2014-01-28

Hirugarren garaipena jarraian lortu zuen Laskorainek Mallabiaren aurka (8-2)

Mallabia talde bizkaitarraren bisita jaso zuen larunbata arratsaldean Usabal polikiroldegian Laskorainek. Arazo ezberdinak zirela medio, taldeak ezin izan zuen partidua behar moduan prestatu, baina hala ere nagusitasun handiarekin gailendu zen 8-2ko emaitza lortuta.

Gaizki hasi zen partidua horitxoentzat, hamar metrotako zonakako defentsa planteatu zuen talde bizkaitarrak, eta honi probetxu handia aterata markagailuan 0-2 aurreratzea lortu zuen. Tolosarren lasaitasunerako, bigarren gola jaso eta hurrengo jokaldian 1-2koa sartzea lortu zuen Mansok, taldeak ondo landutako jokaldi batetan.
 
Gol honekin ikastolakoak animoz bete ziren eta erasoaldiak etengabekoak izan ziren batera eta bestera. Honela, jaurtiketa bateko aldaratzea probestuz lehenbizikoz, eta urrunetik egindako jaurtiketa batekin ondoren, Jonikok buelta eman zion markagailuari 3-2koa ezarriaz. Atsedenaldia iristear zela, Murgik egindako bakarkako jokaldi batetan etxekoen laugarren gola iritisi zen, ezkerrarekin egindako jaurtiketa gurutzatu batekin ederki definituaz.

Bigarren zatia lehenenaren modu berean hasi zen, Mallabiak bere zonakako defentsarekin jarraitu zuen kontraerasoan min egiteko asmotan, baina horitxoak izan ziren lehen kolpea eman zutenak, hogeitamargarren segundurako Jonikok bere arratsaldeko hirugarrena egitea lortu zuen, kantxa erdian berak lapurtutako baloi bat bikain gidatu eta atezainaren aurrean sareratuaz. Bizkaitarrek bere joko maila jetsi egin zuten gol honekin, eta honetaz baliatuaz, beste behin baloia ongi mugitutako jokaldi batetan Murgiren oinetara iritsi eta atezainaren aurrean maisutasunez loratuaz 6-2koa igo zuen markagailura.
 
Ez zen arratsaldeko azken gola izan ordea, Usabalera hurbildu ziren guztien arridurarako Josu Iturraldek bere denboraldiko lehen gola egin baitzuen. Azkenik eta markagailua ixteko, Mansok arratsaldeko bere bigarren gola egin zuen atezainari kalitatez ixkin egin eta gero, Saturnotik jeisten denean kontutan edukitzeko jokalaria dela frogatuaz.

Lesioak eta gaixoak zirela eta, Haritz Zabala "Katta" jokalari gaztea zegoen lehenengo aldiz deialdiaren barruan, eta partiduaren nondik norakoak ikusita Aitor entrenatzaileak lehen taldearekin jokatzeko aukera eman zion. Bere lana bikain burutu zuen, Laskorainek harrobian etorkizunerako jokalariak badituela erakutsiaz.

Partiduaren amaieran gogotsu atera ziren datorren astean Tolosalaren aurkako neurketa buruan zutela, Aratz, Gil, Etxebe, Manso eta Joniko -haserako bostekoa-, Murgi, Haritz (Katta), Lakun eta Josu jokalariak eta Javi eta Aitor prestatzaileak eta Gorka Leis kantxako delegatua.

2014-01-22

Laskorain hirugarren darrai Billabonan erdietsitako garaipenari esker (4-7)

Basauriko garaipenaren ostean, Aitorren mutilak argi zuten aste hontako partiduak ez zuela zer ikusirik izango aurreko norgehiagokarekin, beraien aurrean, horrenbeste buruhauste eragin dizkien Billabonako Egintza taldea izango baitzuten.

Arratsaldeko lehen gola Egintzak lortu zuen, baina berdinketa segituan ekarri zuen Lakunzak jokaldi polit baten ostean. Aitorren mutilak azkar konturatu ziren aurkariari errespetu handiz jokatu behar zitzaiola, eta horrela Gilek, area barnean jasotako aldaratze bati esker, aurretik jarri zuen Tolosako taldea.


Olaederra kiroldegira inguratu zen zalegoak joko polita ikusteko parada izan zuen eta horren ondorioz binakoa lortu zuten etxekoak korner bati esker. Ez zen, halare, lehen zatiko azken gola izan, laskoraindarrak Jonikoren urruneko jaurtiketa baten bitartez, 2-3koa ipini bai zuten atsedenaldira joan aurretik.

Hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua zela argi zuten bi taldeak eta horrela gogotsu atera ziren bigarren zatian kantxara. Egintzaren arratsaldeko une indartsuenak iritsi ziren, kanpoko jaurtiketa eta joko bikainari esker, minutu eskas batean buelta eman zioten markagailuari, 4-3koa lortuz.

Ausnarketa egiteko unea iritsi zen horitxoentzat, garaipena lortu beharra zegoen, argi zuten talde ona zutela beraien aurrean, baina inola ere ez zuten partidua bertan behera uzteko asmoa, eta horrela hasi ziren beraien jokoa ateratzen. Arratsaldeko protagonista bihurtu zen Aratz atezainak egindako geldiketa bikainei eta Mansok lortutako golari esker, partidua berdindu egin zen.

Tolosarrak presio oso on bati esker, baloi asko lapurtzen ari ziren eta horrela Murgiri eginiko falta bat, 10 metrotako jaurtiketa batean bihurtu zen, billabonatarren 6.falta baitzen. Lakunza izan zen berriro ere Egintzaren ateko sarea zulatu zuena 4-5ekoa markagailuan jarriaz. Dirudienez, bere zapatilak erraz galtzeko gaitasuna duen mutil honek, golak sartzeko gaitasuna ere badu.

Billabonatarrak atezain-jokalaria atera zuten, eta berriro ere Aratz atezain laskoraindarraren une ikusgarrienak ikusi genituen, ziurrenik larunbat gauetan bere aldaken mugimendu horiek balio handikoa izango zitzaizkiola pentsatu zuen, eta horrela ikusi ahal izan zuten Olaederra kiroldegira hurbildu ziren ikusleak. Bere geldiketak bata bestearen atzetik etortzen ziren.

Defentsa sendoa erakutsi zuten Aitorren mutilak atezain-jokalariaren aurrean eta Etxebek, lehenik eta behin bere kanpotik botatako jaurtiketa batekin, eta ondoren Zumetak, era berean sartutako sareratzeekin eman zioten partiduari behar zuen amaiera.

Larunbatean Olaederran hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu zituzten, Aitor entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Murgi, Gil, Josu, Zumeta -haserako bostekoa- Etxebe, Joniko, Manso, Lakun eta Mendi. Zorionak mutilak!

2014-01-15

Garaipena lortu du Laskorainek urteko lehenengo partiduan

Turroiak eta gabonetako ajeak alde batera utzita Basaurin jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini Soloarte taldearen aurka. Urteko lehen puntuak zeuden jokoan eta talde horitxoarentzat izan ziren 1-8ko emaitza zabalarekin irabazi ostean.

Hasieratik izan ziren tolosarrak partiduan jaun eta jabe, defentsan gogor ekin zioten etxeko taldearen eraso saiakerak ezerezean utziaz eta, baloiaren jabe zirenean, bikain mugitzen zuten aurkariaren ate ingurura arriskua eramanaz. Honela, Andoni Zumetak gabonetan bere lehorteari amaiera eman zion modura, arratsaldeko protagonista bilakatu zen Jon Otxoak ere, bukaera eman zion bere gol lehorteari area barruan topatutako baloi bat orpoarekin sareratuaz.

Lehenengo golaren ondoren, Soloartek behera egin zuen eta horitxoen golak bata bestearen atzetik etorri ziren; Zumetak bigarren zutoinera egindako jaurtiketa bat aprobetxatuaz Jonikok bigarrena egin zuen. Hirugarrenean ere Joniko bera izan zen protagonista, baloi bat bikain lapurtu eta Etxeberi ate aurrean bakarrik utzi zion honek arazorik gabe sareratu zezan. Laugarren gola lehen zatia amaitzeko segundu bat falta zela sartu zuen Zumetak, Aratzek azkar ateratako baloi zehatz bat maisutasun handiko ezkerkada batekin baloia gurutzatuaz.  

Atsedenaldia eta gero partiduak ildo beretik jarraitu zuen, basauritarrak aldea murrizteko asmoarekin kantxaratu ziren, baina Laskorainek lehen zatian egindako lanari jarraipen paregabea eman zion normalean izatean dituen intentsitate beherakadak alde batera utzita. Hau aprobetxatuz, beste behin Jonikok lapurtutako baloi baten ostean, bigarren golaren moduan, 0-5ekoa igo zuen markagailura Arkaitzek. Denbora gutxira, Zumeta ate aurrean geratu zen abagune batetan, baloia atezainaren gainetik edertasunez loratuta arratsaldeko seigarren gola egin zuen partidua erabakita utzita.

Etxekoek atezain jokalariarekin gol bat egitea lortu zuten 1-6ko emaitza ezarriaz, baina tolosarren defentsa onak kontraerasorako hamaika aukera eman zion talde horitxoari eta horietako bi golean amaituta, 1-8koa ezarri zuen markagailuan, bietan berriro ere Joniko golegile bere denboraldiko lehenengo "poker"-a lortuaz. Arratsaldeko albiste txar bakarra Mikel Alonsoren lesioa izan zen, txonkatila bihurritu baitzuen eta hiru hilabete kantxetatik kanpo egon beharko du. Ea berehala osatzen den.

Larunbatean Basaurin, Aratz, Alonso, Gil, Etxebe, Joniko -haserako bostekoa-, Endika, Murgi, Arkaitz, Lakun eta Zumeta jokalariak eta, Javi eta Aitor prestatzaileak.