu gogorren ostean, larunbat arratsaldean Usabal kiroldegian jokatuko duen norgehiagokarekin ekingo dio denboraldi berriari Laskorainek. Azken urteotan ohikoa den derby bat errepikatuko dute ikastolako taldeak eta Billabonako Egintzak arratsaldeko 4tan.

Aurretik baina, lehiaketaren erritmoa hartzen joateko izan du aukerarik beste urtebetez Aitorren gidaritzapean jarraituko duen taldeak. Aurre-denboraldiko lehen partidan Tolosako Orixeren aurka garaipen argia lortu zuen, 10-0. Prestaketako zitarik zailenean ordea, 2-7 galdu zuen mailaz igo eta fitxaketa bikainak egin dituen Laubururen aurka. Azkenik, maila berean arituko den Zarautzen kontra konfiantza gorenean ipini duen 3-9ko emaitza bikaina lortu zuen talde horitxoak.

Jokalarien artean izan da aldaketarik, Laskoraini urte bikainak eman dizkien Beñat Telleria, Ekhi Zubillaga, Iñigo Belloso eta Lander Camiok taldea utzi dute. Baja hauei europako neskatilak ezagutzera joan den Eñaut Vazquez ikaslea ere gehitu behar zaie. Harrobiko jokalarien etorrera etengabea dugu baina ikastolan eta Aratz, Iker, Beñat Balerdi, Josu, Manso eta Zumeta lehen taldeko jokalari izatera pasatuko dira. Gaztetxo talde honetaz gain Iñigo Lakunza “Lakun” (Plomix) eta Arkaitz Mendizabal “Mendi” (Tolosa CF) jokalariak fitxatzea lortu du taldeak.

Modu honetan, Aitor prestatzailearen esanetara ondorengo mutil kuadrila izango dugu aurtengoan: Endika, Aratz eta Iker; Gil, Beñat Balerdi, Mikel Alonso, Etxebe, Murgi, Josu, Manso, Arkaitz Mendizabal, Iñigo Lakunza, Zumeta eta Joniko.

Larunbatean hasiko den ligako aldaketei dagokionez, Ibarrako bizilagunak eta Santurtziko taldea izan dira igoera lortu eta maila bat gorago arituko direnak. Sestao eta Gernikako Gora izan ziren aldiz, maila eutsi ez ziotenak. 4 talde gutxiago eta horien partez Euskal Ligatik Sasikoa, Elorrioko eta Uxoa igo dira, 3 talde. Beraz, multzoa 15 taldeekin gelditu eta atsedenaldia egongo da bi jardunalditan.