Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Laskorainek nagusitasunez gainditu zuen Orioko taldea 5 eta 2

Bisitariek horrela eskatuta igandean angelusaren orduan jokatu zuten Usabalen Laskorainek eta Oriokok denboraldiko azken derbi gipuzkoarra. Horitxoek jokoan ezer ez zuten arren derbiak bazuen erakargarritasunik, kostakoak jaitsieraren mamua behin betirako urrundu nahiean lasaitasunaren garaipenaren bila baitzetozen Usabalera.

Neurketa ez zen batere samurra suertatu ikastolakoentzat. Aulkitxoan sakontasun gehiago zutenaren jabe, Alonsoren mutilak derbiari erritmo altua ipini zioten, laukoteak txandakatuaz baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena bereganatuaz, baina aurrean, betiko lepotik burua, Orioko arrokatsu batekin topatu ziren. Telletxearen gol azkarrak ere ez zuen erraztasunik sortarazi eta atsedenaren aurretik kontraerasoan banakoa egin zuten oriotarrek.

Bigarren erdiaren hasiera lehen zatiaren klon bat izan zen. Jokoan jaun eta jabe horitxoak berriro aurreratu ziren Barriolak jira-bira batean sartutako gol eder bati eskerrak, baina minutu gutxitara bisitariek binakoa ipini zuten berriro kontra batean. Beste behingoz denboraldi guztiko komeria zuten laskoraindarrek: jokoan erakusten zuten nagusitasuna ezin markagailuan islatu, alegia.

Igandean ordea ez zen partida gehiago okertu eta jokoa orekatu, horitxoen konfiantza gainbehera hasi eta oriotarren itxaropenak biderkatu aurretik, unerik egokienean, Barack Telleriak hirugarrena sareratu zuen ikastolakoak orain bai betirako aurreratuaz.

Golaren ondorengo minutuetan eta partidaren hondarrean ez zen gehiegi sufritu gainera, zer esan handia izan zutelarik Saldias kapitainak eta Telletxea areto futbol katedratikoak. Betirako gaztaroan diruditen bi rockero zaharrek laugarrena eta bosgarrena sinatu zituzten 5-2 azken emaitza igoaraziaz markagailura.

Etxeko lanak ederki betetako sentsazioarekin irten ziren Usabaldikan Javi delegatua, Alonso entrenatzailea eta Endika, Telleria, Amatriain, Barriola, Telletxea, Lander, Murgi, Gil, Zubillaga, Saldias eta Otxoa jokalariak.

Aipatu amaitu aurretik Javi eta Andoniren filialak 2 eta 1 galdu zuela liderraren aurrean baina igoerarako play-offean sartzeko aukerak indarrean dirauela. Hain zuzen, aste honetan izango du hil ala biziko partidua 2king-uak taldearen aurka.
Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]