2015-10-07

Garaipenarekin hasi du denboraldia Laskorainek (6-4)

Pasa den larunbatean eman zion hasiera Laskorain taldeak 2015-2016 denboraldiari Billabonako Egintza taldearen aurka Usabal kiroldegian. Lehendabiziko partidua izanik, nabariak ziren hasierako urduritasunak, baina, helburua argi eta garbi zuen taldeak, urtea behar bezala hasteko garaipena ezinbestekoa zen.

Partiduaren hastapenetan, Federazioko arduradunek, 2014/2015 txapelketako garailea izan zen Laskoraini, Txapeldunaren garaikurra eman zioten. Talde guztiaren izenean, Joseba Gil kapitainak jaso zuen ongi merezitako saria.
 
Joseba Gil kapitainak jaso zuen Txapeldunaren garaikurra (Arg: Maiorga)
 
Partiduari hasiera ezin hobea eman zion taldeak, jokaldi azkar batean Lakunek baloia sareratzea lortu baitzuen. Jokaldi batzuren ondoren Egintzako jokalarien akatsen ondorioz, epaileek lagapena adierazi zuten. Kantauri itsasoarekin nahikoa ez eta Estatu Batuetako kosta arakatzen ibili den Aitor entrenatzaileak prestatutako estrategia jokaldia bikain aplikatuz, Etxebek, Billabona herriarekin  ezkutuko sekretuak dituenak, gola sartu zuen bi eta hutsekoa ezarriz.

Egintzak aldea murriztea lortu zuen arren 2-1koarekin, jokaldi batzuren buruan Jonikok bi goleko aldea ezarri zuen markagailura horitxoen hirugarren gola igoz. Pozak ez zuen asko iraun, Egintzak berriro aldea murriztu baitzuen, 3-2. Hala ere, atsedenaldira joateko segundoak falta zirenean, aurreko urteetan eskolapioetako kaiolan jokatzen aritzen zen Jon Aranburuk 4-2koa ezarri zuen bere debuteko gola sartuz.

Bigarren zatia ez zen batere ondo hasi. Taldea kontzentrazio faltarekin hasi zen eta egoera aprobetxatuz Egintzak partidua berdintzea lortu zuen, 4-4. Jokalariei urduritasunak eta larritasunak, defentsan zein erasoan zenbait erabaki oker hartzera bultzatu zieten. Partiduko minutu erabakigarrienak ziren eta tentsio handia nabari zen 2 taldeetan. Horrela, Egintzako jokalari batek bigarren txartel horia ikusi eta aldageletarako bidea hartu zuen taldea jokalari bat gutxiagorekin utziz.  Egoera hori aprobetxatuz, Hulk bera baina indartsuagoa den Balerdik maisutasunez baloia ate barrura sartzea lortu zuen.  Partidua amaitzear zela, penalti bidez, bigarren bat sartzeko astia izan zuen, markagailuan bukaerako 6-4ekoa ezarriz.
 
Iazko taldeko ordezkariak ere gehitu ziren argazkira (Arg: Maiorga)
Ez zen partidu ikusgarria izan joko aldetik, baina garaipena lortu zen horitxoen kasta eta gogoari esker. Argi dago hainbat aspektu hobetu beharko dituela taldeak lehengo urteko dinamika berreskuratzeko.

Usabalen, denboraldiko lehenbiziko 3 puntuak poltsikoratu zituzten, Aratz, Balerdi, Etxebe, Manso, Joniko – haserako bostekoa-  Lakun, Aranburu, Vazquez, Katta eta Zuhaitz jokalariak eta Aitor eta Javi delegatua.

No hay comentarios: