2015-05-18

Kadete taldea, Gipuzkoako txapeldun

Pasa den larunbatean, Donostiako Mons kiroldegian, areto futboleko Gipuzkoako finalak ospatu ziren. Goizeko lehen finalean, kadete mailarena, txapelketa erregularra lehen postuan amaitu zuen Elgoibarreko Sukia Debabarrena talde indartsua eta Laskorain Ikastolako gazteak aritu ziren aurrez aurre.

Partidaren hasiera ezin hobea izan zen talde horitxoarentzat, izan ere, entrenamenduetan landutako hasierako jokaldi bati esker, markagailuan aurre hartzea lortu zuten finaleko lehen erasoaldian. Hala ere, Sukia taldeak lanean jarraitu zuen eta korner batean berdinketa lortu zuen.

Atsedenaldirako 8 minutu gelditzen zirenean, Josebak baloi bat lapurtu zuen zelai erdian eta ederto amaitu zuen jokaldia. Gainera, minutu erdi faltan, Laskorainek 1-3ekoa lortu zuen falta baten bitartez.

Bigarren zatiari gogor ekin zioten elgoibartarrak eta berehala berdindu zuten norgehiagoka. Tolosarren momentu zailenak izan ziren, baina laugarren gola egin ondoren, maldan behera jarri zitzaien partida.

Denbora aurrera joan ahala, presa sartu zitzaion Sukiari eta hori oso ongi baliatu zuten Andoni Zumetaren mutilek gogor defendatuz eta kontraerasoak gol bihurtuz. Azkenean, 2-8ko emaitzak, Laskorain Ikastolako gazteek egindako urte bikaina borobildu zuen.

Larunbatean, Mons kiroldegian Gipuzkoako txapeldun bilakatu ziren Xanet, Iturrioz, Juaristi, Joseba (3) eta Jonatahn (2) -hasierako bostekoa- Totxu, Zabala eta Urdan (3) jokalariak, eta Andoni entrenatzailea.

Kadete mailako Gipuzkoako txapeldunak (Arg: Andoni Zumeta)

Datorren larunbatean, hilak 23, 16:15ean, Lezoko Bekoerrota kiroldegian, Euskadiko txapelketa jokatuko dute Bizkaiko txapeldunaren aurka. Euskadiko txapeldunak Espainiako koparako txartela eskuratuko luke.

Zorionak mutilak!!!

2015-05-12

Porrota Laskorainek igoera faseko joaneko partiduan (6-4)

Errioxara bidaiatu zuen Laskorain taldeak bertako ligako txapeldun geratu zen Embalajes Blanco taldearen aurka igoera faseko joaneko partidua jokatzeko. Arerio gogor bat eduki zuen aurrean eta ezin izan zuen gairapena lortu.

Ezin hobe hasi zen partidua horitxoentzat, hamargarren segundurako lehen gola sartu baitzuen Zumetak, arerioari baloia ostu eta atezainaren aurrean baloia loratuaz. Bi taldeek kantxa osoko presioa eginez jokatu zuten, eta bertako kantxa txikia izanik baloi galera asko egon ziren bi taldeen eskutik. Honela, Laskorainek, erasoaldietako batetan baloia galdu eta, kontraeraso on bat egin ostean, etxeko taldeak berdinketaren gola egin zuen. Denbora gutxira, tolosarrek aurkariaren atetik gertu falta jaurtiketa arriskutsu bat izan zuten eta bikain aprobetxatu zuen Gil kapitainak berriro ere talde horitxoa aurretik jartzeko. Partidua irekita zegoen bi taldeentzat, aukerak bi aldeetan maiz sortzen ziren baina etxeko taldea izan zen asmatzea lortu zuen bakarra atsedenaldira iritsi aurretik, bi gol egitea lortu baitzuen markagailua irauliaz.
Bigarren zatian, errioxarrek defentsa lerroa atzeratu egin zuten eta baloiaren jabetza Laskorainena izan zen, baina ez zuten arrisku handirik sortzea lortzen. Bai ordea etxekoek kontraeraso azkarrak eginez, eta honen ondorioz, Embalajes Blanco taldearen golak bata bestearen atzetik etorri ziren 6-2ko behin behineko emaitza jarri arte. Momentu latzetatik pasatzen ari zen talde horitxoa, kanporaketari begira emaitza txarra baitzen oso, eta lau minutu besterik ez ziren geratzen partidua amaitzeko.
Beste behin, Laskorain taldeak momentu zailetan aurten erakutsi duen kasta atera zuen eta Etxebek, area kanpotik egindako jaurtiketa azkar batekin atezaina gainditzea lortu zuen 6-3ko emaitza ezarriaz. Gol honek partiduan sartu zuen berriz ere talde horitxoa, eta denbora gutxira, Zumetak arratsaldeko bere bigarren gola egitea lortu zuen berriz ere area kanpotik egindako beste jaurtiketa batekin, 6-4ko azken emaitza utziaz. 
Aipatzekoa eta txalotzekoa Errioxara bertaratu ziren Laskoraineko zale guztien esfortzua eta jarrera, momentuoro nabarmenak izan baitziren beraien animoak.
Beraien eta, hemendik bi asteetara Usabalera hurbilduko diren zaleen laguntzarekin, kanporaketari buelta emango dioten sentsazioarekin bueltatu ziren Aratz, Gil, Etxebe, Zumeta eta Eñaut -haserako bostekoa-, Balerdi, Manso, Josu, Lakun,Mendi, Xabat eta Joniko jokalariak, eta Aitor eta Javi prestatzaileak.
Bestalde, Nazional Jubenilek, asteburuan jokatu zuten azken partida. Santxoren mutilak, denboraldi gogorra pairatu dute eta amaierakoan ere porrotarekin itzuli ziren Tolosara: Berrio Santutxu 7-3 Laskorain.
Amaitzeko, aurten horitxoen harrobiak eman duen talderik oparoena den Zumetaren Kadeteak, Gipuzkoako txapelketako finalerako txartela lortu zuen Eskoriatzan Arizmendi taldeari gailenduta. Arizmendi 3-8 Laskorain.
Finala, datorren larunbata, hilak 16, goizeko 09:30ean Donostiako Mons kiroldegian izango da, Sukia Debabarrenaren aurka.
Zorte on mutilak!