2015-01-15

Berdinketa Laskorain eta Intxaurrondoko Inter taldearen arteko partiduan (4-4)


Azken denboraldietan mamu beltza bilakatu den Intxaurrondoko Inter taldearen bisita jaso zuen larunbat arratsaldean Usabalen Laskorain taldeak.  Arerio gogorrari eta taldeak dituen jokalari lesionatuekin aurre egin behar izan zion partiduari puntu baliotsu bat lortuz.

Partidua Interren baloi jabetzarekin hasi zen, Laskorainen zonakako defentsa gainditzeko espreski diseinatutako eraso posizional bat jorratuaz. Tolosarrak ordea, ondo kokatuta zeuden beraien kontraeraso aukera noiz iritsiko zain. Minutuak pasa ahala partiduaren erritmoa jaitsi egin zen eta errespetua nagusi zen kantxan. Horrela, presiotik gaizki ateratako jokaldi batean donostiarrek arratsaldeko lehen gola egin zuten. Aurreko urteetan ez bezala, taldearen animoa ez zen jaitsi eta lanean jarraitu zuten berdinketaren bila, Jonikok asmatu zuelarik bigarren zutoinean jasotako pase baten ondorioz.
Atsedenalditik bueltan, Aitorren taldeak argi zuen 20 minutu luzez borrokatu beharko zuela jokoan zeuden 3 puntuak etxean geratzeko. Ikastolakoak aukerak pilatzen hasi ziren pixkana, baina, punteria faltak batzuetan eta kanpoko atezainaren geldiketa onen ondorioz besteetan, ez zuten asmatzen markagailua mugitzen. Arratsaldeko minutu onenak ziren etxekoentzat, baina, askotan pasatzen den bezala, kanpoko taldeak falta bat baliatuaz eta kontraeraso batean, bere aldea handitzea lortu zuen 1-3ko arriskutsu bat ipiniaz.
Berriro ere atzetik zen taldea eta lanerako buzoa jartzeko garaia zen, aurten inoiz baino hobeto lehiatzen ikasi duen taldea dela frogatuaz. Horrela, larunbatean kapitainaren besokoa zeraman Jonikok aldea murriztea lortu zuen taldearen animorako. Ez zuen asko iraun pozak, izan ere, 10 metroetatik egindako jaurtiketa baten ondorioz Intxaurrondokoek 2-4ko emaitza kezkagarria lortu zuten.
Bi aldiz pentsatu gabe, Aitorrek atezain-jokalaria ipini zuen eta ezin hobeto atera zitzaion apustua. Izan ere, bi jokalditan eta Lakunen bina goli esker, partidua berdintzea lortu baitzuen, astean zehar egindako lanak eta pizarrak bere fruituak ematen dituela frogatuaz. Minutu eta erdi geratzen zen eta atezain-jokalariak emandako errendimendua ikusirik, partiduaren bila joateko agindua eman zuen entrenatzaile tolosarrak baina markagailua bere horretan geratuko zen.  
Puntu bat zakuan eta lider bezala bisitatuko du aste honetan orain arteko liderra eta bigarren sailkatua den Durangoko Sasikoa. Larunbatean Usabalen izan ziren, Iker, Beñat, Etxebe, Lakun, Joniko –haserako bostekoa-, Katta, Mendi, Zumeta, Xabat, Manso eta Eñaut jokalariak, Aitor eta Javi entrenatzaileak eta Javi delegatua.
Bestalde, oinarriko taldeen artean, Nazional jubenilek atseden dute hilaren 24arte eta gainontzekoek arerio gogorren aurka aritu behar izan dute pasa den asteburuan emaitzetan erreparatu daitekeenez:
Lurraldeko 2. Maila: Samaniego Orixe 4 – 2 Laskorain
Nazional ohorezko mailako jubenila: Atsedena
Lurraldeko jubenila: Laskorain 3 – 3 Zaldibia
Lurraldeko kadetea: Laskorain 2 – 3 Arizmendi

No hay comentarios: