2013-12-16

Laskorainen garaipen bikaina Urretxun (2-5)

Igande goizeko lehenengo eguzki izpiekin batera esnatu ziren Aitorren mutilak helburu nagusi batekin, hiru puntuak Tolosara ekartzea, eta honek larunbat gaueko dantzaldiak albo batera uzteak esan nahi badu, bi aldiz pentsatu gabe egingo zutela erakutsi zuten gure mutilek.

Urretxuko polikiroldegiko aldageletan, entrenatzaile horitxoak argi utzi zuen, beraien aurrean talde gogor bat izango zutela, baita kalitate handiko jokalariak ere.
Baina tolosarrak ez zirela horren aurrean kikilduko argi zegoen.

Haserako minutuetatik bi taldeek errespetu handiz jolasten ari ziren bere arerioaren aurka, baloia alde batera eta bestera mugituaz, baina Laskorainen ateko sake baten ondoren, Gil kapitainak ederki sareratu zuen arratsaldeko lehen gola taldeko jokaldi polit baten ostean. Horrela bukatu zen lehen zatia Urretxun.

Bigarren zatian Gilek berriro ere sareratze bikaina lortu zuen area barnean eta, jokaldi horren ostean, etxeko taldeko atezaina kaleratua izan zen, bere taldea jokalari bat gutxiagorekin utziaz. Horitxoek ez zituzten minutu baliotsu horiek ondo aprobetxatu baina beranduxeago Zumeta loti ederrak 0-3koa ipini zuen markagailuan. Urretxuarrak ondoren beraien arratsaldeko lehen gola lortu zuten kontraeraso batetan.


Partidua erotzen hasia zen eta berriro ere Zumetaren sareratzeari, urretxuarrek beraien erantzuna eman zioten. Azkenik, eta lasaitasunaren gola, Etxebe monje tibetarrak egin zuen laskoraindarren lasaitasunarentzat.

Ezin dugu bukatu Endika atezainak egindako izugarrizko partidua aipatu gabe, ziurrenik bere geldiketengatik ez balitz partidua guztiz ezberdina bilakatuko zen.

Urretxun igandean, Aitor entrenatzailea, Javi delegatua-Endika, Frodo, Gil, Lakun, Zumeta-haserako bostekoa-Etxebe, Joniko, Murgi, Josu, Manso eta Aratz.
Arkaitz baja izan zen.

2013-12-09

Berdinketa Laskorain eta Sasikoa taldeen arteko partidan (2-2)

Durangoko Sasikoa taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion larunbat arratsaldean Laskorain taldeari. Bizkaitarrak lider postua defendatzeko asmoarekin bidaiatu zuten, berdinketa baliotsu batekin itzuli zirelarik.

Goiko postuetan jarraitzeko hiru puntuak beharrezkoak zirela eta, partidaren bila joateko asmoarekin kantxaratu ziren horitxoak. Hasieratik intentsitatea eman nahi izan zien partiduari, baina bizkaitarrek egindako defentsa onak ezerezean utzi zituen etxeko taldearen ahaleginak, baloia Laskorainek zuen baina liderra zen aukera garbienak sortzen zituena.

Honela, arriskurik ez zegoela ematen zuen alboko sake batetan 0-1ekoa sartzea lortu zuen Sasikoa taldeak. Maldan gora jarri zitzaion beste behin partidua talde horitxoari eta ez zen gai izan erreakzionatzeko bigarren zatira arte.

Atsedenaldia ongi etorri zitzaien Aitorren mutilei, aldageletan egindako zuzenketek bere fruitua eman zuten, eta bigarren zati hasieratik arriskua sortzea lortu zuen liderraren ate inguruan. Partidua joan etorri batean bilakatu zen eta hauetako jokaldi batetan, Joniko ate aurrean geratzera zihoala falta bat jaso eta kanpotarren jokalari bat kaleratzea lortu zuen. Honela, bi minutuz jokalari bat gehiagorekin jokatzeko aukera izan zuen Laskorainek. Aukera ugari huts egin zituen egoera honetan, baina bi minutuak bukatzear zeudela Murgi arkakuso atomikoak berdinketaren gola egin zuen hamar metrotako jaurtiketa batekin.

Gol honen ondoren ikusi ziren Laskorainen momenturik hoberenak, eta estrategiako jokaldi batetan, Lakun kartel pegatzaile profesionalak, urrunetik egindako jaurtiketa bortitz batekin eskuadrako armiarma sareak kendu zituen 2-1ekoa ezarriz. Bi minutu falta ziren eta durangotarrek atezain jokalariarekin saiatu ziren, Laskorainek ongi defendatu zuen, baina etxekoentzat aldekoa zen alboko sake batetan baloia galdu eta ezin hobeto egindako kontraeraso batetan bigarren gola sartzea lortu zuen talde bisitariak, amaierako 2-2ko emaitza utziaz.

Lanean jarraitzeko gogoarekin atera ziren Usabal kiroldegitik Aitor eta Javi prestatzaileak, Endika, Gil, Murgi, Lakun eta Zumeta titularrak, Iker, Alonso, Etxebe, Mendi, Manso, Josu eta Joniko jokalariak.