Azken lau
jardunalditan hirugarrengoz berdinketa bat erdietsi zuen Laskorainek kalderero
egunean. Siberiar hotz boladaz mozorrotu zaigun inaute atarian Aragoiko
hiriburura higitzea egokitu zitzaien ikastolakoei, sailkapeneko zuloan bizi den
Confort Coloren kantxara eta banako berdinketa gazigozoarekin itzuli ziren
Tolosara zartagiak astintzeko beta nahikoarekin.
Sailkapeneko
estutasunek eraginda, horitxoak erreakzioaren ahaleginetan dabiltza aspaldi
honetan eta garaipenik ez eskuratu arren azken asteotan ahalegina ez da antzua.
Egia berdinketaren puntua opari txiroa dela garaipenaren hiruekin alderatuta,
baina taldeak hiru pilatu ditu lau neurketetan –laugarrena ez zen urruti ibili-
eta berriro lehiakor ageri da, defentsa lana serioari esker batik bat. Garaipen
batekin -ea datorren jardunaldian- emaitza arratxa on batetaz jardungo genuke.
Egia esan,
larunbatean Zaragozan, bi taldeak kantxaratu ziren erreakzioaren bila
–premiazkoagoak ziren puntuak etxekoentzat izan ere- eta neurketa trabatu
bezain orekatua ikusi genuen. Honelakoetan sarri gertatzen den moduan defentsak
nagusitu ziren eraso jokoaren aurrean eta gol aukerak oso garesti banatu ziren.
Markagailuan
aragoitarrak aurreratu ziren lehen erdiaren ekuadorrean eta giltzarria hortxe
egon zen, gol honek ez baitzuen jokoaren bilakaera ezertxo ere aldatu, laskoraindarrek
burua hotz lanean serio jarraitu baitzuten defentsa deskuidatu gabe, partida
ireki gabe.
Minutu asko
izan ziren markagailuan azpitik, minutu asko presaren ibilbidea prezipitazioaren
bidezidorrarekin ez dela nahastu behar ulertzeko eta minutu asko antsietatea
konzentrazioan eta lanerako konpromezuan bilakatzeko. Horitxoek bikain gainditu
zuten test gogor hau eta amaierarako bost minuturen faltan Jonikok behin betiko
banakoa sartu zuen, azken minutuko etxekoen atezain jokalariak ere kanbiatuko
ez zuena.
Beraz, puntu
bat eta ikasgai garrantzitsu batzu gehiagorekin itzuli ziren Tolosara Javi
delegatua, Javi BCE, Aitor UE eta Jorge FMI prestatzaile “troika” salbatzailea
eta Endika, Telleria, Gil, Murgi, Otxoa, Zubillaga, Txiki, Diez, Etxeberria,
Alonso eta Aratz jokalariak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario