2014-10-29

Laugarren garaipena lau partidutan Laskorainentzat (5-6)

Irteera zaila zen larunbatekoa Aitorren taldearentzat, izan ere oraindik partidarik galdu gabe aurkitzen zen Goierri taldea, eta atsedena izan ostean, Urretxuko kantxa zailean jokatzen baitzen norgehiagoka. Baina hala eta guztiz ere partida serio baten ondorioz garaipena Tolosara eramatea lortu zuen 5-6 ko azken emaitzarekin.

Argi zuten jokalariek partida horretan 3 puntu baino gehiago jokatzen zirela eta horregatik oso kontzentratuta atera zen hasieratik Laskorain. Defentsa sendo batetik abiatuaz lehen aukerak sortzen hasi ziren eta horietako kontraeraso batetan Mansoren jokaldi on bat baliatu zuen Vazquezek bigarren zutoinean. Baina minutu gutxi batzuk beranduago berdinketa egitea lortu zuen Goierrik.

Berdinketak ez zuen Laskorain taldearen jokatzeko modua aldatu, eta presio on baten ondorioz aurkariaren atetik gertu bereganatu zuen baloia Zumetak eta jarraian bere jaurtiketa zorrotz bat eta gero 1-2koa ezarri zuten markagailuan. Atsedenaldira ordea 2-2 iritsi ziren goierritarrek bigarrena sartu bai zuten minutu gutxi faltan.

Atsedenalditik oso gogotsu atera ziren Laskorainekoak eta 2-4 aurretik jartzea lortu zuten Vazquezen eta Murgiren golei esker, azken honek Etxeberen jaurtiketa aprobetxatuaz. Bazirudien partida ixteko aukera ezin hobea zutela, baina begiak itxi eta irekitzerako berdinketa egitea lortu zuten urretxuarrek.

Azken partidako mamuak etorri zitzaizkien burura, baina bi kontraeraso baliatuaz Lakunek bi gol sartu zituen bata bestearen jarraian Zumetaren bi asistentzia jaso eta gero. Etxeko taldeak atezain jokalariarekin 5-6eko gola sartzea lortu zuen azken bi minutuetan horitxoek behar baino gehiago sufritu araziz, nahiz eta Goierri jokalari bat gutxiagorekin aritu azken uneetan kaleratze baten ondorioz. Azkenean Aratz atezainak 1vs1 jokaldi batean lortutako gelditu garrantzitsu batek eman zizkien 3 puntuak horitxoei.

Atsedenaren aurretik etxeko lanak ondo eginda utzi zituzten Javi delegatuak, Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Aratz, Vazquez, Manso, Gil eta Balerdi – hasierako bostekoa-, Lakun, Zumeta, Murgi, Etxebe eta Josu jokalariek.

Asteburuko elkarteko beste taldeen emaitzak erreparatuz, filialak eta kadeteak garaipenak erdietsi dituzte, eta lurraldeko jubenilak aldiz, porrota:

Lurraldeko 2. Maila: Iurre Taberna 2-3 Laskorain

Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Atsedena

Lurraldeko Jubenila: Laskorain 1-4 Hirukide Eskolapioak

Lurraldeko Kadetea: Laskorain 12-0 Goierri “A”

2014-10-21

Hirugarren garaipena jarraian Laskorainek Meatzari Petronor taldearen aurka

Lehen bi partiduetan garaipena lortu eta gero, aurten kategoriaz igo diren Meatzari taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Lider zihoan Goierri taldeak jardunaldi honetan atsedenaldia zutela jakinda kantxaratu ziren horitxoak, 6-5eko emaitzarekin, 3 puntuak lortuaz.

Partidua hasi eta berehala egin zen etxeko taldea baloiaren jabe; bizkaitarrek kantxa erdiko defentsa bat planteatu zuten, baina horitxoek baloia azkar mugitzen zuten jokaldietan abaguneak sortzen zituzten. Honela, hauetako jokaldi batetan Zumetak egindako jaurtiketa batekin arratsaldeko lehen gola iritsi zen. Gol hau sartu eta berehala, berriro ere baloia ongi mugitutako jokaldi batetan Josuk 2-0ko markagailua ezarri zuen jaurtiketa batekin atezaina bikain gainditu ostean.

Bizkaitarrek ez zuten amore eman eta estrategia jokaldi batetan, beraien lehen gola egitea lortu zuten buruz egindako erremate bat baliatuaz. Gol honek etxekoen erasoak areagotzea ekarri zuen, eta honen ondorioz, beste bi gol egitea lortu zuten horitxoek. Hirugarren gola momentu onean dagoen "Bart Simpson" Mansoren eskutik etorri zen, bigarren zutoinean baloia sareratuaz jokaldia ongi jarraitu ostean. Laugarrenean Zumeta izan zen protagonista arratsaldeko bere bigarren gola eginaz. Honela, 4-1eko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi bezain laster, zesio batetik etorritako falta batetan talde horitxoaren bosgarren gola sartu zuen Etxebek. Ohikoa duten jokaldi batean Arkaitzek eginiko lan bikaina aprobetxatuaz. Ondo bideratua zuen partidua Laskorainek, baina intentsitatea jaitsi zuten eta hau baliatuz bizkaitarrek beste gol bat egitea lortu zuten.  Lehen zatian bezala, jasotako golari azkar erantzun zion talde horitxoak beste gol bat eginaz, oraingo honetan "dedobolo" Lakun izan zen golegile, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin.

Partidua azken txanpan sartu zen eta 3 puntuak etxean geratuko zirela zirudien, baina beste behin lehengo urtean ohiko zen intentsitate beherakada izan zuen etxeko taldeak. Horren adierazgarri izan ziren azken bost minutuak, Meatzari taldeak 3 gol bata bestearen atzetik egitea lortu zuen 6-5ko emaitza ezarriaz.  Tentsio momentuak bizi izan ziren Usabal kiroldegian, baina denborak ez zuen gehiagorako eman eta horrelaxe amaitu zen partidua.

Hiru punturekin baina gauzak hobetu behar direnaren sentsazioarekin atera ziren larunbatean Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Iker, Murgi, Etxebe, Xabat, Manso, Lakun, Josu, Mendi, Zumeta eta Vazquez jokalariak.

Bestalde, kadeteek nagusien ildo beretik ekin diote txapelketari estreinekoan garaipena lortuaz, baina filialak eta jubenilek ezin izan dute asteburua borobildu. Hauek dira emaitzak:

Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 3-5 Anoeta
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Lauburu 8-2 Laskorain
Lurraldeko Jubenila: Laskorain 1–11 Anoeta
Lurraldeko Kadetea: Lauburu Samaniego Orixe 0-4 Laskorain

2014-10-14

Laskorainen bigarren garaipena bi partidutan

Joan den asteburuan Laskorain taldeak kanpoan (Ermuan) jokatu zuen bere denboraldiko bigarren partida. Aurkaria igo berria den Saltzaileak Alkideba izan zen. Hasiera batean partida zaila izango zela uste zuten Laskoraingo partaideek, izan ere, liga honetan aurkariak etxean jokatzen zuen lehen partida bait zen. Nuerketa 15 minutuko atzerapenarekin hasi zen baina egoera horrek ez zuen eraginik izan jokalarien kontzentrazioan.

Tolosarren hasiera oso ona izan zen nahiz eta 13. minutuan lortu lehen gola Mansoren bitartez. Jokaldiko lehen jaurtiketa Beñatek egin zuen eta atezainaren geldituaren ostean hor zegoen Manso baloia sarera bultzatzeko. Partidaren kontrola zuen Laskorainek, baina etxeko taldearen jokaldi batean berdinketaren gola iritsi zen. Jokaldia bigarren zutoinera pase batekin hasi zen. Koldo atezainak bi geldiketa egin ondoren atean sartzea lortu zuten. Jarraiean, lehen zatia amaitu aurretik, Etxebek horitxoentzat bigarren gola lortu zuen jokaldi on baten poderioz. Hortaz, atsedenaldira 1-2 irabazten joan ziren tolosarrak.
Bigarren zatia gogotsu hasi zuten mutilek, partida irabazteko gogoarekin. Aipatu, Xabatek bere lehen minutuak jokatu zituela lehen taldearekin. Minutuak pasa ahala, egoera nahiko kontrolatua zegoen eta are gehiago Zumetak hirugarren gola sartuta. Jokaldi luze bat izan zen eta amaiera bikaina eman zion taldeak. Etxeko taldeak aurrera egin zuen eta beraien bigarren gola eskuratu zuten. Dena den, pozak ez zuen asko iraun, izan ere, Etxebek bere bigarren gola lortu zuen eta taldearen laugarrena.
Partidaren amaieran, 5 minutu faltan alegia,  Saltzaileak taldeak atezain jokalaria atera zuen. Dena den, Laskorainek oso ongi defenditu zituen gola lortzeko saiakerak. Partidako azken hasperenean etxeko taldeak bere azken gola lortu zuen, hirugarrena hain zuzen ere. Aipatzekoak dira Koldo atezain gazteak eginiko geldiketak partidaren azken momentuetan. Pare bat hanka miragarri atera zituen aurkarien jaurtiketak geldituaz. Azkenean, 3-4 bisitarien alde eta hiru puntuak Tolosara.
Laskorainek  gogor hasi du liga eta bigarren postuan dago 2. jardunaldia amaitu ostean. Lehen postuan Goierri taldea dago. Hurrengo astean, Meatzari Petronor taldea hartuko du etxean taldeak eta partida irabaztea espero dute sailkapenaren zati gorenean jarraitzeko.
Ermua-ra bidaiatu  zuten taldekideak: Javi delegatua, Javi eta Aitor prestatzaileak, Koldo, Gil, Murgi, Lakun, Joniko – hasierako bostekoa-, Etxebe, Zumeta, Beñat, Manso eta Xabat jokalariak.
Klubeko gainontzeko partidetako emaitzetan ezin goraipatu gabe utzi Nazional Ohorezko Mailako jubenilek lortutako garaipena. Zorionak mutilak!
Lurraldeko 2. Maila: Gure Txokoa 3-3 Laskorain
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Laskorain 4-2 Auzoak de Zierbena
Lurraldeko Jubenila: Laskorain 1-4 Samaniego Orixe A

2014-10-08

Laskorainen garaipen bikaina lehenego jardunaldian

Pasa den larunbatean Usabal kiroldegian eman zion hasiera Laskorain taldeak denboraldiari.

Hilabete bateko aurredenboraldia egin ostean, indar eta ilusioz beteriko jokalariek, gogotsu ekin zioten aurten beraien aurrean topatuko dituzten erronka berrien lehenengo kapituluari.
Aipatu beharra dago ere, aurten Laskoraineko lehenengo taldeak, Xabat Turrillas jokalaria fitxatu berri duela. Animo eta zorte on.
Laskorainek, Lasarteko Ostadar FS Carpinteria Antonio (aurreko urtetako Clinica Dental Aldaz – Buruntza) jaso zuen Usabalen. Ezagunak aitzaki, haseratik bi taldeek errespetu handiaz jokatu zituzten beraien kartak, baina 6. minutuan Laskorainen lehenengo sareraketa etorri zen Gil kapitainaren eskuz falta baten ostean arbitroek kanpoko taldearen atezaina kaleratu ondoren.
Minutuak pasa ahala, kanpotarrek ez zuten minik egiten Aratzen atean eta horrek etxekoei konfidantza eman zien.
Horren ondorioz, Lakunek eta kanpoko taldeak beraien atean sartu zuten gola laskoraindarrentzat, nahiz eta denak jakin Zumeta jokalariaren sareratzea izan zela, baina lehenengo zatia bukatu baina segundu bat lehenago Jonikok laugarrena egin zuen markagailuan.
Bigarren zatia hasi eta berehala Lasarteko taldearen lehena etorri zen, baina etxeko taldearen nagusitasuna berriz ere ikusi ahal izan genuen eta Etxebe, Jonikok, berriz, eta Vazkezek, gol bana sareratuta, 7-1ekoa ipini zuten.
Azkenik lasartearrak bigarren sareratzea lortu zuten ia denbora agorturik zegoela.
Usabaleko kiroldegian lehe hiru puntuak poltsikoratu zituzten Javi delagatuak, Javi eta Aitor prestatzaileek, Aratz, Murgi, Gil, Zumeta eta Etxebe-haserako bostekoa-, Joniko, Arkaitz, Lakun, Iker, Josu eta Vazkez jokalariek.
Klubeko gainontzeko taldeen emaitzetan aipatu jubenil biek jasan dituzten porrot gogorrak eta filialak lortutako garaipena.
Lurradeko 2. Maila: Laskorain 6-5 Baobab
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Ribera de Navarra 11-1 Laskorain
Lurraldeko Jubenila: Samaniego Orixe B 10-1 Laskorain