Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek 4 eta 5 galdu zuen Iturriondoren aurka baina hirugarren jarraitzen du sailkapenean

Futbolaren arpegirik ankerrena ezagutzeko zorigaitza izan zuen Laskorainek joan den larunbatean Usabalen. Txapelketako talderik onenen artean dagoen Iturriondoren aurka egundoko ahalegina burutu eta gero, hogeitabat segunduren faltan 4 eta 3 irabazten zuen partida galdu egin zuen amaieran eta esku hutsik eta buru makur aldagelaratu behar izan zuten jokalari horitxoek.

Sailkapeneko hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketak ez zuen hutsik egin eta oso polita suertatu zen Usabalera hurbilduriko zalego ugaritsuarentzat. Nor baino nor, maila tekniko eta taktiko altuko partida erakutsi zuten talde tolosarrak eta bilbotarrak eta emozioa ere gainezka izan zen azkenerarte.

Lehen erdian ikastolakoak gehiago izan ziren, boxeoan aritu balira behintzat puntutan nagusi izan zirela lasai esan daiteke erratzeko beldurrikan gabe, baloiaren jabetza horitxoena izan baitzen eta gol aukera argienak ere bai. Eta hau markagailuan atzetik joatea tokatu zitzaiela ia beti, partida hasi eta berehala 0 eta 1 ipini baitziren Iturriondokoak eta Saldiasen banakoaren ondoren 1 eta 2 berriro.

Atsedenaldia eta gero hogei minutu orekatuago ikusi ahal izan ziren. Bilbotarrek gora egin zuten bere jokoan eta aldea handiagotzeko pare bat aukera garbi izan zuten berkantxaratu eta segituan, baina Laskorainek gehien behar zuenean Barriola izan zen golegile Telletxearen pase zoragarri bat sareratuaz. Minutu luzez iraungo zuen binakako berdinketak jokoa parekatu zuen gainera.

Lau minuturuen faltan amaierarako eta gola edozein aldetara eror zitekenean, Saldias pitxitxi betigoseak sartu zuen 3 eta 2-koa. Une horretan etxekoentzat zailenak egina zirudien eta defentsa sendotuaz abantailari eustea gelditzen zen soilik. Baina hementxe egongo zen partidako gakoa, bizkaitarrek atezain jokalaria atera baitzuten min ikaragarria egin zielarik horitxoei.

Bi minuturen faltan hirunakoa egin zuten bilbotarrek atezain jokalariari eskerrak eta minutu baten faltan hamar metrotatik Telletxeak laskoraindarrak berriro aurretik ipini bazituen ere, bizkaitarrek berriro berdindu zuten partida 4 eta 4, hogei segunduren faltan eta atezain jokalari jokaldi berdinari eskerrak.

Puntu banaketak ez zituen ikastolakoen itxaropenak eta anbizioak asebetetzen eta txapeldun handien moduan, azken segundu horietan garaipenaren bila joatea erabaki zuten laskoraindarrek, bilbotarren arma bera erabiliaz alegia: atezain jokalaria. Azken jokaldi honetan, posizioa fortzatu eta baloi erdibitu bat probokatu zuten horitxoek, erabakiorra gertatuko zena etxekoei eroriz gero eta kanpokoei eroriz gero berdin; bada kanpokoen alde erori zen, partida amaiera adierazten zuten turutarekin batera sartu zutelarik 4 eta 5-ekoa. Ez zen erditik ateratzeko ere betarik gelditu.

Patuak oparitutako kolpea oso gogorra izan bada ere, perspektiba ezin gal dezake taldeak eta sailkapenean hirugarren jarraitzen duela jabetu behar du lehenbailehen, aurreko astean zuen postu berberan alegia eta liderrarengandik puntu bakar bat urrutiago. Denboraldiaren heren bat gelditzen da oraindik. Usabalen Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Arribillaga, Zabala, Saldias, Barriola, Telletxea –haserako bostekoa-, Telleria, Gil, Murgi, Yustos, Zubillaga, Led eta Domentxe jokalariak izan ziren.

Bestalde, azpiko taldeak, 3-1 irabazi zion Zarautz K.E. kategoriko liderrari Igande goizez jokatutako partidan. Zarauztarren golari, Manexek, Unai Arcelusek eta Jon Otxoak eman zioten erreplika. Ea bide beretik jarraitzen duten!!
Eski.

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]