Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Berdinketarekin konformatu behar izan zuen Laskorainek (5-5)

Iñauterietako ajeak alde batera utzita Donostiako Inter taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Behar bezala prestatu gabeko partidu baten aurrean aurkitu baziren ere, horitxoak gogotsu burrukatu eta berdinketa lortu zuten.

Beroketan lehen izerdiak botata lanerako prest kantxaratu zen etxeko taldea, ohiko zonakako defentsan zirrikituak ongi ixtea lortu zuen partiduko lehen minutuetan eta maiz lapurtutako baloiekin kontraeraso onak burutu zituzten ikastolakoek. Hauetako batetan Zumeta gazteak arratsaldeko lehenengoa egitea lortu zuen, azkar eramandako kontraeraso bat eskuinkada bikain batekin amaituaz.
 
Hortik gutxira, donostiarren beste baloi galera bat aprobetxatuaz, Gil kapitainak atezainaren aurrean baloia maisutasunez loratuaz 2-0ko markagailua ezarri zuen. Inter taldeak erasoan jarraitzen zuen baina Endika atezainaren lan onak ezerezean uzten zituen hauen saiakerak. Emaitza honekin ailegatu ziren atsedenaldira bi talde gipuzkoarrak.

Bigarren zatiko lehen minutuak garrantzitsuak izango zirela argi edukita  kantxaratu ziren horitxoak. Lehenengo zatian egindako lan bikainari jarraipena eman zien tolosarrak haserako minutuetan. Honela, Etxebek kantxa erdian baloia lapurtu eta Joniko txaranga zuzendariarekin pareta egin ostean baloia sareratzea lortu zuen 3-0 emaitza ezarriaz. Dena aldeko zuten laskoraindarrek, baina oraindik asko geratzen zen jokatzeko. Inter taldeak ez zuen amore eman, eskarmentuz betetako talde honek bere aukeretan sinesten jarraitu zuen eta etxekoen beherakada aprobetxatuaz markagailuari buelta ematea lortu zuen bata bestearen atzetik 4 gol eginaz.
 
Kolpe gogorra jaso zuten ikastolakoek, baina burua altxa eta erasoko bi jokaldietan bi gol egitea lortu zuten, markagailuan berriro aurretik jarriaz. Zumeta izan zen berdinketaren gola sartu zuena eta Joniko gol bateko abantaila eman ziona taldeari. 2 minutu faltan donostiarrek atezain jokalaria atera zuten, eta Laskorain erasoaldiak ongi defendatzen ari bazen ere 7 segundu faltan Interrek berdinketaren gola egitea lortu zuen, 5-5eko azken emaitza utziaz.

Porrotaren zaporeko berdinketarekin konformatu behar izan ziren Usabal kiroldegian Aitor eta Javi prestatzaileak, Endika, Beñat, Gil, Etxebe eta Zumeta -haserako bostekoa-, Aratz, Josu, Lakun, Manso eta Joniko jokalariak.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]