2014-05-21

Garaipena lortu zuen Laskorainek azkeneko jardunaldian (7-5)

Pasa den larunbatean Usabal kiroldegiaren beherako kantxan, txapelketako azken jardunaldia jokatu zuen Laskorainek Basauriko Soloarte taldearen aurka. Tolosarrek, beraien jarraitzaileei merezi zuten agurra eman nahi izan zieten, azkeneko 3 puntuak etxean utziaz.

Partida bikain hasi zen etxeko taldearentzat, kontraeraso polit baten ostean Lakuntza mendizaleak arratsaldeko lehena egin zuen eta ondoren buruz buruko jokaldi polit bat eta gero Jonikok bigarrena lortu zuen laskoraindarrentzat.

Arazorik gabe jolasten ari ziren Aitorren mutilak eta horrela Josuk, jokaldi bikain bat egin eta gero hirugarrena egin zuen. Bizkaitarrak gerturatu egin ziren markagailuan 3 eta 2koa lortu arte baina, Endika atezainak hasitako kontraeraso eder batetik etorri zen etxekoen laugarren gola, Mansok ate aurrean bakarrik bultzatu baitzuen Jonikok eginiko pase bat.

Orduan Laskorain taldearen aurtengo goleatzaile nagusiaren txanda iritsi zen, area ertzean baloi bat jaso ondoren, atezaina lurrean utziz 5 eta 2koa lortu zuen Andoni Zumeta pitxitxiak, lehenengo zatia bukatu baino lehen.

Bizkaitarrek atezain-jokalaria atera zuten hasieratik bigarren zatian, baina ez zirudien gauzak ondo aterako zitzaienik eta orduan iritsi ziren tolosarren beste bi golak, lehena Mendik, eta bigarrena Etxeberen bitartez, biak oraingoan ere kontraerasoaz.

Lehia bukatutzat eman zuten Aitor Garciaren mutilek, baina hori izan zen arratsaldeko akatsik nagusiena, bizkaitarrek, tentsio jeitsiera hori probestuaz, hiru gol egin zituzten. Azkenik 7 eta 5eko emaitzarekin bukatu zen partidua.

Aitor eta Javi delegatuak, Endika, Lakun, Etxebe, Balerdi eta Joniko -haserako bostekoa-, Gil, Murgi, Josu, Manso, Mendi, Zumeta eta Aratz, izan ziren Usabalen larunbatean.


Denboraldi bikaina egin du aurtengoan ere Laskorainek, azkenik hirugarren postua eskuratuaz.

Zorionak Mutilak!!

2014-05-13

Berdinketa Laskorain taldeak Gasteizko Aurrera liderraren aurka (5-5)

Lehen postuan doan eta txapeldun izateko bidean dagoen Aurrera taldeari aurre egitea egokitu zitzaion Laskoraini etxetik kanpoko denboraldiko azken partiduan. Helburu bezela hirugarren postua lortzea izanik, baliogarri izan daiteken 5-5eko berdinketa batekin itzuli ziren tolosarrak.

Gogotsu kantxaratu ziren bi taldeak, ez zuen inorrek baloiaren jabe izatea lortzen, baina gasteiztarrei, partidu hasieran egindako kantxa erdiko presioak, berehala eman zizkien arratsaldeko lehen aukerak kontraerasoan. Hauetako batetatik falta bat lortu eta baloia ongi mugitu ostean 1-0ko gola egitea lortu zuten.

Horitxoek lanean jarraitu zuten, eta zortea aldeko edukita hiru gol jarraiean egitea lortu zuten bertako polikiroldegian urduritasuna ezarriaz. Berdinketaren gola bere atean sartu zuen Aurrerako jokalari batek bigarren zutoinera zijoan jaurtiketa bat mozteko asmotan. 1-2koan Lakun izan zen golegile ate aurrean geratu zen alderatze bat probestuaz eta 1-3koa berriz ere bere atean sartu zuen Aurrerako taldekide batek.

Lehen zatiko azken txanpan etxeko taldea izan zen partiduaren jaun eta jabe, aukerak bata bestearen atzetik sortu zituen, Laskorainen zonakako defentsari min handia eginaz, eta honela, atsedenaldira iritsi aurretik aldea murriztea lortu zuten urrunetik egindako jaurtiketa on batekin.

Bigarren zatia, lehena amaitu zen modu berean hasi zen, Aurrerak garaipena behar zuen eta indartsu atera ziren euren helburua lortzeko asmotan. Horitxoak ez ziren gai izan etxekoen erasoaldiak geldiarazteko eta bost minutu pasatzerako 4-3ko emaitza zegoen markagailuan. Hirunakoa bakarkako jokaldi on baten ostean etorri zen eta 4-3koa kontraeraso bat gauzatuaz.

Laskorain taldea partiduan atzetik ikustean erasoko jokaldietan arriskua sortzen hasi zen. Hauetako batetan, Etxebek baloia eskuin hegalean hartu eta aurkaria atzean utzi ostean area ertzeko jaurtiketa batekin berdinketa ezarri zuen berriz ere 10 minutu faltan.


Urtean zehar Gasteizen entrenatzen duen Zumetak, Aurreraren detaile polita jaso zuen.
Gol honekin partidua ireki zen, aukerak orokorrean etxeko taldearentzat ziren, baina Aurrera taldeak garaipena behar zuela baliatuaz tolosarrek ere izan zituzten heuren aukerak. Partidua amaitzeko minutu bat falta zela, Laskorain taldeak kontraerasoan atera behar zuela zirudien jokaldi batetan baloia galdu eta gasteiztarren kapitainak galera honi etekina atereaz txapeldun egiten zien gola egitea lortu zuen jaurtiketa batekin.


Ikastolakoak atezain jokalariarekin saiatu ziren, eta partidua horrela amaituko zela bazirudien ere, 20 segundu faltan baloia ondo mugitutako jokaldi batetan Zumetak (eskuineko argazkian) horitxoen bostgarren gola egin zuen 5-5eko azken emaitza utziaz.
 
Berdinketa honekin Laskorain taldeak hirugarren postua berreskuratu zuen denboraldia amaitzeko jardunaldi bat geratzen delarik. Azken partidu hau Usabal kiroldegian izango da Basauriko Soloarte taldearen aurka. 

Sentsazio gazi-gozo batekin bueltatu ziren larunbatean, Aitor eta Javi prestatzaileak, Endika, Beñat, Murgi, Etxebe eta Zumeta -haserako bostekoa-, Iker, Gil, Lakun, Arkaitz, Manso eta Josu jokalariak.