2016-01-22

Garaipen borrokatua Laskorainek Elorrion (3-4)

Laskorainek norgehiagoka garrantzitsua jokatu zuen Elorrion pasa den larunbatean. Aste guztia gogor entrenatu eta dinamika onarekin jarraitzeko asmoz abiatu ziren bertara, partida zaila eta borrokatua izango zela jakitun zirelarik.

Partidua hasi eta lehen minutuetan ez etxeko taldea ezta kanpokoa ere, ez ziren gustura sentitzen kantxan, akats ugari egiten zituzten eta intentsitate nahiko baxuan jokatzen zuten, norgehiagoka aspergarria bihurtuz. Lehen zatiko hamabigarren minutuan iritsi zen lehen gola, etxekoen aldetik, horitxoen defentsak urrundu ezin izan zuen baloi bat area ertzean geratu eta Elorrioko jokalari batek jaurtiketa batez sareetara bidaliz. Gol horrekin batera, etxeko taldea hazi eta Laskorainen estualdi larriena iritsi zen. Hala ere, defentsaren intentsitatea apur bat igo eta ez zuten lortu beste golik egiterik. Erasoan, trabatuta aurkitzen zen talde horitxoa, ez zituen aukera garbiak sortzen eta beraiek oso gustura aurkitzen ziren defentsa lanetan. Halako batean, lehen zatia amaitzeko bi minutu falta zirenean, aurkari bati iskin zoragarri bat egin ostean, jaurtiketa gurutzatu baten bidez atezaina gainditzea lortu zuen Beñat Balerdik. Gol bikaina, taldeak gehien behar zuen momentuan.
 
Atsedenaldiaren ondoren, taldea beste intensitate eta gogo batekin irten zen kantxara. Aitor Garcia entrenatzaileak, itsasoa mendia baino atseginago duenak, atsedenaldian bere mutilei esandako hitzak taldea berpizteko balio izan zuten. Laskorain piskanaka hobeto jokatzen hasi zen, aukerak sortzen, Elorriko Buskantzak ezarritako presiotik irteten… Aukera ugari izan ondoren, Etxebek, taldea bizkarrean hartu eta bere eskuin hankarekin, gol bikaina sartu zuen jaurtiketa gurutzatu batez. Gol horrek motibazioa igo zuen bi taldeetan, eta beraiek norgehiagoka berdintzea lortu zuten bigarren zatiko zortzigarren minutuan. Baina talde horitxoa ez zen kokildu, aurrera egin zuen eta berdinketak ez zion kalterik egin.

Norgehiagoka amaitzeko zortzi minutu falta zirenenean, Etxebek berriro ere, bere fusila atera eta urruneko jaurtiketa batekin 2-3koa ezarri zuen markagailuan. Azken minutuetan partiduaren intentsitatea igo zen, bertako zaleak ere etxeko taldea animatzen zuen etengabe, baina Laskorainek defentsa on baten bidez eta elkarri animoak emanez, azken hiru minutuetara markagailua alde zuela iritsi zen. Beraiek atezain jokalaria atera zuten, baina ez zuten lortu aukera garbirik sortzea. Halako batean, defentsa gogor bat egin ondoren, horitxoek baloia lapurtu eta Beñat Balerdik bere areatik 2-4koa ezarri zuen minutu baten faltan, denori lasaitasun puntu bat emanez. Azkenik, azken segunduan 3-4koa ezarri zuen etxeko taldeak, jaurtiketa batekin.
 
Azpimarratzekoa  talde osoaren lana, lehen zatian gorabeherak eta ez erosotasunak eduki arren, burua altxa eta partida aurrera atera zuen defentsa gogor eta sendo baten bidez. 
 
Larunbatean, Elorrion: Zuhaitz, Katta, Etxebe, Gil eta Manso - hasierako bostekoa-, Beñat Balerdi, Vazquez, Jon Aranburu, Mattin, Juaristi eta Iker jokalariak, Aitor entrenatzailea eta Javi laguntzailea izan ziren.

2015-11-17

Laskorainen gol festa Durangon eta hirugarren garaipena jarraian (5-10)

Azken bi asteetan lortutako garaipenei jarraipena emateko intentzioarekin abiatu zen Ikastolako taldea pasa den larunbatean Durangora, Sasikoa taldeari zor zion bisitan. 5-10eko markagailuarekin eta zakuan hiru puntu gehiagorekin egin zuen bueltako bidaia talde horitxoak.

Partidua ezin hobeto hasi zen Laskorainentzat, izan ere, Aitor entrenatzaileak partiduko atarikoan diseinatu zuen haserako jokaldia ezin hobeto marraztu zuen Etxebe ingeniariak eta 6 segundo besterik ez zituen behar izan arratsaldeko lehenengo gola markagailura igotzeko. Ez zuen asko iraun pozak talde horitxoan eta hurrengo kolpea, Sasikoak eman zuen 1-1ekoa ipiniz. Hala ere, Vazkezek segituan baieztatu zuen bere arratsaldea izango zela, 2 gol segidan egin eta  lasaitasuna emanaz ikastolako taldeari.
Atsedenaldira bitartean, aukerak sortuz jarraitu zuen Ikastolako taldeak. Horrela, Tolosako ostalaritzan aski ezaguna den Kattak, aurtengo denboraldian estreinekoz gola lortu baitzuen. Ondoren, Etxebek, 1-5ekoa igo zuen, atsedenaldira iritsiz.
Bigarren zatiko hasiera ez zen lehenengoaren ildo beretik hasi eta horrela, Laskorainen erlaxazioak Durangoko taldea berpiztea erdietsi zuen, 3 minututan 4-5eko markagailu arriskutsua ipiniz. Baina, frontoiko atzeko koadroetan erakusten duen sendotasunaz eta kantxan duen tenpleaz, Balerdik atea zulatzea lortu zuen. Segidan, Vazkezek 3 goleko abantaila eman zion Ikastolako taldeari.
Partiduak erabakitzen diren minutuetan sartu eta etxeko taldeak atezain-jokalaria ipini zuen kantxan. Bizkaitarrek, aldea murriztea lortu zuten, baina Laskoraingoak ez zeuden garaipena alde egiten uzteko prest eta Etxebek birritan eta Vazkezek, amaierako 5-10ekoa ipini zuten, biek 4 golekin amaitu zutelarik partidua.
Larunbatean, Durangon;  Zuhaitz, Balerdi, Etxebe, Juaristi, Vazkez –haserako bostekoa- Iker, Katta, Mattin, Gil, Manso eta Xabat jokalariak, Javi delegatua eta Aitor entrenatzailea izan ziren protagonista.

2015-11-10

Laskorain Nazional Jubenilak aurreneko garaipena lortu du Xotaren aurka (5-4)

Laskorain jubenil nazionalak denboraldiko aurreneko 3 puntuak lortu zituen Usabalen ospe haundiko Xota Navarra taldearen aurka. Partidua intentsitate haundiarekin hasi zuen etxeko taldeak garaipenaren bila, hainbat aukera sortzen. Hamargarren minutu inguruan Lasa kapitain salamiak bigarren zutoinean bukatu zuen taldekideen arteko konbinazio bikain bat. Taldea aurreneko aldiz aurretik jartzen zen liga honetan.

Denbora aurrera zihoan eta horitxoek partiduaren kontrola zutela zirudien. Horietako batean, botikinetik beti gertu dabilen Beñatek, defentsa alde batera utzi zuen finta ikusgarri baten bitartez eta oraingoan ere bigarren zutoinean lasaitasun ikaragarriarekin jarri zuen 2-0ekoa. Taldea sendo zebilen, baina talde naparrak lehen mailako taldearen harrobia dela erakutsi zuen, bi zartadez berdintasuna ipiniz partidan atsedenaldira iritsi baino 20 segundu lehenago. Defentsan oraindik lan asko dagoela egiteko frogatzen zuen taldeak, 18 minututan irabazitako abantaila alferrik galtzen baitzuten.
Taldea burumakur joan zen aldageletara, Urruxo entrenatzaileak taldea taktikoki zuzendu behar zuen, nahiz eta horitxoak aurreneko partidan baina txukunago ibili.  Bestalde, Jon Kortajasek argi zuen partida irabazi egin behar zela, eta horretarako energía behar zela komentatzen zuen. Mirestekoa benetan taldearekiko duen konpromezua, beti izerditzen dabil taldekidei ezer ez faltatzeko.
Bigarren zatiari ondo ekin zion Laskorainek. Beñatek berriz ere bigarren zutoinean abantaila eman zion taldeari bosgarren minutuan. Ondoren, Juan Doggyk sekulako jaurtiketa atera zuen “folha seca” erara. Atezaina oraindik baloiaren bila dabilela komentatu digute kiroldegitik.
Partida berriz aldeko zen horitxoentzat, baina Xotak 4-3koa egin zuen 3 puntuak garesti egongo zirela jakinarazten.  Hori dela eta, Lasa kapitainak argi zuen garaipena ezin zela Tolosatik joan, bestela taldeko afaria arriskuan ikusten baitzuen. Edango zuen garagardoan pentsatzen, Lasak izugarrizko jaurtiketa atera zuen 15 metro ingurutik, 5-3koa ipiniz.
Partida menpean zegoela zirudien, baina hauetako batean gutxi batzuk ikusi zuten penalti-bikoitz baten ondorioz 5-4koa ipini zuen Xotak markagailuan.  Talde naparrak atezain jokalaria atera zuen baina ez zuten lortu horitxoen defentsa gogorra gainditzea.
Bukatzeko, Martin Lakunza harakinaren debuta ere aipagarri. Jokalariak partida ondoren egindako adierazpenetan: “oso pozik nago debutarekin, nahiz eta oso urduri egon naizen. Egun bikaina izanda, garaipena eta harakinaren alabarekin ospatu dut ondoren, beti egon baita nire ondoan”.