2008-09-29

Laskorainek 3-2 galdu zuen 2008-09 denboraldiko lehen partiduan

Duela bost aste hasitako aurredenboraldi lanpetsu eta gogorrari jarraipen egokia emateko aukerari ihes egiten laga zion Laskorain areto futbol taldeak larunbatean, Lezoko Bekoerrota polikiroldegian Aierru Algeposa aurkariaren kontra esku hutsik bueltatu izanaren ondorioz.

Egindako merezimenduei erreparatu ezkero, Alonsoren mutilek larregizko zigorra jasan zutela esan genezake, izan ere, makina bat abagune gardenen jabe izaki, tolosarrek norgehiagokaren kontrola eraman bait zuten behin eta berriz. Dena den, kirol honetan puntuak ez dira zirraren arabera banatzen eta etxekoek, izandako aukerei etekin bikaina ateratzen jakin zutela aitortu behar da.

Partida maldan gora ipini zen estraineko minutuetan, horitxoek 2-0-eko kezkagarri batekin oldartu behar izan bait zuten hasieran oparitutako bi golen ondorio legez. Tolosarrek ez zuten inungo momentutan amorerik eman eta arerioaren atea inguratzeko erabakia hartu zuten, ondorio legez hamaika aukera garbi sortuaz atezain lezotarraren aurrean. Baloiak ordea, birritan soilik sartu nahi izan zuen sare barruan eta 2-2-ko emaitzarekin aldagelaratu ziren bi taldeak. Saldias eta Telleria izan ziren golegileak.

Bigarren zatiko lehen minutuetan bi taldeen indarrak parekatu egin ziren, Aierruk zein Laskorainek markagailua desorekatzeko aukera nabarmenak garatu zituzten, baina txanpona Lezotarren aldean erori eta minutu baten faltan epaileak adierazitako hamar metrotako jaurtiketa bati esker puntuak Bekoerrota polikiroldegian geratu ziren.

Porrot honek ez luke taldeak aurredenboraldian hasitako bide ona zapuztu behar. Yustos, Domentxe eta Arribilaga baja suertatu diren arren, atezainaren posturako, Endika gaztea eta aski ezaguna den Mikel Sanz atxekitu zaizkio taldeari. Bestalde eta jokalari moduan, Lander Camio “hegal-pibota” izango du Alonso entrenatzaileak bere aginduetara. Bermazko betegarriak inungo zalantzarik gabe beraz, tolosarren lerroetan aurten arituko direnak.

Datorren astean Ancla Dosampor bizkaitarrak, hots, Nazional B mailako egungo liderrak, bisitatuko du Usabalgo polikiroldegia, aurtengo lehen 3 puntuak etxeko zalegoaren aurrean batzeko asmotan kantxaratuko dira Alonso entrenatzailea, Javi delegatua, Sanz, Telletxea, Saldias (1), Gil, Barriola, Murgi, Zabala, Camio, Telleria (1), Joniko, Endika eta Amatriain taldekideak.
Amatriain

1 comentario:

sparrow dijo...

Animo mutillak!!!hau hasi besterik ez da egin!!

JO TA SU