Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Bigarren porrota jarraian Laskorain taldearentzat (4-5)

Lehengo asteko porrota ahazteko asmoz kantxaratu ziren horitxoak Usabal kiroldegira larunbat arratsaldean. Bertan, Lasarteko Aldaz talde gogorra gainditzea suertatzen zitzaion etxeko taldeari eta ez zuen  lider jartzeko aukera paregabea pasatzen utzi nahi.

Hori dela eta, gogotsu ekin zioten norgehiagokari Aitor Garcia “paparazzi”-ren mutilek eta berehala eman zuen fruitua astean zehar landutako estrategiak, izan ere ongi diseinatutako jokaldi baten ostean iritsi zen partiduko lehen gola. Etxebek bikain ateratako falta bati amaiera paregabea eman zion Andonik, baloia sare barrura bidaliz.
Ohikoa den bezala, denboraldi txukuna egiten ari den talde lasartearra ez zen kikildu eta kontraeraso batean markagailuan berdinketa ipintzea lortu zuen. Hala ere, atsedenaldirako minutu pare bat geratzen zirenean Zumetak hain gustuko duen bigarren zutoinean arratsaldeko bigarren gola sartu zuen eta honela joan ziren protagonistak aldageletara.

Bigarren zatia hasi bezain laster, Murgi eta Gil kapitainaren jokaldi ezinhobe bati bukaera dotorea eman zion azken honek eta bi golera handitu zen aldea etxeko taldearentzat; baina aurtengo denboraldian tolosarrek partiduak erabakita uzteko erakusten ari diren ezintasuna agerian utziz, partidua amaierara arte ez zela erabakiko argi zuten Usabalera gerturatu ziren tifosi horitxoak. Horrela izan zen, izan ere 12 minutu faltan kanpoko taldeak bigarren gola sartu zuen kontraeraso azkar batean.
Hala ere, laskoraindarrak ez ziren atzean geratu eta Etxebe “Hermano mayor”-ek burututako jokaldi apart baten ostean, larunbat gauetan bezain generoso egon zen,  Andoniri hat-trick-a oparituaz.

Baina ondoren, arratsaldeko minutu tragikoenak iritsi eta zaleen uste okerrenak suertatu ziren. Lehenbizi,talde bisitariaren hirugarren gola iritsi zen jokaldi nahasi batean eta  segidan atezain-jokalariarekin berdinketako gola lortuko zuten bi minuturen faltan. Hau ikusita, entrenatzaile horitxoak atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuen eta lehenengo erasoaldian galdutako baloi baten ostean 4 eta 5-ekoa iritsi zen. Honela, bigarren porrota jarraian iritsi zen etxekoentzat eta denboraldi hasierako dinamika onari amaiera eman zitzaion.
Larunbatean, Endika, Aratz, Alonso, Gil, Murgi, Etxebe, Josu “Miri”, Lakun, Arkaitz, Joniko eta Andoni jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua egon ziren Usabalen. Hemendik, eta elkartearen izenean, azken honi zoriondu nahi zaio, atzo bere urtebetetzea izan baitzen.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]