2015-01-27

Lidertza sendotzen duen garaipen garrantzitsua lortu zuen Laskorainek Lasarten (2-4)

Bigarren itzuliari hasiera emateko partida gogorra egokitu zitzaion Laskoraini, sailkapen taula erdian kokatzen den Ostadar Carpinteria Antonio talde lasartearraren aurka. Azken urte hauetan hainbeste izerdi bota-arazi dizkiona, batez ere, Lasarteko kiroldegian.

Partida gogor bati ekiteko prest atera ziren Aitor “Ancelotti”-ren mutilak, baina lasartearrak izango ziren lehenengo aukerak sortu zituztenak, Iker atezain gaztearen atea zulatu asmoz. Aldiz, Mansok, talde jokaldi on bati, ezin hobeto eman zion amaiera markagailuan 0-1ekoa ipiniz.
Hala ere, Laskoraingo mutilek bazekiten lanean gogor jarraitu behar zutela, intentsitate bera edo gehiago ezarriz, gainantzean, partida oso luzea suertatuko bait zitzaien.
Modu honetara, atsedenaldira iritsi baino lehen, etxekoak urrutiko jaurtiketa baten ondorioz, Laskorain jokalari zein atezaina ustegabean harrapatu zituzten eta (1-1) -ekoa jarri zuten markagailuan.
Bigarren zatian ere partidak oso berdindua jarraitzen zuen. Horitxoek zuten baloiaren jabetza baina lasartearrak oso ondo burutzen zituzten kontraerasoak.
Baina bizi dugun denboraldian, zein aurrekoan, maila bikaina azaltzen ari den Zumetak, bakarkako jokaldi eder baten ostean 1-2koa jarri zuen. Dena den, etxekoek ez zuten etsi eta korner baten ondorioz lehia binako emaitzarekin ezartzen zuten.
Minutu gutxi geratzen ziren norgehiagoka amaitzeko eta oraingo honetan, Etxeberen jokaldi on baten ondorioz Eñaut izan zen Lasartekoen atea zulatu zuena. Honek armailetan zeuden famili eta neska-lagunari irri eginaz ospatu zuen gol garrantzitsua.
2-3koak agintzen zuen markagailuan eta aurkariak atezain jokalaria ateratzea erabaki bazuen ere, berriro Zumetak zapuztu zituen beraien asmoak, hauen atezain jokalaria lurrean utziz eta beste behin ere ezin hobeto bukatuz jokaldia. Honela, norgehiagoka 2-4ko emaitzarekin amaitu zen, nahiz eta, oraindik Jonikok etxekoen ateko zutoina birritan kolpatu.
Horitxoak, aspaldiko partez, Lasartetik oso pozik bueltatu ziren Tolosara, partida gogor bati garaipen berri batekin erantzunaz.
Bertako protagonistak hauek izan ziren: Aitor “Ancelotti” eta Javi ”Lotina” entrenatzaileak, Javi delegatua, Iker, Beñat, Josu, Etxebe eta Eñaut -haserako bostekoa- Xabat, Murgi, Manso, Lakun, Zumeta eta Joniko jokalariak.
Oinarrizko taldeen emaitzak erreparatuz, aipatu lurraldeko jubenilek ezik, denek multxoko liderraren aurka jokatu zutela. Kadeteek, orain arte galdu gabe zegoen Zarautzi emandako jipoia, eta jubeniletan, nahiz eta porrot argiak jasan, erakutsitako jarrera ona azpimarratzekoak izan ziren. Filialak ere, amore eman behar izan zuen Mondrate boteretsuaren aurka.
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 0 – 5 Mondrate
Nazional ohorezko mailako jubenila: Laskorain 1 – 8 Ribera de Navarra
Lurraldeko jubenila: Laskorain 2 – 6 Samaniego Orixe “A”
Lurraldeko kadetea: Laskorain 6 – 1 Zarautz

2015-01-22

Garaipen ederra lortu zuen Laskorainek Durangoko Sasikoaren aurka (3-6)

Lehenengo itzulia amaitzeko partida ezin zailagoa egokitu zitzaion Laskorain taldeari, sailkapenean aurreneko bi postuetan eta puntu berdinekin zeuden bi taldeen arteko norgehiagoka baitzen.

Partida erritmo biziarekin hasi zen eta etxeko taldea aurreratu zen markagailuan area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Aitorren taldea berdinketaren bila hasi zen eta Joniko eta Andonik egindako jokaldi eder batean, Andonik banakoa lortu zuen. Berdinketak ez zion asko iraun kanpoko taldeari, Sasikoak taldean egindako jokaldi eder baten ondoren 2-1ekoa lortu baitzuen.
Berriz ere Aitorren taldea erasoan hasi zen eta honela iritsi zen Eñauten gola Etxebek ate aurrean bakarrik utzi ondoren. Lehenengo zatia amaitzen ari zela etxeko taldea berriz aurreratu zen, zoritxarreko jokaldi batean Laskorainek bere atean sartu baitzuen gola baina baloia zelai erditik atera bezain laster, atsedenaldira iritsiko zen 3-3koa lortu zuen Etxebek jaurtiketa indartsu batekin.
Bigarren zatia oso ezberdina izan zen aurrenekoarekin alderatuz, horitxoak erabat nagusitu ziren. Etxebek sareratutako falta jaurtiketa eder baten ondorioz lehenengo aldiz aurreratzea lortu zuen Laskorainek. Markagailuan aldea handitu nahi zuen Aitorren taldeak eta baita lortu ere Jonikoren gol baten ondorioz 3-5ekoa jarriz markagailuan. Partidak aurrera jarraitu zuen inongo aldaketarik gabe eta etxeko taldeak atezain jokalaria atera zuen partidako azken minutuetan. Etxeko taldearen lehen erasoak ondo defenditu ondoren, partida itxiko zuen 3-6koa lortu zuen Salamancako lurrak gustoko dituen Andonik.
Partidan Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua, Aratz, Beñat, Etxebe, Andoni eta Eñaut –haserako bostekoa- Iker, Xabat, Murgi, Manso, Joniko eta Josu ordezkoak izan ziren.
Oinarrizko taldeei dagokionez, sendo jarraitzen du kadete mailako taldeak, Zarautz liderraren bisitaren zain eta gora beherak nagusi dira beste bi taldeetan:
Lurraldeko 2. Maila: Laskorain 3 – 4 Gamon Aker
Nazional ohorezko mailako jubenila: Atsedena
Lurraldeko jubenila: Goierri 10 – 4 Laskorain
Lurraldeko kadetea: Arantzazuko Ama 2 – 7 Laskorain

2015-01-15

Berdinketa Laskorain eta Intxaurrondoko Inter taldearen arteko partiduan (4-4)


Azken denboraldietan mamu beltza bilakatu den Intxaurrondoko Inter taldearen bisita jaso zuen larunbat arratsaldean Usabalen Laskorain taldeak.  Arerio gogorrari eta taldeak dituen jokalari lesionatuekin aurre egin behar izan zion partiduari puntu baliotsu bat lortuz.

Partidua Interren baloi jabetzarekin hasi zen, Laskorainen zonakako defentsa gainditzeko espreski diseinatutako eraso posizional bat jorratuaz. Tolosarrak ordea, ondo kokatuta zeuden beraien kontraeraso aukera noiz iritsiko zain. Minutuak pasa ahala partiduaren erritmoa jaitsi egin zen eta errespetua nagusi zen kantxan. Horrela, presiotik gaizki ateratako jokaldi batean donostiarrek arratsaldeko lehen gola egin zuten. Aurreko urteetan ez bezala, taldearen animoa ez zen jaitsi eta lanean jarraitu zuten berdinketaren bila, Jonikok asmatu zuelarik bigarren zutoinean jasotako pase baten ondorioz.
Atsedenalditik bueltan, Aitorren taldeak argi zuen 20 minutu luzez borrokatu beharko zuela jokoan zeuden 3 puntuak etxean geratzeko. Ikastolakoak aukerak pilatzen hasi ziren pixkana, baina, punteria faltak batzuetan eta kanpoko atezainaren geldiketa onen ondorioz besteetan, ez zuten asmatzen markagailua mugitzen. Arratsaldeko minutu onenak ziren etxekoentzat, baina, askotan pasatzen den bezala, kanpoko taldeak falta bat baliatuaz eta kontraeraso batean, bere aldea handitzea lortu zuen 1-3ko arriskutsu bat ipiniaz.
Berriro ere atzetik zen taldea eta lanerako buzoa jartzeko garaia zen, aurten inoiz baino hobeto lehiatzen ikasi duen taldea dela frogatuaz. Horrela, larunbatean kapitainaren besokoa zeraman Jonikok aldea murriztea lortu zuen taldearen animorako. Ez zuen asko iraun pozak, izan ere, 10 metroetatik egindako jaurtiketa baten ondorioz Intxaurrondokoek 2-4ko emaitza kezkagarria lortu zuten.
Bi aldiz pentsatu gabe, Aitorrek atezain-jokalaria ipini zuen eta ezin hobeto atera zitzaion apustua. Izan ere, bi jokalditan eta Lakunen bina goli esker, partidua berdintzea lortu baitzuen, astean zehar egindako lanak eta pizarrak bere fruituak ematen dituela frogatuaz. Minutu eta erdi geratzen zen eta atezain-jokalariak emandako errendimendua ikusirik, partiduaren bila joateko agindua eman zuen entrenatzaile tolosarrak baina markagailua bere horretan geratuko zen.  
Puntu bat zakuan eta lider bezala bisitatuko du aste honetan orain arteko liderra eta bigarren sailkatua den Durangoko Sasikoa. Larunbatean Usabalen izan ziren, Iker, Beñat, Etxebe, Lakun, Joniko –haserako bostekoa-, Katta, Mendi, Zumeta, Xabat, Manso eta Eñaut jokalariak, Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Javi delegatua.
Bestalde, oinarriko taldeen artean, Nazional jubenilek atseden dute hilaren 24arte eta gainontzekoek arerio gogorren aurka aritu behar izan dute pasa den asteburuan emaitzetan erreparatu daitekeenez:
Lurraldeko 2. Maila: Samaniego Orixe 4 – 2 Laskorain
Nazional ohorezko mailako jubenila: Atsedena
Lurraldeko jubenila: Laskorain 3 – 3 Zaldibia
Lurraldeko kadetea: Laskorain 2 – 3 Arizmendi