Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Oilarren arteko neurketan, Laskorain nagusi (3-2)

Pasa den larunbatean Laskorainek denboraldiko 6. partidua jokatu zuen Usabal Kiroldegian, Bilbo taldearen aurka. Aurkaria ez zen batere erraza, azken hiru urteetan norgehiagoka hauek beti berdinketan amaitu izan direlarik.

Talde horitxoak bazekien partidu borobila egin behar zuela partidua aurrera atera ahal izateko. Atzean sendo hasi zen Aitorren taldea, zonakako defentsa ezarriaz zelai erdian. Bilbotarrak ez zeuden gustora kantxan, ez zituzten aukera garbiak sortzen eta baloi mordoa galtzen zuten. Lehen minutuetan ez ziren aukera garbiak egon, 7. minutuan etxekoen lehen gola iritsi zen arte. Justin Bieberren jarraitzaile sutsua den Juaristik, urruneko jaurtiketa bat egin eta Bilboko jokalari bati ikutu ostean baloia sarera sartu zen markagailuan 1-0koa ezarriz.

Gola sartu ondoren, etxeko taldeak sendo jarraitzen zuen atzean, eta kanpoko taldeak soilik urruneko jaurtiketak egiten zituen, Aratz atezainak bikain gelditzen zituelarik. Halako batean, talde horitxoaren defentsa on baten ondorioz, baloia lapurtu eta Jonikok 2-0koa ezarri zuen markagailuan 13. minutuan area ertzetik errematatutako baloi batekin.

Bigarren zatian, gidoia ez zen aldatu, Bilbok ez zuen lortzen Aitorrek planteatutako defentsa apurtzea. Etxeko taldeak pare bat aukera garbi izan zituen baina ez zuen lortu markagailua aldatzea. Bilbotarrek jaurtiketak egiten jarraitzen zuten, baina Ikerrek maisutasunez gelditzen zituen. Kanpoko taldearen kontraeraso batean iritsi zen 2-1koa, Bilboko jokalari batek bigarren zutoinean bakarrik errematatu ostean.

Gol honek partiduaren tentsioa areagotu zuen, baina etxeko taldeak atzean indartsu jarraitzen zuen, eta bigarren zatiko 14. minutuan, 2x1ko jokaldi batean 3-1koa ezarri zuen Aranburuk markagailuan, taldeari lasaitasun puntu bat emanaz. Partida amaitzeko 5 minutu gelditzen zirenean, Bilbok atezain jokalaria atera zuen, eta 18. minutuan, zoritxarreko jokaldi baten ondorioz kanpoko taldeak aldea murriztu zuen 3-2koa ezarriz. Azken bi minutuetan tentsio handia egon zen, baina kanpoko taldeak ez zuen lortu gola egitea.

Azpimarratzekoa talde osoaren tentsioa eta kontzentrazioa norgehiagoka osoan zehar. Hiru puntu garrantzitsu horitxoentzat, lehen postuetan ibiliko den arerio garrantzitsu bat sailkapenean 4 puntura utziaz.

Larunbatean, Usabalen; Aratz, Katta, Etxebe, Aranburu eta Vazquez- haserako bostekoa-, Iker, Beñat, Manso, Gil, Arkaitz, Juaristi eta Joniko jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi delegatua.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]