2014-01-22

Laskorain hirugarren darrai Billabonan erdietsitako garaipenari esker (4-7)

Basauriko garaipenaren ostean, Aitorren mutilak argi zuten aste hontako partiduak ez zuela zer ikusirik izango aurreko norgehiagokarekin, beraien aurrean, horrenbeste buruhauste eragin dizkien Billabonako Egintza taldea izango baitzuten.

Arratsaldeko lehen gola Egintzak lortu zuen, baina berdinketa segituan ekarri zuen Lakunzak jokaldi polit baten ostean. Aitorren mutilak azkar konturatu ziren aurkariari errespetu handiz jokatu behar zitzaiola, eta horrela Gilek, area barnean jasotako aldaratze bati esker, aurretik jarri zuen Tolosako taldea.


Olaederra kiroldegira inguratu zen zalegoak joko polita ikusteko parada izan zuen eta horren ondorioz binakoa lortu zuten etxekoak korner bati esker. Ez zen, halare, lehen zatiko azken gola izan, laskoraindarrak Jonikoren urruneko jaurtiketa baten bitartez, 2-3koa ipini bai zuten atsedenaldira joan aurretik.

Hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua zela argi zuten bi taldeak eta horrela gogotsu atera ziren bigarren zatian kantxara. Egintzaren arratsaldeko une indartsuenak iritsi ziren, kanpoko jaurtiketa eta joko bikainari esker, minutu eskas batean buelta eman zioten markagailuari, 4-3koa lortuz.

Ausnarketa egiteko unea iritsi zen horitxoentzat, garaipena lortu beharra zegoen, argi zuten talde ona zutela beraien aurrean, baina inola ere ez zuten partidua bertan behera uzteko asmoa, eta horrela hasi ziren beraien jokoa ateratzen. Arratsaldeko protagonista bihurtu zen Aratz atezainak egindako geldiketa bikainei eta Mansok lortutako golari esker, partidua berdindu egin zen.

Tolosarrak presio oso on bati esker, baloi asko lapurtzen ari ziren eta horrela Murgiri eginiko falta bat, 10 metrotako jaurtiketa batean bihurtu zen, billabonatarren 6.falta baitzen. Lakunza izan zen berriro ere Egintzaren ateko sarea zulatu zuena 4-5ekoa markagailuan jarriaz. Dirudienez, bere zapatilak erraz galtzeko gaitasuna duen mutil honek, golak sartzeko gaitasuna ere badu.

Billabonatarrak atezain-jokalaria atera zuten, eta berriro ere Aratz atezain laskoraindarraren une ikusgarrienak ikusi genituen, ziurrenik larunbat gauetan bere aldaken mugimendu horiek balio handikoa izango zitzaizkiola pentsatu zuen, eta horrela ikusi ahal izan zuten Olaederra kiroldegira hurbildu ziren ikusleak. Bere geldiketak bata bestearen atzetik etortzen ziren.

Defentsa sendoa erakutsi zuten Aitorren mutilak atezain-jokalariaren aurrean eta Etxebek, lehenik eta behin bere kanpotik botatako jaurtiketa batekin, eta ondoren Zumetak, era berean sartutako sareratzeekin eman zioten partiduari behar zuen amaiera.

Larunbatean Olaederran hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu zituzten, Aitor entrenatzailea, Javi delegatua, Aratz, Murgi, Gil, Josu, Zumeta -haserako bostekoa- Etxebe, Joniko, Manso, Lakun eta Mendi. Zorionak mutilak!

No hay comentarios: