2014-12-29

Derbi garrantzitsua irabazi zuen Laskorainek Egintzaren aurka (3-5)

Egintza taldearen aurka indarrak neurtzea egokitu zitzaion Laskoraini Billabonako Olaederra kiroldegian jokatutako partidan. Azken jardunaldietako bolada onari jarraipena emateko intentzioarekin kantxaratu zen Aitorren taldea, gabonak goiko postuetan pasatzeko asmoz.

Partida erritmo biziarekin hasi zen, bi taldeak aukerak sortuz, baina etxeko taldeak lortu zuen markagailuan aurreratzea falta jaurtiketa baten ondoren Aratzek utzitako aldaratzea sareetara botaz. Nahiz eta gola jaso, kanpoko taldeak bere partidarekin jarraitu zuen eta modu honetan etorri ziren Eñauten bi gol markagailuan 1-2koa jarriaz. Partidak irekia jarraitzen zuen eta kontraeraso baten ondorioz binako emaitza jartzea lortu zuen etxeko taldeak.
Berriz ere talde horitxoari erreakzionatzea tokatzen zitzaion eta 2-3koa lortu zuen Xabatek taldean egindako jokaldi eder baten ondorioz. Atsedenaldira iristeko segundo gutxi falta zirela, Iruñako printzea izatetik Asturiaseko printzea izatera pasatu den Eñautek 2-4koa egin zuen arratsaldeko bere hirugarren gola lortuz.
Atsedenalditik bueltan partidak bide beretik jarraitu zuen. Bigarren zatiko zortzigarren minutuan Beñatek bakarkako jokaldi ikusgarri baten ondoren 2-5koa lortu zuen. Denbora amaitzen ari zen eta etxeko taldeak atezain jokalaria ateratzea erabaki bazuen ere, penalti bidez etorriko zen etxekoen hirugarren gola jokaldi trabatu bat eta gero. Nahiz eta etxeko taldeak aukera batzuk izan atezain jokalariarekin 3-5eko emaitzarekin amaitu zen partida.
Aipatzekoa, kuotak ederki kontrolatzen dituen Mattinen debuta lehenengo taldearekin.
Partidan Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua, Aratz, Beñat, Etxebe, Arkaitz eta Zumeta –hasierako bostekoa- Iker, Xabat, Eñaut, Manso, Mattin eta Katta ordezkoak izan ziren.
Bestalde, oinarrizko taldeei dagokienez asteburuko emaitzak:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 3 – 2 Denak Taberna
Nazional ohorezko mailako jubenila: Laskorain 4 – 8 Berrio Santutxu
Lurraldeko jubenila: Atsedenaldia
Lurraldeko kadetea: Laskorain 5 – 1 Mollarri

2014-12-17

Laskorainen hirugarren garaipena jarraiean Lagun Onak taldearen aurka (8-4)

Sailkapeneko beheko postuetan zegoen Lagun Onak talderaren aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini oraingoan.  Bigarren postuan zegoen jardunaldi hasieran talde horitxoa eta lehen postuetan mantentzeko horrelako partiduetan hutsik ez egitearen ideiarekin kantxaratu ziren. Bigarren zatian eginiko lan onaren ondorioz 8-4ko emaitzarekin gailendu ziren tolosarrak.

Ezin hobeto hasi zen partidua etxeko taldearentzat, lehen minutuetan, Eñautekin egindako jokaldi batean Etxebek arratsaldeko lehen gola egitea lortu baitzuen. Erraz irabaziko ote zuten sentsazioa zabaldu bazen ere Usabalera urbildu zirenen artean, konturatzerako bizkaitarrek markagailua irauli zuten horitxoen bi akats nabarmen aprobetxatuaz.
Markagailuan atzetik ikustean Laskorainek intentsitatea igo zuen eta, honetaz baliatuz, golak zilipurdiak egiten baina trebeagoa den Jonikok, berdinketaren gola sartu zuen aurkariaren akats baten ondoren jaurtiketa batekin baloia sareratuta.
Atsedenaldira iritsi aurretik hiru gol gehiago ikusi ziren, horietatik lehenengoa galdakaoztarrentzat izan zen, denbora gutxira Mansok partidua hiruna berdindu zuen berriz ere urrutitik egindako jaurtiketa batekin, eta amaitzeko gutxi falta zenean beste akats bat baliatuaz kanpotarrek beraien laugarrena egin zuten lehen zati amaieran 3-4ko emaitza utziaz.
Atsedenaldia ongi etorri zitzaien horitxoei eta bigarren zatia hasi eta berehala baloiaren jabe egin ziren. Aukerak maiz sortzen ziren eta horietako batean, Jonikok bere bigarren gola egin zuen Beñaten pase on bat sareratuta. Laskorainek lanean jarraitu zuen garaipena emango zion golaren bila, eta kosta egin zen arren, Zumetak hegalean egindako jokaldi bikain baten ostean Etxebek aurretik jarri zuen Aitorren taldea bigarren zutoinean baloia bultzatuta.
Denbora gutxira, area inguruan eginiko falta batean Arkaitzek, bere lagun den Jazz-ek inspiratuta, sekulako jaurtiketa bat eginda 6-4koa igo zuen markagailura ateko armiarma sareak garbituaz. Azken bi golak arratsaldeko protagonista bilakatu zen Jonikok egin zituen, bere denboraldiko partidarik hoberena "poker" batekin borobilduaz. Zazpigarren gola aldaratze bat orpoarekin maisutasun handiarekin errematatuaz iritsi zen eta zortzigarrena Iker atezainak emandako pase bikain bat jaurtiketa batekin amaituta.
Beraz, 8-4ko emaitza 2014ko Usabalgo azken partiduan. Aipatu Gil kapitainak min hartu zuela partidoa hasi eta berehala. Lesio hau denbora gutxirako izango denaren esperantzarekin erretiratu ziren Aitor eta Javi entrenatzaileak, Javi delegatua, Iker, Gil, Etxebe, Xabat eta Eñaut -hasierako bostekoa-, Beñat, Manso, Arkaitz, Lakun, Joniko eta Zumeta ordezkoak.
Oinarriko taldeei dagokienez, hauexek beraien emaitzak:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 3-2 Power Rangers 1896
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Eskoriatza 7-2 Laskorain
Lurraldeko Jubenila: Laskorain 14–4 Larramendi Ikastetxea
Lurraldeko Kadetea: Goierri “B” 2-3 Laskorain

2014-12-02

Laskorainen garaipen berri bat Santurtziko San Jorgeren aurka (3-5)

Aurreko jardunaldian Tolosala taldeari irabazi eta gero Santurtzi bidaiatzera egokitu zitzaion Laskoraini. Garaipena lortzea garrantzitsua zen sailkapeneko lehenengo postuetan jarraitzeko, eta taldeak ez zuen hutsik egin, partidu zail baten ondoren hiru puntuak etxera ekarrita.

Aipatu beharra dago ere, jubeniletako atezaina den Laiotzek lehenengo taldearekin debuta egin zuela.
Partidua  oso ondo hasi zuten horitxoek, baloia ondo mugituz aukera argiak izan zituzten, baina Santurtzikoak izan ziren lehenak gola sartzen, kontraeraso baten ostean horitxoen atea zulatu ostean. Laskorainek ez zuen burua jeitsi eta segituan sartu zuen berdinketaren gola Mansoren eskutik, honek area barnean Gilen pase bikain bat jaso ondoren .
Talde horitxoa partiduaren jabe egin zen eta baloia ondo mugitzen  jarraitu zuen. Horrela Jonikok Laskorainen bigarren gola lortu zuen bigarren zutoinean, Beñatek kanpo erdi ingurutik egin zion pase bikain baten ondoren.
Bigarren zatia oso ezberdin hasi zen, San Jorgekoek intentsitatea igo eta partiduaren jabe egin ziren. Denbora aurrera zihoan eta markagailuak bere horretan jarraitzen zuen. Zortzi minuturen faltan ordea, binakoa egin zuten etxekoek. Horitxoei erreakzionatzeko denborarik eman gabe etxekoak markagailuan aurretik jarri ziren minutu bat beranduago.
Aitor entrenatzaileak segituan atezain jokalaria ateratzeko erabakia hartu zuen. Honela, taldeak baloia bikain mugitutako  jokaldi batean, Zumetak berdinketaren gola egin zuen.  Atezain jokalariarekin jolasteak bere emaitzak eman zituela ikusita, jarraitzeko erabakia hartu zuen Ancelottik, eta beste jokaldi on batetan, Beñatek emandako beste pase zoragarri  batekin Zumeta jaunak bere bigarren eta taldearen laugarren gola egitea lortu zuen horitxoak aurretik jarriaz.
Bi minutu falta ziren eta oraingoan santurtziarrak izan ziren atezain jokalaria atera zutenak, baina defentsa on baten ondoren, Gilek baloia lapurtu eta bere zelaitik sartu zuen gola. Nahiz eta etxekoek atezain jokalariarekin jarraitu, 3-5eko emaitzarekin bukatu zen partida. Hiru puntuak lortuta, Javi delegatuak ekarri zuen merienda ederra jan eta itzuliko autobusa hartu zuten horitxoek.
Larunbat arratsaldean Santurtzin, Javi delegatua , Aitor entrenatzailea, Laiotz, Balerdi, Gil, Manso, Etxebe, Lakun, Mendi, Joniko, Zumeta eta Vazquez izan ziren protagonistak.
Bestalde, oinarriko taldeei dagokienez, hauek izan dira emaitzak:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain (Atsedena)
Nazional Ohorezko Mailako Jubenila: Laskorain 4-2 Goierri
Lurraldeko Jubenila: Mondrate 9-3 Laskorain
Lurraldeko Kadetea: Laskorain 15-2 Aloña Mendi