2015-11-17

Laskorainen gol festa Durangon eta hirugarren garaipena jarraian (5-10)

Azken bi asteetan lortutako garaipenei jarraipena emateko intentzioarekin abiatu zen Ikastolako taldea pasa den larunbatean Durangora, Sasikoa taldeari zor zion bisitan. 5-10eko markagailuarekin eta zakuan hiru puntu gehiagorekin egin zuen bueltako bidaia talde horitxoak.

Partidua ezin hobeto hasi zen Laskorainentzat, izan ere, Aitor entrenatzaileak partiduko atarikoan diseinatu zuen haserako jokaldia ezin hobeto marraztu zuen Etxebe ingeniariak eta 6 segundo besterik ez zituen behar izan arratsaldeko lehenengo gola markagailura igotzeko. Ez zuen asko iraun pozak talde horitxoan eta hurrengo kolpea, Sasikoak eman zuen 1-1ekoa ipiniz. Hala ere, Vazkezek segituan baieztatu zuen bere arratsaldea izango zela, 2 gol segidan egin eta  lasaitasuna emanaz ikastolako taldeari.
Atsedenaldira bitartean, aukerak sortuz jarraitu zuen Ikastolako taldeak. Horrela, Tolosako ostalaritzan aski ezaguna den Kattak, aurtengo denboraldian estreinekoz gola lortu baitzuen. Ondoren, Etxebek, 1-5ekoa igo zuen, atsedenaldira iritsiz.
Bigarren zatiko hasiera ez zen lehenengoaren ildo beretik hasi eta horrela, Laskorainen erlaxazioak Durangoko taldea berpiztea erdietsi zuen, 3 minututan 4-5eko markagailu arriskutsua ipiniz. Baina, frontoiko atzeko koadroetan erakusten duen sendotasunaz eta kantxan duen tenpleaz, Balerdik atea zulatzea lortu zuen. Segidan, Vazkezek 3 goleko abantaila eman zion Ikastolako taldeari.
Partiduak erabakitzen diren minutuetan sartu eta etxeko taldeak atezain-jokalaria ipini zuen kantxan. Bizkaitarrek, aldea murriztea lortu zuten, baina Laskoraingoak ez zeuden garaipena alde egiten uzteko prest eta Etxebek birritan eta Vazkezek, amaierako 5-10ekoa ipini zuten, biek 4 golekin amaitu zutelarik partidua.
Larunbatean, Durangon;  Zuhaitz, Balerdi, Etxebe, Juaristi, Vazkez –haserako bostekoa- Iker, Katta, Mattin, Gil, Manso eta Xabat jokalariak, Javi delegatua eta Aitor entrenatzailea izan ziren protagonista.

2015-11-10

Laskorain Nazional Jubenilak aurreneko garaipena lortu du Xotaren aurka (5-4)

Laskorain jubenil nazionalak denboraldiko aurreneko 3 puntuak lortu zituen Usabalen ospe haundiko Xota Navarra taldearen aurka. Partidua intentsitate haundiarekin hasi zuen etxeko taldeak garaipenaren bila, hainbat aukera sortzen. Hamargarren minutu inguruan Lasa kapitain salamiak bigarren zutoinean bukatu zuen taldekideen arteko konbinazio bikain bat. Taldea aurreneko aldiz aurretik jartzen zen liga honetan.

Denbora aurrera zihoan eta horitxoek partiduaren kontrola zutela zirudien. Horietako batean, botikinetik beti gertu dabilen Beñatek, defentsa alde batera utzi zuen finta ikusgarri baten bitartez eta oraingoan ere bigarren zutoinean lasaitasun ikaragarriarekin jarri zuen 2-0ekoa. Taldea sendo zebilen, baina talde naparrak lehen mailako taldearen harrobia dela erakutsi zuen, bi zartadez berdintasuna ipiniz partidan atsedenaldira iritsi baino 20 segundu lehenago. Defentsan oraindik lan asko dagoela egiteko frogatzen zuen taldeak, 18 minututan irabazitako abantaila alferrik galtzen baitzuten.
Taldea burumakur joan zen aldageletara, Urruxo entrenatzaileak taldea taktikoki zuzendu behar zuen, nahiz eta horitxoak aurreneko partidan baina txukunago ibili.  Bestalde, Jon Kortajasek argi zuen partida irabazi egin behar zela, eta horretarako energía behar zela komentatzen zuen. Mirestekoa benetan taldearekiko duen konpromezua, beti izerditzen dabil taldekidei ezer ez faltatzeko.
Bigarren zatiari ondo ekin zion Laskorainek. Beñatek berriz ere bigarren zutoinean abantaila eman zion taldeari bosgarren minutuan. Ondoren, Juan Doggyk sekulako jaurtiketa atera zuen “folha seca” erara. Atezaina oraindik baloiaren bila dabilela komentatu digute kiroldegitik.
Partida berriz aldeko zen horitxoentzat, baina Xotak 4-3koa egin zuen 3 puntuak garesti egongo zirela jakinarazten.  Hori dela eta, Lasa kapitainak argi zuen garaipena ezin zela Tolosatik joan, bestela taldeko afaria arriskuan ikusten baitzuen. Edango zuen garagardoan pentsatzen, Lasak izugarrizko jaurtiketa atera zuen 15 metro ingurutik, 5-3koa ipiniz.
Partida menpean zegoela zirudien, baina hauetako batean gutxi batzuk ikusi zuten penalti-bikoitz baten ondorioz 5-4koa ipini zuen Xotak markagailuan.  Talde naparrak atezain jokalaria atera zuen baina ez zuten lortu horitxoen defentsa gogorra gainditzea.
Bukatzeko, Martin Lakunza harakinaren debuta ere aipagarri. Jokalariak partida ondoren egindako adierazpenetan: “oso pozik nago debutarekin, nahiz eta oso urduri egon naizen. Egun bikaina izanda, garaipena eta harakinaren alabarekin ospatu dut ondoren, beti egon baita nire ondoan”.

Oilarren arteko neurketan, Laskorain nagusi (3-2)

Pasa den larunbatean Laskorainek denboraldiko 6. partidua jokatu zuen Usabal Kiroldegian, Bilbo taldearen aurka. Aurkaria ez zen batere erraza, azken hiru urteetan norgehiagoka hauek beti berdinketan amaitu izan direlarik.

Talde horitxoak bazekien partidu borobila egin behar zuela partidua aurrera atera ahal izateko. Atzean sendo hasi zen Aitorren taldea, zonakako defentsa ezarriaz zelai erdian. Bilbotarrak ez zeuden gustora kantxan, ez zituzten aukera garbiak sortzen eta baloi mordoa galtzen zuten. Lehen minutuetan ez ziren aukera garbiak egon, 7. minutuan etxekoen lehen gola iritsi zen arte. Justin Bieberren jarraitzaile sutsua den Juaristik, urruneko jaurtiketa bat egin eta Bilboko jokalari bati ikutu ostean baloia sarera sartu zen markagailuan 1-0koa ezarriz.

Gola sartu ondoren, etxeko taldeak sendo jarraitzen zuen atzean, eta kanpoko taldeak soilik urruneko jaurtiketak egiten zituen, Aratz atezainak bikain gelditzen zituelarik. Halako batean, talde horitxoaren defentsa on baten ondorioz, baloia lapurtu eta Jonikok 2-0koa ezarri zuen markagailuan 13. minutuan area ertzetik errematatutako baloi batekin.

Bigarren zatian, gidoia ez zen aldatu, Bilbok ez zuen lortzen Aitorrek planteatutako defentsa apurtzea. Etxeko taldeak pare bat aukera garbi izan zituen baina ez zuen lortu markagailua aldatzea. Bilbotarrek jaurtiketak egiten jarraitzen zuten, baina Ikerrek maisutasunez gelditzen zituen. Kanpoko taldearen kontraeraso batean iritsi zen 2-1koa, Bilboko jokalari batek bigarren zutoinean bakarrik errematatu ostean.

Gol honek partiduaren tentsioa areagotu zuen, baina etxeko taldeak atzean indartsu jarraitzen zuen, eta bigarren zatiko 14. minutuan, 2x1ko jokaldi batean 3-1koa ezarri zuen Aranburuk markagailuan, taldeari lasaitasun puntu bat emanaz. Partida amaitzeko 5 minutu gelditzen zirenean, Bilbok atezain jokalaria atera zuen, eta 18. minutuan, zoritxarreko jokaldi baten ondorioz kanpoko taldeak aldea murriztu zuen 3-2koa ezarriz. Azken bi minutuetan tentsio handia egon zen, baina kanpoko taldeak ez zuen lortu gola egitea.

Azpimarratzekoa talde osoaren tentsioa eta kontzentrazioa norgehiagoka osoan zehar. Hiru puntu garrantzitsu horitxoentzat, lehen postuetan ibiliko den arerio garrantzitsu bat sailkapenean 4 puntura utziaz.

Larunbatean, Usabalen; Aratz, Katta, Etxebe, Aranburu eta Vazquez- haserako bostekoa-, Iker, Beñat, Manso, Gil, Arkaitz, Juaristi eta Joniko jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua.

2015-11-05

Laskorainek 3-4 irabazi zuen Galdakaoko Lagun Onaken aurka

Galdakaoko Lagun Onak taldearen aurka indarrak neurtzea egokitu zitzaion talde tolosarrari azaroko lehen igandean. Azken bi asteetako porrotak zirela eta, hiru puntuak lortzea zen tolosarren helburu bakarra eta sufrituta izan bazen ere, azkenean helburua lortu zen.

Beste behin talde horitxoa kantxa osoko presioarekin kantxaratu zen. Aurreneko minutuetan ez zen aukera garbirik egon baino 5. minutuan, aste honetan Behobiako kaleetatik Mo Farah izan nahi duen Eñautek partidako lehen gola lortu zuen area barruan egindako jaurtiketa bati esker.

Lehen gol honen ondoren bi ateetan aukerak egon ziren eta baloia ondo mugitutako jokaldi batean etxeko taldeak markagailua berdintzea lortu zuen. Hala ere, baloia erditik atera bezain pronto, Arkaitzek bakarkako jokaldi batean horitxoen bigarren gola lortu zuen urrutiko jaurtiketa ikusgarri batekin. Lehen zatiak ildo beretik jarraitu zuen eta Beñatek atsedenaldira iritsiko zen 1-3ko markagailua jarri zuen.

Bigarren zatia ederki hasi zen Aitorren taldearentzat, Mattinek 1-4ekoa lortu baitzuen korner ingurutik egindako jaurtiketa batekin. Gol honekin bazirudien garaipena erraz lortuko zuela kanpoko taldeak baino bigarren zutoinera sartutako bi baloiei esker, 3-4ko markagailu estua jartzea lortu zuen etxeko taldeak. Minutuak pasa ahala inork ez zuen lortu markagailua mugitzea eta azken minutuan etxeko taldeak atezain jokalaria atera zuen baino ez zuen lortu golik egitea eta beraz, 3-4 markagailuarekin amaitu zen partida.

Igandean Galdakaon Aitor entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Beñat, Tortitas, Gil, Joniko –haserako bostekoa-, Manso, Juaristi, Mattin, Eñaut eta Arkaitz izan ziren.