Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Hirugarren garaipena jarraian Laskorainek Meatzari Petronor taldearen aurka

Lehen bi partiduetan garaipena lortu eta gero, aurten kategoriaz igo diren Meatzari taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Lider zihoan Goierri taldeak jardunaldi honetan atsedenaldia zutela jakinda kantxaratu ziren horitxoak, 6-5eko emaitzarekin, 3 puntuak lortuaz.

Partidua hasi eta berehala egin zen etxeko taldea baloiaren jabe; bizkaitarrek kantxa erdiko defentsa bat planteatu zuten, baina horitxoek baloia azkar mugitzen zuten jokaldietan abaguneak sortzen zituzten. Honela, hauetako jokaldi batetan Zumetak egindako jaurtiketa batekin arratsaldeko lehen gola iritsi zen. Gol hau sartu eta berehala, berriro ere baloia ongi mugitutako jokaldi batetan Josuk 2-0ko markagailua ezarri zuen jaurtiketa batekin atezaina bikain gainditu ostean.

Bizkaitarrek ez zuten amore eman eta estrategia jokaldi batetan, beraien lehen gola egitea lortu zuten buruz egindako erremate bat baliatuaz. Gol honek etxekoen erasoak areagotzea ekarri zuen, eta honen ondorioz, beste bi gol egitea lortu zuten horitxoek. Hirugarren gola momentu onean dagoen "Bart Simpson" Mansoren eskutik etorri zen, bigarren zutoinean baloia sareratuaz jokaldia ongi jarraitu ostean. Laugarrenean Zumeta izan zen protagonista arratsaldeko bere bigarren gola eginaz. Honela, 4-1eko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi bezain laster, zesio batetik etorritako falta batetan talde horitxoaren bosgarren gola sartu zuen Etxebek. Ohikoa duten jokaldi batean Arkaitzek eginiko lan bikaina aprobetxatuaz. Ondo bideratua zuen partidua Laskorainek, baina intentsitatea jaitsi zuten eta hau baliatuz bizkaitarrek beste gol bat egitea lortu zuten.  Lehen zatian bezala, jasotako golari azkar erantzun zion talde horitxoak beste gol bat eginaz, oraingo honetan "dedobolo" Lakun izan zen golegile, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin.

Partidua azken txanpan sartu zen eta 3 puntuak etxean geratuko zirela zirudien, baina beste behin lehengo urtean ohiko zen intentsitate beherakada izan zuen etxeko taldeak. Horren adierazgarri izan ziren azken bost minutuak, Meatzari taldeak 3 gol bata bestearen atzetik egitea lortu zuen 6-5ko emaitza ezarriaz.  Tentsio momentuak bizi izan ziren Usabal kiroldegian, baina denborak ez zuen gehiagorako eman eta horrelaxe amaitu zen partidua.

Hiru punturekin baina gauzak hobetu behar direnaren sentsazioarekin atera ziren larunbatean Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Iker, Murgi, Etxebe, Xabat, Manso, Lakun, Josu, Mendi, Zumeta eta Vazquez jokalariak.

Bestalde, kadeteek nagusien ildo beretik ekin diote txapelketari estreinekoan garaipena lortuaz, baina filialak eta jubenilek ezin izan dute asteburua borobildu. Hauek dira emaitzak:

Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 3-5 Anoeta
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Lauburu 8-2 Laskorain
Lurraldeko Jubenila: Laskorain 1–11 Anoeta
Lurraldeko Kadetea: Lauburu Samaniego Orixe 0-4 Laskorain

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]