Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Porrot batekin hasi zuen Laskorainek denboraldi berria

Zapatuko arratsalde eguzkitsuan ekin zion Laskorainek 2013-2014 denboraldi berriari. Usabalen jokatu zuten horitxoek aurreneko partida, Billabonako Egintzaren bisita hartu zutelarik, eta gauzak ez ziren batere ondo irten ikastolako mutilentzat. Hiru puntuek bizilagunen zorroan amaitu zuten eta 5-10ko azken emaitza biziki da esanguratsua eta mingarria.

Gauza jakina da konplexua gertatu ohi dela txapelketaren estreinaldia. Expektatiba berrituek erantzunkizuna eta ilusioa ekarri ohi dute, aurrendenboraldiko saio astunen nekeak kezka eta jokalarien arteko rol banaketa berriak urduritasuna eta zalantzak. Osagai guzti hauek nahasten dira debuteko koktel beti ere mikatzean. Imajina norberaren kantxan derbi batekin hasitakoan.

Horitxoek gainera partida atariko astea aldrebesa izan zuten, Murgi eta Etxebe ikuituta ezin entrenatu, baina baikortasunari eutsi nahi zioten. Neurketako lehen erdian, nola jokoa nola markagailua orekatuak izan genituen: bisitarien 0-1ekoari Murgik banakoarekin erantzun zion baina azken hondarrean, ia aldagela bidean, errebotez aurreratu ziren berriro Egintzakoak.

Berragerpenean bigarrengoz berdindu zuten partida Aitorren mutilek, Jonikok penaltiz, baina jokaldi honen ostean etorri zen hondamendia. Zorigaiztoko lau minututan billabonatarrak 2-6 ipini ziren, atezain jokalaria atera beste erremediorik ez zelarik gelditu. Honelaxe erori ziren gainerako gol guztiak, 5-10eraino, etxekoenak Jonikok beste bat eta Zumetak bi sinatu zituztelarik.

Porrota porrot, txapelketa jaio besterik ez da egin eta 27 jardunaldi daude aitzinean parez pare. Arreta osoa bertan ipini beharko dute tolosarrek, asteburu honetako jardunalditik hasita. Bizkaiara bidaiatuko dute, Mallabia nekazal herri ttipira eta samurra izango ez bada ere, puntuak poltsikeratzeak izan behar du jomuga.

Usabalen oso mikatza egin zitzaien txapelketa debuteko koktela Javi delegatuari, Aitor entrenatzaileari eta Aratz, Alonso, Gil, Josu, Zumeta –haserako bostekoa-, Lakun, Murgi, Joniko, Manso, Balerdi, Etxebe eta Endika jokalariei. Azken honek sorbaldan min hartuta erretiratu behar izan zuen, baina zorionez ez du garrantziko ezer.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]