2008-05-12

Laskorainek 5 eta 4 gailendu zuen Gipuzsala Nogales bigarrena eta hirugarren darrai sailkapenean

Hiru puntuz gain etxekoen duintasuna eta kanpokoen ametsa jokoan zituen derbiak berebiziko ikusmina piztu zuen eta Jorge Ballesteros zeremonia zuzendari zuela Gipuzkoako areto futbolaren kremaren krema bildu zen larunbat arratsean Usabalera. Txapelketako hirugarrenaren eta bigarrenaren arteko neurketak derbiek izan ohi dutena izan zuen, emozioa eta intentsitatea soberan eta jokoa faltan eta garaipena -5 eta 4- izaera eta tenple gehiago erakutsi zuen Laskorainentzat suertatu zen.

Urduritasuna menderatu ezinda edo, lehen zatian batez ere joko traketsa erakutsi zuten bi taldeek; baloi jabetza motzak, akats eta etenaldi asko eta jarraipen gutxiegi jokoan. Oztopoak sahiesteko prestuago beharbada, joko mota hau horitxoentzat izan zen mesedegarri eta atsedenaldira 2 eta 0 iritsi ziren aurretik, Saldiasek penaltiz eta Zabalak kontraerasora sarturiko golei eskerrak.

Bigarrenaren hasieran, neurketak kontrolpean zirudienean etxekoentzat, astigarragatarren estraineko gola etorri zen, ikusgarria bezain txiripazkoa, eta zorte kolpe honek partiduan sartu zituen leporaino. Ondorenean, igoeraren ametsaren indarrarekin, estu hartu zituzten tolosarrak eta markagailuari itzulipurdia eman zioten merezimendu osoz, 2 eta 3.

Baina ikastolakoek ez zuten amore eman, eta berriro berdindu zuten neurketa Barriola aztiak kornerreko estratejian takoiez sartutako golari esker. Berdinketa nahikoa ez eta segidan, Gil TDIk, bere motor ahaltsuaren zaldi guztiak lanean ipini eta 4 eta 3-koa sinatu zuen jokaldi pertsonalean. Izaera kontua.

Azken minutuetan Gipuzsalakoek beraien azken ahalegina egingo zuten eta horitxoen huts bat aprobetxatuaz launakoa ipiniko, baina garaipena behar zutenez atezain jokalariaren estratejia erabiltzea erabaki zuten. Momentu erabakior horretan, tenple kontua zenean guztia, panderetak lapurtzeko adina tenple duen Saldiasek egin zuen garaipenaren bosgarrena, den golegile eta irabazle ase ezinari dagokion moduan.

Partida amaieran, ikastolakoen poza zapuztu nahian, batek baino gehiagok irabazten utzi ez izana leporatu zien laskoraindarrei. Salaketa honen egileek badute garaia kirolari eta lehiaketari merezi duen errespetua erakusteko eta badute garaia batez ere hamabost denboraldi luzez kanpoko laguntza bat bera ez eta lana, ilusioa eta duintasuna franko pilatu dituen eskudo horitxoari merezi duen errespetua erakusteko.

Txapelketako talde guztien aurka punturen bat eskuratuta, 60 punturekin -aspaldi ez zen zifra borobil honetara iristen taldea-, hirugarren darrai Laskorainek jardunaldi baten faltan eta dagoeneko denboraldi amaierako ospakizunetan hasi dira pentsatzen Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Arribillaga, Amatriain, Telletxea, Barriola, Saldias –haserako bostekoa-, Telleria, Otxoa, Gil, Murgi, Zabala, Zubillaga eta Domentxe jokalariak.
Eski

1 comentario:

Barrimor dijo...

Aupa ekipo!

Guk gurea egin genuen, gogotik saiatu eta gure lagunen aurrean garaipen polita eskuratu.

Emaitza horrek dakartzan ondorioak ez dira gure erruz izango.

Gainera, Gipuzsalakoek joanekoan irabazi ziguten bezela irabazi eta gero zioten bezelaxe "pero a pesar de todo, hay buen rollo entre los equipos". Espero dut, oraindik ere berdin pentsatzen jarraituko dutela...

Gora Laskorain!

pandereeeeta... Zorionak eta eskerrikasko Eski horrelako kronika bikainak idazteagatik.