Full width home advertisement

Post Page Advertisement [Top]

Lider ipini da Laskorain Santurtziri 3 eta 1 irabazita

Txinpartak atera zizkion Laskorainek Pilarika asteburu luzeari. Igandean, anjelusaren orduan jokaturiko partidan, azkeneko bi denboraldietan Nazional A mailan parte hartu duen Santurtzi taldea menderatu zuen eta txapelketako lidergoa eskuratu hiru jardunalditan hirugarren garaipena erdietsi ostean.

Neurketak ez zuen hutsik egin. Santurtziarrak, maila bat gorago pilatu duten eskarmentua lagun, Usabalera hiru punturen bila kantxaratu ziren lotsagabe eta batere etenik gabe berrogei minututan zehar oso goran egin zuten presioa, baloiaren jabetzaren bila batetik eta horitxoen hutsegitearen zain bestetik.

Ikastolakoek aldiz sasoi betean ekin diote txapelketari eta presioa presio ederki asmatu zuten baloiari eusten, batetik bestera dotore mugituaz jokalarien mugimendu etengabeei eskerrak. Galerarik gabe apenas, presioa dezentetan lortu zuten gainditzea, baina egia da ordea santurtziarren ate aurrera behar bezelako indarrik, puntxik edo argitasunik gabe iritsi zirela; baina bizkaitarren lanari ere bere meritua eman behar zaio.

Kontuak kontu, eta aurtengoan orain arte beti gertatu den bezelaxe, horitxoak izan ziren partida hasieran markagailua estreinatu zutenak, txapelketa hasiera harrigarria burutzen ari den Lander Camioren golarekin. Honek noski ez zuen partidaren gidoia ezer aldatuko baina hamar minutu beranduago santurtziarrek lortutako banakoak ere ez, aipatu bezela beraien presioak berean iraungo baitzuen aurrerantzean ere.

Atsedenerako bi minuturen faltan, astean zehar boloetan futbolean baino gehiago aritu omen den Telleriak bigarren zutoinera bidalitako harritzarra, pasea ezin deitu, Barriola kapitainak bularrarekin, harmarri horitxoarekin zioen berak, gol bihurtuko zuen tolosarrak berriro ere aurretik ipiniaz.

Ondoren 2 eta 1-ekoak bigarren zati ia guztian iraun zuen, nahiz eta gol aukerak bi ateetan izan. Aipatu Endikaren baja zela eta titular izan genuen Urko Alonso atezainak geldiketa oso garrantzitsuak egin zituela, laskoraindar protagonista nagusietako bat bihurtuaz.

Azken minutuan, santurtziarrak atezain jokalariaren jokaldia egiten hasi zirenean, etorri zen etxekoentzat lasaitasunaren gola, Landerrek sinatu zuelarik hirugarren hau ere. Lau golekin laskoraindar pitxitxia dugu Lander.

Oso gustura ospatu zuten garaipena eta lidergoa Txinparta elkarte jatorrean, Javi delegatuak, Jorge, Javi eta Imanol prestatzaileek, eta Urko, Telleria, Barriola, Murgi, Lander –haserako bostekoa-, Alonso, Iñigo, Ekhi, Gil, Otxoa, Zabala eta Aratz jokalariek.


Eski

No hay comentarios:

Bottom Ad [Post Page]