2013-11-26

Garaipen garrantzitsua Laskorainek (2-5)

Azken bi asteetako porrot mingarriak alde batera utzi eta jokoan zeuden 3 puntuak lortzeko intentzioarekin egin zuen Aitorren taldeak bidaia Santurtzira sailkapeneko posizio erosoan aurkitzen den San Jorge taldea bisitatuz.

Laskoraini interesatzen ez zitzaion joan etorriko jokaldiekin hasi zen partidua, etxeko taldea intentsitate handiarekin atera zen eta horitxoen lehen minutuetako kontzentrazio faltaz baliatuz, hegaletik hasitako jokaldi batetan baloia ondo mugituaz markagailuan aurreratzea lortu zuen. Aitorren mutilek ez zuten partiduan sartzea lortzen, aukera batzuk sortzen zituen baina bizkaitarrak ziren partiduaren jabe. Andoni Zumetak, jasotako kolpe baten ondorioz kantxa utzi behar izan zuen tolosarren urduritasuna areagotuz, baina kolpea ezerezean geratu zela ikustean berdinketaren golaren bila jarraitu zuen taldeak.
Jokoak modu berean jarraitu zuen minutu luzeetan zehar, eta honela, San Jorge-ren beste jokaldi on baten ostean, jokalari bat Aratz “Iruñako David Guetta”-ren aurrean bakarrik geratu eta ixkin eginez markagailuan 2-0koa jarri zuen. Bazirudien emaitza honekin joango zirela laskoraindarrak aldageletara baina 3 segundu falta zirela Etxebek aldaratze batean 2 eta 1koa egin zuen, etxeko taldean urduritasuna sortuaz.
Atsedenaldian izandako hizketaldiak bere fruituak eman zituen eta bigarren zatiaren hasiera erabat ezberdina izan zen, horitxoek euren kasta atera zuten eta lehen 5 minutuetan markagailuari buelta ematea lortu zuten 2 eta 3koa ezarriz. Laskoraindarren 2.gola Lakun berlindarrak egin zuen 2 arerio ederki saihestuz eta ateazain aurrean ondo baino hobeto bukatuaz. Hirugarren gola Andonik gauzatu zuen, Manso eta Etxeberen kontraeraso bikain baten ondoren bigarren postean baloia bultzatuaz.

Laskorain taldea partidua kontrolatzen hasi zen, eta etxeko taldea erasoan ari zen jokaldi batetan, arratsaldeko protagonista bihurtu zen Etxebe “Catanha-k” baloia lapurtu eta 2-4 koa sareratu zuen ateazainaren aurrean maisuki bukatuaz. San Jorgek, zirt edo zart egitekotan atezain jokalaria kantxaratu eta arriskua sortzea lortu zuen, baina 2 minutu falta zirela jokalari batek bigarren zutoinera zijoan baloi bat eskuz jo eta bigarren txartel horia ikusiaz bere taldea jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen. Jokalari bat gehiagorekin horitxoak arratsaldeko beraien bostgarren gola egin zuten Gil kapitainaren bitartez, markagailuan 2-5eko azken emaitza utziaz. Garaipen honen ostean sailkapeneko 5. postuan kokatzen dira Laskoraindarrak liderratik 2 puntura.

Larunbatean Santurtzin, Aratz, Alonso, Gil, Murgi, Zumeta –haserako bostekoa- Endika, Balerdi, Etxebe, Lakun, Manso eta Josu jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua egon ziren.

2013-11-19

Bigarren porrota jarraian Laskorain taldearentzat (4-5)

Lehengo asteko porrota ahazteko asmoz kantxaratu ziren horitxoak Usabal kiroldegira larunbat arratsaldean. Bertan, Lasarteko Aldaz talde gogorra gainditzea suertatzen zitzaion etxeko taldeari eta ez zuen  lider jartzeko aukera paregabea pasatzen utzi nahi.

Hori dela eta, gogotsu ekin zioten norgehiagokari Aitor Garcia “paparazzi”-ren mutilek eta berehala eman zuen fruitua astean zehar landutako estrategiak, izan ere ongi diseinatutako jokaldi baten ostean iritsi zen partiduko lehen gola. Etxebek bikain ateratako falta bati amaiera paregabea eman zion Andonik, baloia sare barrura bidaliz.
Ohikoa den bezala, denboraldi txukuna egiten ari den talde lasartearra ez zen kikildu eta kontraeraso batean markagailuan berdinketa ipintzea lortu zuen. Hala ere, atsedenaldirako minutu pare bat geratzen zirenean Zumetak hain gustuko duen bigarren zutoinean arratsaldeko bigarren gola sartu zuen eta honela joan ziren protagonistak aldageletara.

Bigarren zatia hasi bezain laster, Murgi eta Gil kapitainaren jokaldi ezinhobe bati bukaera dotorea eman zion azken honek eta bi golera handitu zen aldea etxeko taldearentzat; baina aurtengo denboraldian tolosarrek partiduak erabakita uzteko erakusten ari diren ezintasuna agerian utziz, partidua amaierara arte ez zela erabakiko argi zuten Usabalera gerturatu ziren tifosi horitxoak. Horrela izan zen, izan ere 12 minutu faltan kanpoko taldeak bigarren gola sartu zuen kontraeraso azkar batean.
Hala ere, laskoraindarrak ez ziren atzean geratu eta Etxebe “Hermano mayor”-ek burututako jokaldi apart baten ostean, larunbat gauetan bezain generoso egon zen,  Andoniri hat-trick-a oparituaz.

Baina ondoren, arratsaldeko minutu tragikoenak iritsi eta zaleen uste okerrenak suertatu ziren. Lehenbizi,talde bisitariaren hirugarren gola iritsi zen jokaldi nahasi batean eta  segidan atezain-jokalariarekin berdinketako gola lortuko zuten bi minuturen faltan. Hau ikusita, entrenatzaile horitxoak atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuen eta lehenengo erasoaldian galdutako baloi baten ostean 4 eta 5-ekoa iritsi zen. Honela, bigarren porrota jarraian iritsi zen etxekoentzat eta denboraldi hasierako dinamika onari amaiera eman zitzaion.
Larunbatean, Endika, Aratz, Alonso, Gil, Murgi, Etxebe, Josu “Miri”, Lakun, Arkaitz, Joniko eta Andoni jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua egon ziren Usabalen. Hemendik, eta elkartearen izenean, azken honi zoriondu nahi zaio, atzo bere urtebetetzea izan baitzen.

2013-11-11

Esku hutsik itzuli zen Laskorain Mons kiroldegitik (4-3)

Etxetik kanpo jokatu beharreko urteko kantxarik zailenetako batean jokatzea egokitu zitzaion talde horitxoari eta ezin izan zuen punturik eskuratu. Inter Intxaurrondok partidu txukuna egin ostean merezimenduzko garaipena lortu zuen.

Oso parekatsua hasi zen norgehiagoka, bi taldeek izan zuten baloiaren jabetza, erasoaldi oank sortuaz. Hauetako bat aprobetxatuz, Laskorainek arratsaldeko lehen gola sareratu zuen. Atzetik hasitako jokaldi batean, baloia Jonikoren oinetara iritsi, aurkako aldean Lakun bakarrik zegoela ikusi eta pase ona eman ostean, honek urrutiko jaurtiketa gogor batekin etxeko taldearen atea zulatu zuen.

Talde horitxoa partiduaren jabe egingo zela zirudien, baina Inter ez zen kikildu eta alboko sake batean hasi zen jokaldian, eta urrutiko beste jaurtiketa batekin, banakoa jarri zuen markagailuan.

Gol honek etxeko taldea animoz bete zuen eta honela baloia azkar mugitutako jokaldi batean lehenengo eta kontraerasoko beste batean bi gol eginaz, 3-1 aurretik jartzea lortu zuen. Beraz, maldan gora jarri zitzaion partidua Laskoraini, baina atsedenaldiaren aurretik, aurkariaren ate inguruan presio on bat eginda, Arkaitz "break dancer"-ak baloia bikain lapurtu eta Zumeta "loving you"-ri pasea eman ondoren, atezainaren aurrean bakarrik utzi zuen. Honek, atezaina gainditu eta 3-2koa igo zuen.

Atsedenaldia eta gero tolosarrek partiduaren bila joateko asmoarekin atera eta aurkariaren kantxa aldean eginiko presioarekin horitxoen minuturik hoberenak ikusi ziren. Baina defentsan aldentzea lortu ez zuen baloi bat aprobetxatuz, Interrek bere laugarren gola lortu zuen.

Denbora aurrera zihoan eta markagailuak bere horretan jarraitzen zuen. Laskorainek arrisku handirik sortzen ez zuela ikusirik, larunbat gauean aluminiozko takoekin atera zen Aitor entrenatzaileak, atezain jokalaria ateratzeko erabakia hartu zuen bost minutu faltan. Honela, taldeak bikain mugitutako jokaldi batean, aldea murriztea lortu zuen berriro Zumetaren eskutik.

Nahiz eta erasoan jarraitu, etxeko taldeak lan ona egin zuen defentsan eta ez zuen arrisku handirik pairatu azken segundurarte. Partidua amaitzen ari zela, hamar metroko jaurtiketa abagunea izan zuten tolosarrek, baina ez zuten asmatu eta 4-3ko azken emaitzarekin amaitu zen partidua.

Larunbat arratsaldean Donostian, Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Alonso, Murgi, GIl -haserako bostekoa-, Aratz, Beñat, etxebe, Manso, Lakun, arkaitz eta Joniko izan ziren protagonistak.

Beste garaipen garrantzitsu bat laskoraindarrentzat (6-2)

Aste honetan zubia zegoenez, ostiralean izan zen Laskorain eta Uxoa FS taldeen arteko partidua. Tolosarren helburu nagusia, beraien lidergoa defendatzeaz gain, hiru puntuak etxean geratzea zen. Baina horretarako talde gogorra zuten aurrean, iazko sasoian Euskal Ligatik igotako boteretsuenetako bat, Uxoa arabarra.

Arratsaldeko lehen gola Etxebek sartu zuen area barnean jasotako errebote baten ostean. Joko polita erakusten ari ziren etxekoak eta horren erakusgarri garbia izan ziren Gilek sartutako ondorengo bi golak.

Kanpotarrak, ordea, ez ziren kikildu eta, atsedenaldira iritsi baina lehen, beraien lehen gola egin zuten.

Bigarren zatia ederki hasi zen berriro ere horitxoentzat, Mansoren bitartez laugarren gola egin baitzuten. Arabarren erantzuna, berriz, azkarra izan zen eta konturatzerako 4-2koa igo zuten markagailuan.

Orduan bizi izan ziren arratsaldeko momenturik zailenak tolosarrentzat, baina Manso, berriro ere, eta Lakun "Maritxu"-ren bi golen bitartez, azken emaitza izango zen 6-2koa eta lasaitasuna ezarri zituzten Usabalgo kiroldegian.

Ostiral goizez, Aitor eta Javi entrenatzaileak, Javi delegatua, Aratz, Etxebe, Gil, Beñat eta Joniko -haserako bostekoa-, Lakun, Josu, Manso, Zumeta, Endi eta Michael "Mendi" Jacksonek sendotu zuten lidertza.