2015-11-17

Laskorainen gol festa Durangon eta hirugarren garaipena jarraian (5-10)

Azken bi asteetan lortutako garaipenei jarraipena emateko intentzioarekin abiatu zen Ikastolako taldea pasa den larunbatean Durangora, Sasikoa taldeari zor zion bisitan. 5-10eko markagailuarekin eta zakuan hiru puntu gehiagorekin egin zuen bueltako bidaia talde horitxoak.

Partidua ezin hobeto hasi zen Laskorainentzat, izan ere, Aitor entrenatzaileak partiduko atarikoan diseinatu zuen haserako jokaldia ezin hobeto marraztu zuen Etxebe ingeniariak eta 6 segundo besterik ez zituen behar izan arratsaldeko lehenengo gola markagailura igotzeko. Ez zuen asko iraun pozak talde horitxoan eta hurrengo kolpea, Sasikoak eman zuen 1-1ekoa ipiniz. Hala ere, Vazkezek segituan baieztatu zuen bere arratsaldea izango zela, 2 gol segidan egin eta  lasaitasuna emanaz ikastolako taldeari.
Atsedenaldira bitartean, aukerak sortuz jarraitu zuen Ikastolako taldeak. Horrela, Tolosako ostalaritzan aski ezaguna den Kattak, aurtengo denboraldian estreinekoz gola lortu baitzuen. Ondoren, Etxebek, 1-5ekoa igo zuen, atsedenaldira iritsiz.
Bigarren zatiko hasiera ez zen lehenengoaren ildo beretik hasi eta horrela, Laskorainen erlaxazioak Durangoko taldea berpiztea erdietsi zuen, 3 minututan 4-5eko markagailu arriskutsua ipiniz. Baina, frontoiko atzeko koadroetan erakusten duen sendotasunaz eta kantxan duen tenpleaz, Balerdik atea zulatzea lortu zuen. Segidan, Vazkezek 3 goleko abantaila eman zion Ikastolako taldeari.
Partiduak erabakitzen diren minutuetan sartu eta etxeko taldeak atezain-jokalaria ipini zuen kantxan. Bizkaitarrek, aldea murriztea lortu zuten, baina Laskoraingoak ez zeuden garaipena alde egiten uzteko prest eta Etxebek birritan eta Vazkezek, amaierako 5-10ekoa ipini zuten, biek 4 golekin amaitu zutelarik partidua.
Larunbatean, Durangon;  Zuhaitz, Balerdi, Etxebe, Juaristi, Vazkez –haserako bostekoa- Iker, Katta, Mattin, Gil, Manso eta Xabat jokalariak, Javi delegatua eta Aitor entrenatzailea izan ziren protagonista.

2015-11-10

Laskorain Nazional Jubenilak aurreneko garaipena lortu du Xotaren aurka (5-4)

Laskorain jubenil nazionalak denboraldiko aurreneko 3 puntuak lortu zituen Usabalen ospe haundiko Xota Navarra taldearen aurka. Partidua intentsitate haundiarekin hasi zuen etxeko taldeak garaipenaren bila, hainbat aukera sortzen. Hamargarren minutu inguruan Lasa kapitain salamiak bigarren zutoinean bukatu zuen taldekideen arteko konbinazio bikain bat. Taldea aurreneko aldiz aurretik jartzen zen liga honetan.

Denbora aurrera zihoan eta horitxoek partiduaren kontrola zutela zirudien. Horietako batean, botikinetik beti gertu dabilen Beñatek, defentsa alde batera utzi zuen finta ikusgarri baten bitartez eta oraingoan ere bigarren zutoinean lasaitasun ikaragarriarekin jarri zuen 2-0ekoa. Taldea sendo zebilen, baina talde naparrak lehen mailako taldearen harrobia dela erakutsi zuen, bi zartadez berdintasuna ipiniz partidan atsedenaldira iritsi baino 20 segundu lehenago. Defentsan oraindik lan asko dagoela egiteko frogatzen zuen taldeak, 18 minututan irabazitako abantaila alferrik galtzen baitzuten.
Taldea burumakur joan zen aldageletara, Urruxo entrenatzaileak taldea taktikoki zuzendu behar zuen, nahiz eta horitxoak aurreneko partidan baina txukunago ibili.  Bestalde, Jon Kortajasek argi zuen partida irabazi egin behar zela, eta horretarako energía behar zela komentatzen zuen. Mirestekoa benetan taldearekiko duen konpromezua, beti izerditzen dabil taldekidei ezer ez faltatzeko.
Bigarren zatiari ondo ekin zion Laskorainek. Beñatek berriz ere bigarren zutoinean abantaila eman zion taldeari bosgarren minutuan. Ondoren, Juan Doggyk sekulako jaurtiketa atera zuen “folha seca” erara. Atezaina oraindik baloiaren bila dabilela komentatu digute kiroldegitik.
Partida berriz aldeko zen horitxoentzat, baina Xotak 4-3koa egin zuen 3 puntuak garesti egongo zirela jakinarazten.  Hori dela eta, Lasa kapitainak argi zuen garaipena ezin zela Tolosatik joan, bestela taldeko afaria arriskuan ikusten baitzuen. Edango zuen garagardoan pentsatzen, Lasak izugarrizko jaurtiketa atera zuen 15 metro ingurutik, 5-3koa ipiniz.
Partida menpean zegoela zirudien, baina hauetako batean gutxi batzuk ikusi zuten penalti-bikoitz baten ondorioz 5-4koa ipini zuen Xotak markagailuan.  Talde naparrak atezain jokalaria atera zuen baina ez zuten lortu horitxoen defentsa gogorra gainditzea.
Bukatzeko, Martin Lakunza harakinaren debuta ere aipagarri. Jokalariak partida ondoren egindako adierazpenetan: “oso pozik nago debutarekin, nahiz eta oso urduri egon naizen. Egun bikaina izanda, garaipena eta harakinaren alabarekin ospatu dut ondoren, beti egon baita nire ondoan”.

Oilarren arteko neurketan, Laskorain nagusi (3-2)

Pasa den larunbatean Laskorainek denboraldiko 6. partidua jokatu zuen Usabal Kiroldegian, Bilbo taldearen aurka. Aurkaria ez zen batere erraza, azken hiru urteetan norgehiagoka hauek beti berdinketan amaitu izan direlarik.

Talde horitxoak bazekien partidu borobila egin behar zuela partidua aurrera atera ahal izateko. Atzean sendo hasi zen Aitorren taldea, zonakako defentsa ezarriaz zelai erdian. Bilbotarrak ez zeuden gustora kantxan, ez zituzten aukera garbiak sortzen eta baloi mordoa galtzen zuten. Lehen minutuetan ez ziren aukera garbiak egon, 7. minutuan etxekoen lehen gola iritsi zen arte. Justin Bieberren jarraitzaile sutsua den Juaristik, urruneko jaurtiketa bat egin eta Bilboko jokalari bati ikutu ostean baloia sarera sartu zen markagailuan 1-0koa ezarriz.

Gola sartu ondoren, etxeko taldeak sendo jarraitzen zuen atzean, eta kanpoko taldeak soilik urruneko jaurtiketak egiten zituen, Aratz atezainak bikain gelditzen zituelarik. Halako batean, talde horitxoaren defentsa on baten ondorioz, baloia lapurtu eta Jonikok 2-0koa ezarri zuen markagailuan 13. minutuan area ertzetik errematatutako baloi batekin.

Bigarren zatian, gidoia ez zen aldatu, Bilbok ez zuen lortzen Aitorrek planteatutako defentsa apurtzea. Etxeko taldeak pare bat aukera garbi izan zituen baina ez zuen lortu markagailua aldatzea. Bilbotarrek jaurtiketak egiten jarraitzen zuten, baina Ikerrek maisutasunez gelditzen zituen. Kanpoko taldearen kontraeraso batean iritsi zen 2-1koa, Bilboko jokalari batek bigarren zutoinean bakarrik errematatu ostean.

Gol honek partiduaren tentsioa areagotu zuen, baina etxeko taldeak atzean indartsu jarraitzen zuen, eta bigarren zatiko 14. minutuan, 2x1ko jokaldi batean 3-1koa ezarri zuen Aranburuk markagailuan, taldeari lasaitasun puntu bat emanaz. Partida amaitzeko 5 minutu gelditzen zirenean, Bilbok atezain jokalaria atera zuen, eta 18. minutuan, zoritxarreko jokaldi baten ondorioz kanpoko taldeak aldea murriztu zuen 3-2koa ezarriz. Azken bi minutuetan tentsio handia egon zen, baina kanpoko taldeak ez zuen lortu gola egitea.

Azpimarratzekoa talde osoaren tentsioa eta kontzentrazioa norgehiagoka osoan zehar. Hiru puntu garrantzitsu horitxoentzat, lehen postuetan ibiliko den arerio garrantzitsu bat sailkapenean 4 puntura utziaz.

Larunbatean, Usabalen; Aratz, Katta, Etxebe, Aranburu eta Vazquez- haserako bostekoa-, Iker, Beñat, Manso, Gil, Arkaitz, Juaristi eta Joniko jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua.

2015-11-05

Laskorainek 3-4 irabazi zuen Galdakaoko Lagun Onaken aurka

Galdakaoko Lagun Onak taldearen aurka indarrak neurtzea egokitu zitzaion talde tolosarrari azaroko lehen igandean. Azken bi asteetako porrotak zirela eta, hiru puntuak lortzea zen tolosarren helburu bakarra eta sufrituta izan bazen ere, azkenean helburua lortu zen.

Beste behin talde horitxoa kantxa osoko presioarekin kantxaratu zen. Aurreneko minutuetan ez zen aukera garbirik egon baino 5. minutuan, aste honetan Behobiako kaleetatik Mo Farah izan nahi duen Eñautek partidako lehen gola lortu zuen area barruan egindako jaurtiketa bati esker.

Lehen gol honen ondoren bi ateetan aukerak egon ziren eta baloia ondo mugitutako jokaldi batean etxeko taldeak markagailua berdintzea lortu zuen. Hala ere, baloia erditik atera bezain pronto, Arkaitzek bakarkako jokaldi batean horitxoen bigarren gola lortu zuen urrutiko jaurtiketa ikusgarri batekin. Lehen zatiak ildo beretik jarraitu zuen eta Beñatek atsedenaldira iritsiko zen 1-3ko markagailua jarri zuen.

Bigarren zatia ederki hasi zen Aitorren taldearentzat, Mattinek 1-4ekoa lortu baitzuen korner ingurutik egindako jaurtiketa batekin. Gol honekin bazirudien garaipena erraz lortuko zuela kanpoko taldeak baino bigarren zutoinera sartutako bi baloiei esker, 3-4ko markagailu estua jartzea lortu zuen etxeko taldeak. Minutuak pasa ahala inork ez zuen lortu markagailua mugitzea eta azken minutuan etxeko taldeak atezain jokalaria atera zuen baino ez zuen lortu golik egitea eta beraz, 3-4 markagailuarekin amaitu zen partida.

Igandean Galdakaon Aitor entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Beñat, Tortitas, Gil, Joniko –haserako bostekoa-, Manso, Juaristi, Mattin, Eñaut eta Arkaitz izan ziren.

2015-10-28

Laskorainek 5-4 galdu zuen Gallartako Meatzari taldearen aurka.

Pasa den igandean tolosarrak Gallartara abiatu ziren goizeko lehenengo eguzki izpiekin batera, beraien helburu bakarra 3 puntuak eskuratzera izanik. Talde gogorra izan zuten aurrean eta esku hutsik egin zuten bueltako bidaia.

Aitor prestatzaileak norgehiagokaren hasieratik, kantxa guztian presioa egitea erabaki zuen, eta bere saria azkar eskuratu zuten laskoraindarrek, Juaristik lehenengoa egin baitzuen, partidua hasi eta 25 segundo igaro ondoren.

Meatzari taldekoen aukerak, Aratz atezain horitxoa eta defentsa sendo batekin topatzen ziren behin eta berriz. Laskorain 5. faltara segituan iritsi zen eta horrek lehenengo zatiaren azkeneko 5 minutuak baldintzatu zizkion, azkenik 6. faltara iritsi arte. Gallartakoak ez zuten huts egin 10 metrotako jaurtiketan eta berdinketaren gola egin zuten. Atsedenaldira iristeko gutxi falta zela, horitxoen baloi galera bat aprobetxatuz bigarren gola egitea lortu zuen Meatzarik markagailua irauliaz.

Planteamendu berdinarekin atera ziren bi taldeak kantxara bigarren zatian eta aukera ezberdinak sortu ostean Vazquezek bigarrena lortu zuen tolosarrentzat, taldeko jokaldi polit baten ostean. Bi taldeek aukera ugari izan zituzten beraien markagailuan gola ezartzeko baina Meatzari taldekoak izan ziren 7 minutu falta zirela gola lortu zutenak.

Aitorren mutilen txanda zen, atezain-jokalariaren taktika erabiltzea izan zen erabakia, eta talde guztiaren lan bikain baten ondoren Jonikok 3-3koa ezarri zuen markagailuan. Laskorainek ia gola ospatzeko denborarik izan gabe, Meatzari taldekoak 4 eta 3koa egin zuten faltaz, norgehiagoka amaitzeko hiru minuturen faltan. 

Berriz ere atezain-jokalaria atera zuten horitxoek, baina etxekoek ondo estututako jokaldi batean, 5-3ko gola etorri zen zoritxarreko jokaldi batetan. Azkenik Mattinek 5-4koa igo zuen markagailura jokaldi nahasi batean 10 segundu faltan, baina denbora gabe geratu zen Laskorain taldea.

Igandean Gallartan, Aitor prestatzailea, Javi delegatua, Aratz, Beñat, Juaristi, Vazquez, Tortitas- haserako bostekoa- Etxebe, Joniko, Gil, Manso, Mattin, Xabat eta Zuhaitz izan ziren.

Estreinaldian, porrota Nazional Ohorezko Jubenilek (5-6)

Laskorain Nazional Ohorezko Jubenilen denboraldiko lehen partidua 5-6 emaitzarekin amaitu zen Cervenaroren aurka. Emozio handiko norgehiagoka izan zen nahiz eta partidu guztian zehar Laskorain markagailuaren azpitik ibili.

Lehen zatian urduritasuna somatu zen etxeko taldearen aldetik, adibide nagusienak Juan Garikano, bere hezurra bilatu ezinik ibili zena, eta lehen zatiaren amaieran markagailuak erakusten zuen 0-3koa.

Atsedenaldian, aldagelan urretxindorrak botatako kantaldiaren ondorioz, taldea indar berrituta kantxaratu zen 25 segundutan 2 gol sartuz.

Etxekoen grina bat batean jeitsi zen Cerveranoren laugarren golarekin. Segituan, Juaristirenak emozioa piztu zuen Usabalgo zaleen artean eta aipatzekoa handik minutu batera  CR7 Komandanteak sartutako gol ikusgarriak eserlekuetatik altxa zituela, irabazteko sinismena piztuz. Partiduan behin baino gehiagotan Aldalur jauna bere teknika eskasa erakusten saiatu zen, nahiz eta bere izkin egiteko ahalegin guztiak beste taldearen kontraerasoetan bukatzen zuten.

Azken minutuetan Aritz Lasaren defentsa lana aipatzekoa izan zen, zer ikusia izango zuen bazkaldutako salami kiloak emandako indarra. Partida amaieran 5-6ko emaitzarekin amaitu zen, argi ikusi zen atezain-jokalariaren taktika gaizki antolatua izan zela bi entrenatzaileen aldetik. Jon Kortajarena bigarren entrenatzailea partiduaren ondoren lur-jota joan zen etxera eta adituek diotenez Karlatz garagardotegiko fregonak faltan bota zion. Bestalde, Sevillako jendeak ere aipatu digu Martin Lakunzak  bertako kasinoan utziriko diru mordoa.
 
Txantxak alde batera utzita, porrota aztertzerako garaian, nabaritu daiteke taldeak ez zuela azken unerarte amorerik eman eta talde sendoa dela. Bide hortatik jarraitzeko asmoarekin entrenatuko dute hamabost egunetan, datorren asteburuan atsedenaldia egokitzen bai zaio talde horitxoari.

2015-10-20

Urteko lehen porrota Laskorainek Goierriren aurka (1-3)

Azken urteetan maila ona erakutsi duen Goierri taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Aitorren mutilek gogotsu ekin zioten partiduari baina ezin izan zuten garaipena lortu, 1-3 gailendu baitzen Urretxuko taldea.

Bi taldeek kantxa osoko presioa planteatu zuten defendatzeko garaian, eta honek abagune ugari egotea ekarri zuen bi ateetan. Talde horitxoa izan zen hauetako bati probetxua atera zion lehenengoa, kantxa erdian lapurtutako baloi bati amaiera ona emanaz Vazkezek 1-0eko markagailua jarria zuen.
Denbora aurrera joan ahala Goierri aukera gehiago sortzen hasi zen eta honela, minutu batean markagailua iraultzea lortu zuen. Bi golak antzekoak izan ziren, Laskorainek erasoan galdutako bi baloi aprobetxatuz kontraeraso azkarrak eginaz. Denbora geratzen zen oraindik lehen zatia amaitzeko, baina bi taldeek euren defentsa gogortu zuten eta abaguneak urriagoak izan ziren, atsedenaldira 1-2ko emaitza eramanaz.
Bigarren zati hasieran partiduak ildo beretik jarraitu zuen, paretsu jarraitzen zuen eta ez zen inor aurkariaren atea zulatzeko gai. Pixkanaka tolosarrak baloiaren jabe egin ziren eta aukerak sortzen joan zen, baina ez zen iritsi berdinketaren gola. Sei minutu falta zirela, Goierriko jokalari batek bakarkako jokaldi batetan 1-3ko markagailua jartzea lortu zuen urrutitik egindako jaurtiketa batekin bikain definituaz.
Emaitza iraultzeko asmotan Aitorrek atezain jokalaria atera zuen. Lehenengo minutuetan ongi mugitu zuen baloia talde horitxoak Goierriko ate inguruan arriskua sortuaz, baina sortutako aukerak ez ziren goletan bilakatu. Azken bi minutuetan urretxuarrek defentsa ona burutu zuten, eta partidua 1-3ko emaitzarekin amaitu zen.
Larunbat arratsaldean Usabal kiroldegian, Javi delegatua , Aitor entrenatzailea, Zuhaitz, Beñat, Gil, Juaristi eta Vazkez -haserako bostekoa- eta Iker, Katta, Mattin, Manso, Arkaitz, Etxebe eta Xabat jokalariak.

2015-10-14

Soloarte talde bizkaitarra mendean hartzea lortu zuen etxetik kanpo Laskorainek (2-5)

Aurreko asteko sentsazio gazi-gozoak ezabatzeko eta lehengo urteko joko maila erakusteko intentzioz ekin zion bidaiari igande arratsaldez Laskorain taldeak Basauriko Soloarte taldeari zor zion bisitan.

Talde tolosarraren identitate bihurtu den zonakako defentsaren planteamenduarekin ekin zion norgehiagokari taldeak, kontraerasoan min egiteko asmoz. Aurreko partiduko intentsitate mailarekin zerikusirik ez zuen defentsak, erasoan lehen abaguneak sortzeko aukerak eman zizkion taldeari.
Minutuak pasa ahala, bizkaitarrek defentsan uzten zituzten hutsuneak hobeto aprobetxatzen ari zen ikastolako taldea eta horrela, Aranburuk eskuaira eta kartaboiarekin marraztutako paralela bikain bati bukaera ezin hobea  eman zion Vazquez asturiar printzeak.  Bi minutu beranduago Aranburu bera izango zen goleatzailea, atezainaren aurrean maisuki iskin egin ondoren baloia sareratuz.
Bi goleko errenta garrantzitsuarekin atsedenaldira iristeko intentzioarekin, taldeak intentsitate maila altua mantendu behar zuen, baina Soloartek ondo diseinatutako alboko sake baten ondorioz, aldea murriztea lortu zuen. Gol honek, talde guztiaren pultsazioak igo eta nerbioak azaleratzea eragin zuen, baina larrialdi une hauetan aditua eta espezialista den Jonikok, berriro ere 2 aldeko diferentzia ezarri zuen markagailuan, atsedenaldira iritsiz.
Bigarren zatiko gidoia ez zen aldatu eta basauritarren jokaldi arriskutsuei, Iker atezainak geldialdi ezin hobeak ematen zizkion bitartean, kontraerasora bizkor ateratzen zen talde tolosarra. Horrela, 1-2 2-1 galgo karrera bailitzan, kantxa guztia ziztu bizian zeharkatu eta urrutiko jaurtiketa baten ondorioz eta 3x2ko nagusitasun egoera aprobetxatuz ondoren, Mattinek, bizkaitarren atea birritan zulatzea lortu zuen 1-5eko emaitza ezarriz.
Partidua azken minutuetan sartu zen eta horrela, 7 minutu faltan, etxeko entrenatzaileak atezain-jokalaria kantxaratu zuen.  Defentsan lana egitea tokatzen zen oraingoan. Ezin hobeto defendatu zen 5x4 egoera hau, baina urrutitik eginiko jaurtiketetan ez ziren fin ibili ikastolakoak. Azken aukeran, Soloartek, bukaerako 2-5eko emaitza ezarri zuen.
Aipatzekoa Juaristiren debuta Laskoraingo lehen taldearekin. Badirudi azkenaldian larunbat gauetan elizara eginiko bisitek fedea piztu duela jokalari gaztearengan eta ate aurrean asmatzen ez duen arren, gogotik egin zuen lan defentsan.
Lana gogotik eginda, igandean Basaurin -Zuhaitz, Beñat, Etxebe, Juaristi eta Joniko –haserako bostekoa-, Iker, Katta, Mattin, Aranburu, Manso eta Vazquez jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua izan ziren.

2015-10-07

Garaipenarekin hasi du denboraldia Laskorainek (6-4)

Pasa den larunbatean eman zion hasiera Laskorain taldeak 2015-2016 denboraldiari Billabonako Egintza taldearen aurka Usabal kiroldegian. Lehendabiziko partidua izanik, nabariak ziren hasierako urduritasunak, baina, helburua argi eta garbi zuen taldeak, urtea behar bezala hasteko garaipena ezinbestekoa zen.

Partiduaren hastapenetan, Federazioko arduradunek, 2014/2015 txapelketako garailea izan zen Laskoraini, Txapeldunaren garaikurra eman zioten. Talde guztiaren izenean, Joseba Gil kapitainak jaso zuen ongi merezitako saria.
 
Joseba Gil kapitainak jaso zuen Txapeldunaren garaikurra (Arg: Maiorga)
 
Partiduari hasiera ezin hobea eman zion taldeak, jokaldi azkar batean Lakunek baloia sareratzea lortu baitzuen. Jokaldi batzuren ondoren Egintzako jokalarien akatsen ondorioz, epaileek lagapena adierazi zuten. Kantauri itsasoarekin nahikoa ez eta Estatu Batuetako kosta arakatzen ibili den Aitor entrenatzaileak prestatutako estrategia jokaldia bikain aplikatuz, Etxebek, Billabona herriarekin  ezkutuko sekretuak dituenak, gola sartu zuen bi eta hutsekoa ezarriz.

Egintzak aldea murriztea lortu zuen arren 2-1koarekin, jokaldi batzuren buruan Jonikok bi goleko aldea ezarri zuen markagailura horitxoen hirugarren gola igoz. Pozak ez zuen asko iraun, Egintzak berriro aldea murriztu baitzuen, 3-2. Hala ere, atsedenaldira joateko segundoak falta zirenean, aurreko urteetan eskolapioetako kaiolan jokatzen aritzen zen Jon Aranburuk 4-2koa ezarri zuen bere debuteko gola sartuz.

Bigarren zatia ez zen batere ondo hasi. Taldea kontzentrazio faltarekin hasi zen eta egoera aprobetxatuz Egintzak partidua berdintzea lortu zuen, 4-4. Jokalariei urduritasunak eta larritasunak, defentsan zein erasoan zenbait erabaki oker hartzera bultzatu zieten. Partiduko minutu erabakigarrienak ziren eta tentsio handia nabari zen 2 taldeetan. Horrela, Egintzako jokalari batek bigarren txartel horia ikusi eta aldageletarako bidea hartu zuen taldea jokalari bat gutxiagorekin utziz.  Egoera hori aprobetxatuz, Hulk bera baina indartsuagoa den Balerdik maisutasunez baloia ate barrura sartzea lortu zuen.  Partidua amaitzear zela, penalti bidez, bigarren bat sartzeko astia izan zuen, markagailuan bukaerako 6-4ekoa ezarriz.
 
Iazko taldeko ordezkariak ere gehitu ziren argazkira (Arg: Maiorga)
Ez zen partidu ikusgarria izan joko aldetik, baina garaipena lortu zen horitxoen kasta eta gogoari esker. Argi dago hainbat aspektu hobetu beharko dituela taldeak lehengo urteko dinamika berreskuratzeko.

Usabalen, denboraldiko lehenbiziko 3 puntuak poltsikoratu zituzten, Aratz, Balerdi, Etxebe, Manso, Joniko – haserako bostekoa-  Lakun, Aranburu, Vazquez, Katta eta Zuhaitz jokalariak eta Aitor eta Javi delegatua.

2015-05-18

Kadete taldea, Gipuzkoako txapeldun

Pasa den larunbatean, Donostiako Mons kiroldegian, areto futboleko Gipuzkoako finalak ospatu ziren. Goizeko lehen finalean, kadete mailarena, txapelketa erregularra lehen postuan amaitu zuen Elgoibarreko Sukia Debabarrena talde indartsua eta Laskorain Ikastolako gazteak aritu ziren aurrez aurre.

Partidaren hasiera ezin hobea izan zen talde horitxoarentzat, izan ere, entrenamenduetan landutako hasierako jokaldi bati esker, markagailuan aurre hartzea lortu zuten finaleko lehen erasoaldian. Hala ere, Sukia taldeak lanean jarraitu zuen eta korner batean berdinketa lortu zuen.

Atsedenaldirako 8 minutu gelditzen zirenean, Josebak baloi bat lapurtu zuen zelai erdian eta ederto amaitu zuen jokaldia. Gainera, minutu erdi faltan, Laskorainek 1-3ekoa lortu zuen falta baten bitartez.

Bigarren zatiari gogor ekin zioten elgoibartarrak eta berehala berdindu zuten norgehiagoka. Tolosarren momentu zailenak izan ziren, baina laugarren gola egin ondoren, maldan behera jarri zitzaien partida.

Denbora aurrera joan ahala, presa sartu zitzaion Sukiari eta hori oso ongi baliatu zuten Andoni Zumetaren mutilek gogor defendatuz eta kontraerasoak gol bihurtuz. Azkenean, 2-8ko emaitzak, Laskorain Ikastolako gazteek egindako urte bikaina borobildu zuen.

Larunbatean, Mons kiroldegian Gipuzkoako txapeldun bilakatu ziren Xanet, Iturrioz, Juaristi, Joseba (3) eta Jonatahn (2) -hasierako bostekoa- Totxu, Zabala eta Urdan (3) jokalariak, eta Andoni entrenatzailea.

Kadete mailako Gipuzkoako txapeldunak (Arg: Andoni Zumeta)

Datorren larunbatean, hilak 23, 16:15ean, Lezoko Bekoerrota kiroldegian, Euskadiko txapelketa jokatuko dute Bizkaiko txapeldunaren aurka. Euskadiko txapeldunak Espainiako koparako txartela eskuratuko luke.

Zorionak mutilak!!!

2015-05-12

Porrota Laskorainek igoera faseko joaneko partiduan (6-4)

Errioxara bidaiatu zuen Laskorain taldeak bertako ligako txapeldun geratu zen Embalajes Blanco taldearen aurka igoera faseko joaneko partidua jokatzeko. Arerio gogor bat eduki zuen aurrean eta ezin izan zuen gairapena lortu.

Ezin hobe hasi zen partidua horitxoentzat, hamargarren segundurako lehen gola sartu baitzuen Zumetak, arerioari baloia ostu eta atezainaren aurrean baloia loratuaz. Bi taldeek kantxa osoko presioa eginez jokatu zuten, eta bertako kantxa txikia izanik baloi galera asko egon ziren bi taldeen eskutik. Honela, Laskorainek, erasoaldietako batetan baloia galdu eta, kontraeraso on bat egin ostean, etxeko taldeak berdinketaren gola egin zuen. Denbora gutxira, tolosarrek aurkariaren atetik gertu falta jaurtiketa arriskutsu bat izan zuten eta bikain aprobetxatu zuen Gil kapitainak berriro ere talde horitxoa aurretik jartzeko. Partidua irekita zegoen bi taldeentzat, aukerak bi aldeetan maiz sortzen ziren baina etxeko taldea izan zen asmatzea lortu zuen bakarra atsedenaldira iritsi aurretik, bi gol egitea lortu baitzuen markagailua irauliaz.
Bigarren zatian, errioxarrek defentsa lerroa atzeratu egin zuten eta baloiaren jabetza Laskorainena izan zen, baina ez zuten arrisku handirik sortzea lortzen. Bai ordea etxekoek kontraeraso azkarrak eginez, eta honen ondorioz, Embalajes Blanco taldearen golak bata bestearen atzetik etorri ziren 6-2ko behin behineko emaitza jarri arte. Momentu latzetatik pasatzen ari zen talde horitxoa, kanporaketari begira emaitza txarra baitzen oso, eta lau minutu besterik ez ziren geratzen partidua amaitzeko.
Beste behin, Laskorain taldeak momentu zailetan aurten erakutsi duen kasta atera zuen eta Etxebek, area kanpotik egindako jaurtiketa azkar batekin atezaina gainditzea lortu zuen 6-3ko emaitza ezarriaz. Gol honek partiduan sartu zuen berriz ere talde horitxoa, eta denbora gutxira, Zumetak arratsaldeko bere bigarren gola egitea lortu zuen berriz ere area kanpotik egindako beste jaurtiketa batekin, 6-4ko azken emaitza utziaz. 
Aipatzekoa eta txalotzekoa Errioxara bertaratu ziren Laskoraineko zale guztien esfortzua eta jarrera, momentuoro nabarmenak izan baitziren beraien animoak.
Beraien eta, hemendik bi asteetara Usabalera hurbilduko diren zaleen laguntzarekin, kanporaketari buelta emango dioten sentsazioarekin bueltatu ziren Aratz, Gil, Etxebe, Zumeta eta Eñaut -haserako bostekoa-, Balerdi, Manso, Josu, Lakun,Mendi, Xabat eta Joniko jokalariak, eta Aitor eta Javi prestatzaileak.
Bestalde, Nazional Jubenilek, asteburuan jokatu zuten azken partida. Santxoren mutilak, denboraldi gogorra pairatu dute eta amaierakoan ere porrotarekin itzuli ziren Tolosara: Berrio Santutxu 7-3 Laskorain.
Amaitzeko, aurten horitxoen harrobiak eman duen talderik oparoena den Zumetaren Kadeteak, Gipuzkoako txapelketako finalerako txartela lortu zuen Eskoriatzan Arizmendi taldeari gailenduta. Arizmendi 3-8 Laskorain.
Finala, datorren larunbata, hilak 16, goizeko 09:30ean Donostiako Mons kiroldegian izango da, Sukia Debabarrenaren aurka.
Zorte on mutilak!

2015-04-21

Bolada onari jarraipena eman zion Laskorainek Egintzaren aurka garaipena lortuz (6-3)

Ligako txapeldun geratu ondorengo lehen partidan, Billabonako Egintzaren aurka indarrak neurtzea egokitu zitzaion Laskoraini. Ez zen arerio errazena azken sei partidak jarraian irabazita baitzetorren kanpoko taldea.

Etxeko taldea gogotsu kantxaratu zen partida ikustera etorri ziren zaleak gozarazteko asmoz. Eraso arriskutsu batzuen ondoren, Gil kapitainak arratsaldeko lehen gola lortu zuen jaurtiketa gurutzatu baten ondorioz. Laskorainek erasoan jarraitzen zuen eta modu honetan Lakunek arratsaldeko bigarren gola egitea lortu zuen atezainari iskin egin eta gero. Talde horitxoa gehiago bazen ere kanpoko taldeak eraso arriskutsu batzuk egin zituen eta horietako batean aldea murriztea lortu zuen 2-1ekoa ipiniz markagailuan.

Gola jaso ondoren ez zen kikildu etxeko taldea eta Mansok egindako bakarkako jokaldi eder batean 3-1ekoa lortu zuen. Lehen zatia amaitzen ari zela Balerdi sheriffak bi gol lortu zituen ondo gidatutako bi kontraerasori amaiera emanez eta atsedenaldira iritsiko zen 5-1eko emaitza ipiniz markagailuan.

Lehen zati ikusgarriarekin alderatuz bigarren zatiak ez zuen lehenengo zatiaren itxurarik izan. Etxeko taldea ez zegoen eroso kantxan eta Egintza hobeto jolasten hasi zen, eraso arriskutsuak eginez. Nahiz eta Ikerrek horietako asko ezerezean utzi, bi aldiz hurbiltzea lortu zuen Billabonako taldeak 5-3ko markagailua ipiniz. Kanpoko taldeak hobeto jolasten jarraitzen zuen baino ez zuen asmatu ate aurrean eta partida amaitzen ari zela amaierara iritsiko zen 6-3koa ipini zuen Mansok.

Larunbatean Usabalen- Aratz, Balerdi, Gil, Lakun eta Joniko – Iker, Etxebe, Manso, Josu, Xabat, Zumeta eta Mattin jokalariak, Javi delegatua eta Aitor entrenatzailea. Partida amaitu ostean ligaren garaipena ospatzera joan ziren bai jokalariak baita urte osoan taldea animatzen aritu diren hainbat zale ere.
 
Taldeak zaletuekin gozatu nahi izan zuen eguna. (Arg: Tolosaldeko Ataria)
 
Oporretatik bueltan, oinarriko taldeek ere izan zituzten bere partidak:
Lurraldeko 2. maila: Denak Taberna 5-1 Laskorain
Nazional ohorezko mailako jubenilak: Goierri 1-1 Laskorain
Lurraldeko jubenila: Samaniego Orixe “A” 2-1 Laskorain
Lurraldeko kadetea: Arizmendi 2-2 Laskorain

2015-03-27

Laskorainen garaipena San Jorge Santurtziri 6-4 irabazita

Aurreko partidan Goierri taldearen aurka berdinketa lortzetik zetorren San Jorge Santurtziren aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Lidergoan jarraitzeko hiru puntuen bila atera ziren Aitorren mutilak.

Azken bi partidatan gertatu bezela, Laskorain taldeak nahiko lokartuta hasi zuen partida eta konturatzerako atzetik zen markagailuan. Zesio baten ondoren San Jorgek Laskorainen atea zulatzea lortu zuen. Partidua maldan gora jarri zitzaion Laskoraini baino sareraketa horren ondorioz esnatzen hasi ziren. Talde guztiaren jokaldi eder baten ondorioz, Andonik arratsaldeko lehen gola sareratzea lortu zuen markagailuan berdinketa ipiniz. Laskorainek ez zituen besoak jetsi eta minutu gutxira Etxebek jaurtiketa bikain baten ostean 2-1ekoa jarri zuen markagailuan.
Hala ere, Santurtziko taldea presio handirik gabe zetorren liderraren aurka jokatzera eta, zelai erdian lapurtutako baloi baten ondorioz, berdinketa lortu zuen, beraientzat arratsaldeko 2. gola eskuratuz. Atsedenaldira iristeko 3 bat minutu geratzen zirenean, Lakunek berdinketa hautsi zuen (3-2).
Atsedenalditik bueltan, Laskorain zen partiduaren jabe eta aukera garbienak horitxoen alde ziren. Laskorainek jokaldi nahasi baten ondorioz, eta Andonik ateazainari “pikadita” bat egin ostean, lasaitasunaren gola lortu zuen 4-2koarekin. Baino lasaitasunak gutxi iraungo zuen horitxoentzat. Taldearen 2 hutsen ondorioz San Jorgeko mutilek berdinketa lortu zuten (4-4).
Partidua amaitzeko 10 minutu geratzen ziren eta lanean buru belarri jarraitzea tokatzen zen. Laskorainek zituen partidako jokaldi arriskutsu guztiak eta horietako batean Beñatek taldearen arratsaldeko 5. gola sareratzea lortu zuen.
San jorge Santurtzi partiduaren bila atera zen atezain jokalaria erabilita. Defentsa on baten ondorioz lasaitasunaren gola etorri zen horitxoentzat. Presio bikain baten ondorioz, Gil kapitanak baloia lapurtu eta, seigarren eta arratsaldeko azken gola ipini zuen (6-4)
Larunbata arratsaldean Usabalen Iker, Beñat, Gil, Lakun, Andoni –haserako bostekoa-, Murgi, Etxebe, Josu, Manso, Arkaitz eta Eñaut jokalariak, Javi delegatua, Aitor eta Javi entrenatzaileak lortu zuten garaipen garrantzitsu hau.
Amaitzeko, oinarriko taldeen emaitzak:
Lurraldeko 2. maila: Laskorain (atsedena)
Nazional ohorezko mailako jubenilak: Laskorain (atsedena)
Lurraldeko jubenila: Zaldibia- Laskorain (bertan behera)
Lurraldeko kadetea: Laskorain 7-2 Goierri k.e B

Laskorainek 4na berdindu zuen Goierri-n aurka

Hirugarren Mailako lehenbiziko bi postuetan aurkitzen diren bi taldeen arteko lehia bizi ahal izan genuen pasa den ostegunean Tolosako Usabal Kiroldegian. Greba egin zela eta, atzeratutako jardunaldia jokatu zuten bi taldeek, Laskorainek 7 puntutako errenta mantentzeko esperantzarekin eta Goierrik ordea, ligako taulan, 4 puntutara gerturatzeko asmoarekin.

Norgehiagoka ez zen oso ondo hasi etxeko taldearentzat, 0-1ekoa egin baitzuen Goierri taldeak haserako minutuetan. Errespetu handiz jolasten ari ziren bi taldeak, bata bestearen ate aurrean aukera ezberdinak galduz baina urte guztian ederki jolasten ari den Zumeta Iruña tabernako erregeak, berdinketa lortu zuen etxeko taldearentzat. Lehengo zatia horrela bukatu zen.
Bigarren zatia hasi eta berehala Goierriko taldeak bi gol sareratzea lortu zituen 1-3koa markagailuan jarriaz, baina Laskorainek ez zituen besoak jeitsi eta Lakun eta Etxeberen medioz berdinketa egitea lortu zuten.
Norgehiagoka une garrantzitsuenera iritsi zen, bi taldeek asko zuten jokoan eta ez zuten nola hala galdu nahi, eta horrela 4 minutu falta zirela berriz ere Goierriko taldeak aurrea hartu zuen markagailuan, sekulako kolpea etxeko taldearentzat.
Laskorainek, urte askotan zehar bereiztu dion kasta hori atera behar zuen eta atezain-jokalariarekin irten zen. Aukera asko galdu ostean, 36 segundu faltan, Zumetaren pase bat jaso ondoren Jonikok laugarren eta partidako azken gola lortu zuen.
Ostegunean, Usabal Kiroldegian, garrantzizko puntua lortu zuten; Javi delegatuak, Aitor entrenatzaileak, Aratz, Gil, Lakun, Etxebe eta Zumeta-haserako bostekoa- Iker, Arkaitz, Murgi, Beñat, Xabat, Manso eta Joniko jokalariek.

2015-03-17

Laskorainen beste pauso garrantzitsu bat Tolosalari 2-7 garaitu ostean

Urteko partida zailenetako bat zuten aurretik larunbatean horitxoek, “La jaula”-n jokatzea tokatzen zitzaien Tolosalaren aurkako derby-an. Hiru puntuak eskuratu eta lehen postuan sendo jarraitzeko intentzioarekin kantxaratu ziren Aitorren mutilak.
 
Partida ez zuten batere ondo hasi laskoraindarrek, lehen minuturako maldan gora jarri bai zitzaien norgehiagoka “Willy”-k egindako golaren ondorioz. Lehen gola kolpe gogorra izan bazen ere partida osoa geratzen zen honi buelta emateko eta Lakunek egindako pase eder bat aprobetxatuz Zumetak berdinketa ipini zuen markagailuan (1-1). Denbora aurrera joan ahala kanpoko taldea geroz eta erosoago aurkitzen zen kantxan, baino zoritxarreko jokaldi baten ostean berriz ere Tolosalakoak aurreratu ziren markagailuan 2-1ekoa ipiniaz.
 
Hala ere pozak ez zien asko iraungo etxeko jokalariei, berriro ere Zumetak area kanpotik egindako jaurtiketa eder batekin berdinketa ipini baitzuen (2-2). Tolosalakoak atzean sartuta jarraitzen zuten eta horitxoek ez zuten zirrikiturik aurkitzen 3. gola sartzeko. Tolosalakoek falta bat egin ostean hutsartea eskatu zuen “Itsasoko Kapitainak” eta pizarrako jokaldi horretan iritsi zen horitxoen hirugarren gola, nola ez Andonik berriro ere, eta lehendabizikoz aurretik jartzea lortu zuten laskoraindarrek (2-3), horrelaxe iritsiaz atsedenaldira.
 
Aldageletatik bueltan, partida kolorea galtzen joan zen eta jokaldi nahasi batean, berriz ere Zumetak Laskorainen eta bere laugarren gola egin zuen 2-4koa ipiniaz. Partida aurrera jarraitzen zuen eta horrelako batean Xabaten pase on bat aprobetxatuz “Diego Costa Vazkez”-ek 2-5ekoa ezarri zuen. Tolosalakoek atezain-jokalaria ateratzea erabaki zuten baina ez zien min askorik egin horitxoei eta Etxebek 2-6koa ipini zuen markagailuan Vazkezen pase on baten ondoren. Partida amaitzen ari zela Gilek beraien atezaina ez zegoela aprobetxatuz amaierako 2-7koa ipini zuen.
 
Aipatzekoa Andoni Zumeta “pokerstarrak” egin zuen partida, 4 golekin poker benetan dotorea egin baitzuen. Bestalde, Bikutz eta Iruña inguruko adituek diote gauean 5. gola bilatzen ikusi zutela, berak erantzun beharko du hurrengo egunetan ea “manita” egitea lortu zuen ala ez.

Larunbatean eskolapioetan- Aratz, Gil, Etxebe, Andoni eta Vazkez – Iker, Beñat, Murgi, Lakun, Mendi, Josu eta Xabat jokalariak, Javi delegatua eta, Javi eta Aitor entrenatzaileak. Partida amaitu ostean aipatzekoa da bi taldeen arteko giro ona aprobetxatuz denak batera afaltzera joan zirela.
 
Datorren ostegunean, hilak 19 eguerdiko 12:00tan, Laskorainek momentu hauetan hirugarren postuan dagoen Goierriren aurka neurtuko ditu indarrak eta garaipena eskuratuz gero, esku eskura izango du ligako lehen postua amaierarako 5 jardunaldiren faltan.
 
Amaitzeko, oinarriko taldeen emaitzak:
 
Lurraldeko 2. Maila: Ataun Torkaeta 7 – 3 Laskorain
Nazional ohorezko mailako jubenila: Zierbena 6 – 2 Laskorain (atzeratua)
Lurraldeko jubenila: Laskorain (Atsedena)
Lurraldeko kadetea: Inter Intxaurrondo 6 – 3 Laskorain (atzeratua)
                              Aloña Mendi 0 – 12 Laskorain

2015-03-12

Lidertza sendotzeko garaipen bikaina Laskorainek (5-2)

Aurreko astean Bilbon lortutako berdinketa ona egiteko asmoz kantxaratu ziren jokalari horitxoak igande goizean Usabalera. Aurrean, Elorrioko talde indartsua zuten, orain arte Laskorain menpean hartzeko gai izan den talde bakarra ligan.

Norgehiagokak hasiera bikaina eduki zuen, izan ere etxeko taldea partidan oso sartuta hasi zen, baloia edukiz eta aukerak sortuz. Horrela, 8. minutuan Etxebe “Aitatxok” gidaturiko kontraeraso batean asistentzia bikaina eman zion Joniko “Bitxayua”-ri, honek partiduko lehen gola egin zezan. Elorrioko taldea ez zen bat ere gustura aurkitzen partidan baina bere jokalarien kalitatea agerian utziz, markagailua berdintzea lortu zuten atsedenaldirako 7 minutu gelditzen zirenean, jokaldi nahasi baten ostean.
Hala ere, Aitor Garciaren jokalariek ez zuten partiduaren erritmoa jeisteko asmorik eta Gil kapitainak lapurtutako baloi baten ondoren,  "Salamankako Lucifer" Andonik baloia sare barruan utzi zuen berriro ere markagailuan aurrea hartuz.  Etxeko taldeak lanean jarraitzen zuen gogor eta aukera garbiak sortu zituen, hala nola Andonik huts egindako doble-penalti bat. Hala eta guztiz ere, atsedenaldirako 4 minutu gelditzen zirenean Joseba Gilek etxekoen hirugarren gola egitea lortu zuen talde jokaldi baten ondoren.
Bigarrengo zatia lehenengoa bezalaxe hasi zen, Laskorainek zuen baloia eta eurentzat ziren aukera garbienak. Horrela, kontraeraso azkar batean Vazkez “Oviedotarra”-k amaiera paregabea eman zion jokaldiari urruneko jaurtiketa batekin. Bukatzeko, 10 minuturen faltan, Andonik etxeko taldearen bostgarren gola lortu zuen, behingoz amaiera lasai batez gozatu ahal izateko. Elorrioko taldeak atezain-jokalaria egitea erabaki zuen azken minutuetan eta horrela bigarren gola lortu zuen markagailua 5-2 utziz.
Azkenik, aipatzekoa da talde guztiaren lana eta konpromezua, denak helburu baten bila doazenaren seinale izan baitzen igandeko partida. Aipatzekoa ere bi atezainen partida bikaina.
Igandean Usabalen -Aratz, Gil, Etxebe, Andoni eta Vazkez-  Iker, Beñat, Josu, Xabat, Joniko, Manso eta Murgi jokalariak. Javi delegatua eta, Javi eta Aitor entrenatzaileak.
Oinarriko taldeen emaitzetan denetik egon da:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 7 - 0 Egintza
Nazional ohorezko mailako jubenila: Xota 6 - 3 Laskorain
Lurraldeko jubenila: Larramendi Ikastetxea 12 - 4 Laskorain
Lurraldeko kadetea: Laskorain 3 – 3 Erain

2015-03-03

Garaipen zaporeko berdinketa Laskorainek Bilbora egindako bidaian (3-3)

Aurreko astean Goierri taldeari irabaztetik zetorren Bilboren aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Bizkaitarrentzat garaipena beharrezkoa zen lidertzara hurbiltzeko, eta nahiz eta ia partidu guztian aurretik joan, talde horitxoaren azken minutuetako lan onak berdinketarekin utzi zuen azken markagailua.

Gogor hasi zuten norgehiagoka bilbotarrek, lehen minutuetan nagusi izan ziren ohiko duten beraien presioko defentsarekin. Lehen minutuetan hainbat abagune izan zituzten baina Aratzek egindako lan onak ezerezean utzi zituen. Minutuak pasa ahala, Laskorain bere tokia aurkitzen joan zen eta bere lehen aukerak sortu zituen. Hala ere, horitxoen atezainari pitatutako bost segundu eztabaidagarri batetik etorritako falta jaurtiketa batetan, 1-0ekoa sartzea lortu zuen talde bizkaitarrak. Atsedenaldira iristeko gutxi falta zela, baloia ondo mugitutako jokaldi batetan 2-0 gola sartu zuten bilbotarrek, partidua maldan gora jarriaz tolosarrei.
Bigarren zatia desberdin hasi zen, etxekoek fisikoki behera egin zuten eta hau baliatuz talde horitxoak gora egin zuen. Baina nahiz eta baloiaren jabe izan, ez zuten abagune garbirik sortzen. Gainera, kantxa erdian lapurtutako baloi batekin Bilbok 3-0ekoa egitea lortu zuen. Denbora aurrera zihoan, eta Laskorain ez zen gai min handirik egiteko defentsan eroso zegoen Bilbo sendo bati. Hau kontutan hartuta, Aitor entrenatzaileak atezain jokalaria ateratzeko erabakia hartu zuen 6 minutu faltan. Joko ona eginaz aukerak sortzen hasi zen talde horitxoa, langara bidali zuten baloia bi bider aldiz, baina ez zuten lortzen lehen gola egitea.
Azkenean, atezain jokalariari etekina aterata 3-1koa sartu zuen Jonikok bigarren zutoinean Beñat Balerdik egindako pase on bat bultzatuaz. 4 minutu geratzen ziren oraindik eta urduritasuna nabaritu zen etxeko taldean. Baloia berehala galtzen zuten hauek, eta horretaz baliatuz, beste jokaldi on batetan taldeak baloia aldenik alde bikain mugituaz Etxebek 3-2koa sartu zuen bigarren zutoinean Jonikok emandako pase bat sareratuaz.
Hortik gutxira, aurreko golaren jokaldi antzeko batekin Etxebek berdinketaren gola sartu zuen, oraingo honetan Zumetak egindako pase on bat aprobetxatuaz. Minutu bakarra geratzen zen partidua amaitzeko, eta nahiz eta Bilbo taldea atezain jokalariarekin saiatu, horitxoen defentsa onak ezerezean utzi zituen saiakera hauek, meritu handiko 3-3ko azken markagailua lortuaz.
Puntu baliotsu bat lortu izanaren sentsazioarekin bueltatu ziren Tolosara Aitor eta Javi prestatzaileak, Aratz, Beñat, Gil, Lakun eta Joniko -haserako bostekoa- Murgi, Manso, Etxebe, Arkaitz, Zumeta eta Vazquez.
Oinarrizko taldeen emaitzetan aipatu Kadeteen partida, hasi eta 7. minuturako, bertan behera gelditu zela kantxa bustita zegoelako:
Lurraldeko 2. Maila: Makax 25 Urte 1 – 4 Laskorain
Nazional ohorezko mailako jubenila: Laskorain 6 – 7 Castro Urdiales
Lurraldeko jubenila: Laskorain 1 – 5 Mondrate
Lurraldeko kadetea: Inter Intxaurrondo 1 – 0 Laskorain (bertan behera)

2015-02-11

Garaipena Kalderero osteko egunean (2-3)

Irteera zaila zen igandekoa Aitorren taldearentzat, izan ere aurten igo berri den Meatzari Petronor taldearen aurka jokatzen zuten beti ere zaila den Gallartako futbol zelaian. Partida bakarra galduta ziren atzo (igandea) arte bizkaitarrak, baina izerdia aterata hiru puntuak ekarri zituzten Tolosara.
Argi zuten jokalariek partida horretan hiru puntu baino gehiago jokatzen zirela eta horregatik oso kontzentratuta atera zen hasieratik Laskorain. Defentsa sendo batetik abiatuaz lehen aukerak sortzen hasi ziren eta horietako kontra eraso batetan Asier Etxeberriak lortu zuen partidako lehen gola. Baina minutu gutxi batzuk beranduago berdinketa egitea lortu zuen Meatzari taldeak atsedena baino lehen.
Berdinketak ez zien balio laskoraindarri eta horregatik gogotsu atera ziren bigarren zatian, nahiz eta ez ziren oso fin ibili lehen minutuetan. Hala eta guztiz ere, aukerak izaten jarraitu zituzten eta kontra eraso batean etxeko taldeko atezainak txartel gorria ikusi eta zelaia utzi behar izan zuen. Hortaz, lau hiruren aurka lortu zuten Zumetaren eskutik 1-2 ezartzea markagailuan. Lanean jarraitu ostean bi goletako errenta lortu zuten Beñat Balerdiren eskutik.
Hiru puntuak etxera eramango zituztelakoan, Meatzarik atezain jokalaria atera zuen azken minutuetan berriz ere partidan sartzeko asmoarekin. Laskoraingo jokalariek defentsa zorrotza egin eta aukerak egin arren ez zuten atearekin asmatzen. Honela jokaldi batetan 2-3ko azken markagailua ezarri zuten bizkaitarrek. Laskorain taldea, garaipen honekin, lehen postuan mantentzen da bigarrenetik lau puntutara.  
Kalderero ondorengo egunean etxeko lanak ondo eginda utzi zituzten Javi delegatuak, Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Iker, Vazquez, Manso, Gil, Balerdi, Lakun, Zumeta, Murgi, Etxebe, Joniko, Mendi eta Josuk.
Oinarriko taldeei begiratu bat emanda, esan Nazional Ohorezko Jubenil mailako derbia izan genuela, Laskorain eta Ibarrako Lauburu taldeen artean. Kaldererotako ajeari etekin haundiagoa atera zioten bizilagunek Usabalen igande eguerdian jokatutako partidan. Emaitza guztiak hemen:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 2 – 2 Gure Txokoa
Nazional ohorezko mailako jubenila: Laskorain 4 – 12 Lauburu Ibarra
Lurraldeko jubenila: Laskorain 2 – 9  Zarautz “B”
Lurraldeko kadetea: Goierri “A” 0 – 6 Laskorain

2015-01-27

Lidertza sendotzen duen garaipen garrantzitsua lortu zuen Laskorainek Lasarten (2-4)

Bigarren itzuliari hasiera emateko partida gogorra egokitu zitzaion Laskoraini, sailkapen taula erdian kokatzen den Ostadar Carpinteria Antonio talde lasartearraren aurka. Azken urte hauetan hainbeste izerdi bota-arazi dizkiona, batez ere, Lasarteko kiroldegian.

Partida gogor bati ekiteko prest atera ziren Aitor “Ancelotti”-ren mutilak, baina lasartearrak izango ziren lehenengo aukerak sortu zituztenak, Iker atezain gaztearen atea zulatu asmoz. Aldiz, Mansok, talde jokaldi on bati, ezin hobeto eman zion amaiera markagailuan 0-1ekoa ipiniz.
Hala ere, Laskoraingo mutilek bazekiten lanean gogor jarraitu behar zutela, intentsitate bera edo gehiago ezarriz, gainantzean, partida oso luzea suertatuko bait zitzaien.
Modu honetara, atsedenaldira iritsi baino lehen, etxekoak urrutiko jaurtiketa baten ondorioz, Laskorain jokalari zein atezaina ustegabean harrapatu zituzten eta (1-1) -ekoa jarri zuten markagailuan.
Bigarren zatian ere partidak oso berdindua jarraitzen zuen. Horitxoek zuten baloiaren jabetza baina lasartearrak oso ondo burutzen zituzten kontraerasoak.
Baina bizi dugun denboraldian, zein aurrekoan, maila bikaina azaltzen ari den Zumetak, bakarkako jokaldi eder baten ostean 1-2koa jarri zuen. Dena den, etxekoek ez zuten etsi eta korner baten ondorioz lehia binako emaitzarekin ezartzen zuten.
Minutu gutxi geratzen ziren norgehiagoka amaitzeko eta oraingo honetan, Etxeberen jokaldi on baten ondorioz Eñaut izan zen Lasartekoen atea zulatu zuena. Honek armailetan zeuden famili eta neska-lagunari irri eginaz ospatu zuen gol garrantzitsua.
2-3koak agintzen zuen markagailuan eta aurkariak atezain jokalaria ateratzea erabaki bazuen ere, berriro Zumetak zapuztu zituen beraien asmoak, hauen atezain jokalaria lurrean utziz eta beste behin ere ezin hobeto bukatuz jokaldia. Honela, norgehiagoka 2-4ko emaitzarekin amaitu zen, nahiz eta, oraindik Jonikok etxekoen ateko zutoina birritan kolpatu.
Horitxoak, aspaldiko partez, Lasartetik oso pozik bueltatu ziren Tolosara, partida gogor bati garaipen berri batekin erantzunaz.
Bertako protagonistak hauek izan ziren: Aitor “Ancelotti” eta Javi ”Lotina” entrenatzaileak, Javi delegatua, Iker, Beñat, Josu, Etxebe eta Eñaut -haserako bostekoa- Xabat, Murgi, Manso, Lakun, Zumeta eta Joniko jokalariak.
Oinarrizko taldeen emaitzak erreparatuz, aipatu lurraldeko jubenilek ezik, denek multxoko liderraren aurka jokatu zutela. Kadeteek, orain arte galdu gabe zegoen Zarautzi emandako jipoia, eta jubeniletan, nahiz eta porrot argiak jasan, erakutsitako jarrera ona azpimarratzekoak izan ziren. Filialak ere, amore eman behar izan zuen Mondrate boteretsuaren aurka.
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 0 – 5 Mondrate
Nazional ohorezko mailako jubenila: Laskorain 1 – 8 Ribera de Navarra
Lurraldeko jubenila: Laskorain 2 – 6 Samaniego Orixe “A”
Lurraldeko kadetea: Laskorain 6 – 1 Zarautz